1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados
2.- Azkoitiko bandera ofizialaren hasierako onespena.
Udaletxe honetan ondareaz arduratzen den zinegotziak baino gehiago ez dut uste beste inork jakingo duenik. Beraz, bere ikerketek Azkoitiko Bandera gorria zela badiote, guk ez dugu zalantzan jarriko eta horrela onartzearen alde egingo dugu.
3.- San Jose Egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioaren hasierako onespena.
Gure ustez ez da une egokia desafektazio hau egiteko. Badakigu Aldundiarekin hitzarmen bat sinatu genuela, baina ordutik, eta batik bat azken hilabeteetan, hainbat kexa jaso dugu eta bai langile eta bai egoiliarren arabera azken urteetan, eskumena Aldundiak hartu duenetik, zerbitzuak okerrera egin du eta behar bada orduan hartu zen erabakia ez zen erabakirik onena izan, edo bestela, erabakia hartu ondorengo bidea da, ez dena ondo egin.
Horrelako erabaki bat hartu aurretik, bertako langile eta egoiliarrekin sakonki jorratu beharreko gaia da eta horixe egiteko unea dela deritzogu.
Udal teknikariek eskumena Aldundiarena dela esaten badute guk ez dugu zalantzan jarriko, baina gure herritarren ongizatea jokoan dagoen heinean, gure parte-hartzea ezinbestekoa da eta denon artean, kudeaketa horren kalitatea bermatzera eraman beharko gintuzke eta horrela gertatzen ez dela jakiteak, eskumen hori aldatzen saiatzera, hau baita gaur egun bertako egoiliar eta langileek azken egunetan eskatu diguna.
Beraz, denon onerako, bertako herritarren eskaria, ahal den heinean, eskumena berriro herrira bueltatzea bada eta tratatzen ari garen puntu honetan hartu nahi den erabakia guztiz kontrako bidea delako, gure taldeak ezezkoa emango dio.
4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 6 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
Artatutako pertsona kopuruak gora egin badu eta hain beharrezkoa den etxez-etxeko laguntza emateko diru kopuru bat falta bada, guk ez dugu eragozpenik jarriko.
5.- 2022rako Taxi tarifen onespena.
Beraiekin egindako bilkuran inork ez badu oztoporik jarri eta tarifa berriekin beste herrietako ordezkari guztiak ados agertu badira, guk ere baiezkoa emango diogu.
6.- EAJ/PNV eta EH Bildu udal taldeek aurkeztutako mozioa: Salba dezagun Sultana Jayaren bizitza
Badakizue, gu, mozio/adierazpenak, idatzi bat irakurri eta besterik gabe onartzearen aurkakoak garela. Batzorde/bileretan gaia jorratu eta gure herriak ze ekarpen egin dezakeen aztertu beharko genuke. Horrelako mozioekin askotan gaiari, ekarpenik egin gabe, bukaera bat ematen zaionaren errezeloa ere badugu eta herritarrengana iritsi gabe ematen zaiola amaiera. Guk beti bezala gure taldekideak informatuko ditugu eta orain egun gutxi Zumaitar baten postari erantzun diodan bezala, nik neuk, elkartaratze batera joateko ez dut inongo eragozpenik eta bai taldekideak eta bai herritar oro animatuko nuke, baina esan bezala, horrelako mozioen aurrean, beti bezala gure ezezkoa.
7.- Alkatearen ekintza planaren berri ematea.
8- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9- Galde-erreguak.