Gure Esku Dagori erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko urt. 15a, 13:23

Azkoitia Bai herri plataformaren erantzuna Gure Esku Dagori:

Badirudi, argitu denaren arabera, Gure Esku Dago (GED) taldeak alderdiei egin zigun eskariari, denok erantzun berdina eman geniola, eta hori ez da inolaz ere horrela izan. Gure taldea testu bateratu bat argitaratzearen alde azaldu da, baina gure jarrera ez da hor hasi eta bukatzen.

Gobernuko delegatuak udaletxetik emandako dirulaguntza salatu zuen, eta epai batek arrazoia eman zion, beraz, GEDk diru hori bueltatu beharra izan du. Udaletxetik dirua bueltatzeko eskaria egin zenean, dirulaguntza hori ematearen alde bozkatu genuen alderdiei, zerbait bueltatu beharko balitz, gure erantzukizuna zela adierazi ziguten GEDkoek, beraiek, esanda bezala erabili baitzuten diru hori. Azkoitia Bai herri plataformaren ustez jarrera hori normal-normala eta guztiz onargarria da.

Gure taldearen, hau da, Azkoitia Bai herri plataformaren idatzizko erantzuna honako hau izan zen, pertsonen izen/abizenak ezkutuan utziz:

Gabon:

Hasieratik erakutsi zuen gure zinegotziak, berari tokatzen zitzaion partea aurreratzeko prestutasuna, eta bai laguntza emateko orduan eta bai orain, gure hitza betetzeko asmoarekin jarraitzen dugu. 

Beraz, azken eguna bihar dela jakinik, bihar bertan luzatuko dizkio gure zinegotziak, bere ustez eta esan bezala, bere hitza beteaz, tokatzen zaizkion 2.000 euroen 1/16a, hau da 125 euro, zuen taldeko partaide den_____________-ri.

Dena den, agerraldi publiko bat komenigarria litzatekeela deritzogu, batipat herriari gertakariaren berri emateko, eta jakin horretarako ere prest gaudela. Besterik gabe, laguntza hau emateko orduan goraipatu genuen herri ekimena bultzatzeko prest gaituzue oraindik, eta animorik handiena injustizia momentu hauei aurre egiteko. 

Testua ulergarriago izateko: 2.000 euroko laguntza eman zitzaien eta 16 alkatek eta zinegotzik bozkatu genuen alde, beraz bakoitzari 125 euro jartzea tokatzen zitzaigun. Esan behar, baita ere, GEDk ez diola gure zinegotziak luzatu zion dirua jaso, azkenean nahiago izan dutelako eskaria herriari luzatzea. Beti bezala, kontu hauek argitzearen alde lanean jarraituko dugu eta udaletxeko beste zerbait jakitea nahiko bazenute, jarri gurekin kontaktuan azkoitiabai@gmail.com posta elektronikoan. Horretarako gaude.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide