Gaueko taxi zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko mar. 12a, 13:21

2020ko urtarrilaren bukaeran, dagoeneko urtebete pasata, herritar batek izandako arazoa iritsi zitzaigun.

Gurasoak Euskal Herritik kanpo bizi zituen. Horietako bat gaixo zegoela, une batetik bestera larri jarri zen eta gaixoaren emazteak momentu horretan Azkoitian bizi zen alabari laguntza eskatu zion. 01:00 ingurua zen, eta aurreko gaua txarra pasatu zuelako, eta noski, egun osoa lo egin gabe, ez zen ausartu bere autoa hartzera. Berehala taxiren bat aurkitu nahirik, telefono deiak egiteari ekin zion, baina lortu zituen herriko taxi telefono guztietan ez zuen erantzunik jaso. Donostiako taxi zerbitzura ere deitu zuen, ea handik norbait etortzeko prestatzen zen. Beraien eremua Donostia zela adierazi zioten, eta erantzun zioten ezin zutela Azkoitian bezerorik artatu. Arazo larriari ezin irtenbide egokirik eman XXI. mendean. Zer nolako inpotentzia!

Orduan, guri jakinarazi zigun gertatutakoa, eta gure zinegotziak hainbat batzorde eta udal bilkura daramatza gaia aipatzen. Gaur egun, urtebete ondo pasatuta dagoen une honetan, oraindik ez dugu erantzun garbi bat jaso. Badirudi gaueko zerbitzua eskaini beharra dutela eta horretarako udalak telefono bat utzi ziela… Halere, erantzun zehatzik ez digu inork eman oraindik, ezta guk herritarrari ere. Ea hurrengo batzorderako berriren batekin harritzen gaituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide