Azkoitia Bai herri plataformak urtarrileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko urt. 30a, 09:16

Hilero bezala, hemen uzten dizuegu idatziz urtarrileko ohiko osoko bilkuran Azkoitia Baik esandakoa eta bozkatua. Oraingoan, gainera, esandakoa argitzeko pare bat eranskin txertatu ditu herri plataformak.

1.- Aurreko bilkuretako akten onespenak, hala badagokio.

Ados. Ordenantzen plenoko akta mahai gainean uztea erabaki da.

2.- Azkoitiko 10 HE Txalonerreka ekialdea 10 sektoreko 10.3 subpartzelaren xehetasun azterlanaren behin betiko onespena.

2007 eta 2008 urteetan udalak hartutako erabakien arabera, Munok egin behar dituen etxebizitza horietan, bi bloke horietako bat mugitzea da hemen onartuko dugun aldaketa. Informatu gaituztenez, gasa daraman tutu bat pasatzen da hurbil, eta hoditeria hori libratzeko intentzioarekin egin nahi den aldaketa da. Aldaketa horri ez diogu inongo arazorik ikusten, eta gure baietza emango diogu.

Abenduko erabakia:

Nolanahi ere, ez pentsa orain berehala Azkoitia Lantzeneko gaiekin ados gaudenik. Gaur plenoan tratatu duguna 10.3 subpartzela da, baina aurretik 10.1 subpartzela dago. Eremu horretan ere Munok etxebizitzak eraikiko ditu, eta hori ahalbidetzeko, 2025eko aurrekontuetan eremu hori urbanizatzeko kreditu konpromiso bat onartu berri da udalean gure aurkako botoekin.

3.- Azkoitiko kale garbiketa zerbitzua emateko kontratuaren esleipenaren onespena.

Kontratazio mahaian inork ez du eragozpenik jarri, eta guri ere eman beharreko pauso denak ongi eman direla iruditzen zaigu. Beraz, baietz bozkatuko dugu.

Aurrera begira:

Plenoan ez dugu aipatu, baina 2025ean Elkarguneko kudeaketaren lizitazio berria nola atera erabaki behar dugunez, udal talde edota alderdi guztion adostasuna lortuko bagenu, ondoren kale garbiketarekin jarraitu dezakegu. Lau urte barru lizitazio berria egin behar denean prest egoteko, bai enpresa pribatu bati berriro esleitzeko, bai udaletik zuzenean kudeatzeko.

4.- Behin betiko onespenen berri ematea.

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

6.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide