Urteak daramatzagu alderdi denontzat estrategikoak diren bi proiektuak bultzatzen, alde batetik igerileku berria eta bestetik, gure taldeak garrantzia berezia eman dion, Floreaga auzoko irisgarritasuna bermatuko luketen igogailuena.
Badirudi izurrite garai hauek ez direla egokienak horrelako proiektuak gauzatzeko, baina bestalde, ezta bertan behera utzi eta ahazteko unea ere. Orain espero onartuko den mailegu eskaera eta 2021ean eskatzeko asmoa dagoenarekin, proiektu hauei bultzada handi bat emateko gai izan gaitezke, beraz alde onak eta txarrak baloratu beharko ditugu.
Orain ditugun maileguak etorkizun hurbilean bukatuko zaizkigu. Udalak hartuko dituen konpromisoekin, orain ordaintzen duguna baino gutxiago ordaintzea tokatuko zaigu. Mailegua eskatzeko ere, momentu honetan, erraztasunak izango ditugu, nahiz eta plan finantzario bat egin beharko dugun, azken finean, betetzeko derrigortasuna kendu digutelako. Mailegua ordaintzeko epea ere ez zaigu gehiegi luzatuko eta proiektu hauekin alderdi denok ados agertu garenez, erabaki politiko honekin, ez ditugu hurrengo urteetan gobernuan egongo liratekeen beste taldeak gehiegi hipotekatuko. 2019ko gerakina ere erabilgarri izango genuke behar bereziren bat suertatuko balitzaigu.
Beraz, aurretik esan bezala, gaur egungo izurrite egoera eta mailegu bat eskatzeak ematen duten beldur puntu horiek baztertuz, alderdi positibo gehiago ikusten ditugu eta baietza bozkatuko dugu.