1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
Aurrekontuetan alderdi denok onartu genuen mugikortasun plan baten beharra, baina dirudienez ez genuen behar adina diru jarri. Agian plana idatzi aurretik, eta herriko eskariak kontutan hartuta, aparkaleku gehien falta diren auzoetan, mugikortasun plana baldintzatu gabe, pintaketa lantxo batzuk eta obra txikiren bat egitea egongo da, baina egungo egoera aztertzea esan bezala derrigorrezkoa dela esango genuke. Dokumentuen digitalizazioan eta memoria historikoan hurrenez hurren 2.000 eta 4.000 euro jartzeko prest. Argindar eta gasak eginiko gorakada dela eta 100.000€-tik gora jarri beharra dago badaezpada. Azokan egin beharreko obretan dirua falta zela eta atzerapen gehiago izan ez zedin, 100.000€ jarri genituen alde zaharra suspertzeko partidatik, orain, gerakinetik, bere tokira bueltatzea dagokigu. Udalak lokalak dituen eraikin batean igogailua jartzea aurreikusten dute eta ez gara izango gu hori oztopatzen dutenak. Eta azkenik Floreagako hurrengo igogailuan 1.000.000€ inguru beharko dira eta Gipuzkoako Urak, auzo berean, obra batzuk egitera doala aprobetxatuz, beste 145.000€ jarriko ditugu.
Dagoeneko gerakina erabilgarri dugu eta kontzeptu hauetan erabiltzea ondo iruditzen zaigu, beraz, baietz bozkatuko dugu.
3.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen onespena.
“EURRE TA TXAPIE” Azkoitiko euskaran, Holz und Blech bezala ezagutzen dugun kultur egitaraua gero eta indar gehiagoa hartzen ari da. Aurten burutuko diren ekintzen dirulaguntza jartzea falta dela dirudi, eta partida tokitik aldatuz, gure partetik behintzat, aurreikusitako dirua jartzeko inongo eragozpenik ez.
4.- Zubiaurre-Elkargune Institutuko kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Teilatuan itokinak konpontzeko, eta segurtasunak horrela agintzen duela suposatzen dugulako, bizitza linea jarri beharko da bai ala bai . Pilates, saski baloi eta telekomunikazio geletan, eta igerilekuko armairuan aldakuntza batzuk egitea ere aurreikusten da. Guk ez diogu aparteko eragozpenik ikusten, beraz baietz bozkatuko dugu.
5.- 2023-2025 Azkoitiko udaleko dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2024ko bigarren aldaketaren onespena.
Udalak ematen dituen diru laguntza denak plan estrategikoan txertatu behar direnez, aldaketa bakoitzean berriro onartzea tokatzen zaigu, eta gure adostasuna duzue.
6.- Janire Igoa Merinok, Iraurgi Lantzen, S.A.-ren Administrazio Kontseiluko, Zubiaurre- Elkargune Institutuaren Kontseiluko eta Antonio Oteiza Fundazioko ordezkari gisa izateari aurkeztutako dimisioaren onespena.
Dirudienez Jaurlaritzako hauteskundeetara aurkeztea eta udal erakunde hauetan kargua izatea ez da bateragarria. Dena den aukeratua ez bada, berriro kargu hauek hartuko dituela dirudi, eta bere alderdi politikoak gure udalean beste ordezkaririk ez duenez, horrela beharko du, eta guk ez diogu eragozpenik jarriko.
7.- Azkoitiko Udala eta Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 2023ko aurrekontuaren likidazioaren kontuhartzailetza txostenen eta Alkatearen dekretuen berri ematea.
8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9.- Galde-erreguak.