Izarraizko karsten berri jaso dute mendizaleek Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren azken irteeran

Andoni Elduaien

Inma Mugertza geologoaren azalpenek lagunduta, dozenaka mendizalek baliatu dute Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoko azken irteera Izarraizko karstaz ezagutza pilatzeko. 

Anaitasuna mendi bazkunak eta Urola Bizirik natur taldeak elkarlanean antolatuta, Izarraizko karsta ezagutzeko ibilaldia egin zuten atzo, zapatua, dozena bat lagunek. Eguraldi makurra eginagatik, Izarraitz mendikateak dituen berezitasunak ezagutu nahi izan zituzten mendizaleek, eta gogotsu entzun zituzten Inma Mugertza geologoaren azalpenak. 

Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan egin zuten atzoko irteera. Mugertza hidrologian aditua da, eta Izarraizko karsta nahiz ur azpiko uren garrantzia nahiz funtzionamendua zein diren erakutsi zuen irteeran. Urola eta Deba ibaien artean dagoen Izarraizko karsta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da, interes berezia duten habitat naturalak gordetzen ditu eta.

Non eta nola begiratu asmatuz gero, iraganeko garaietako arrastoak ikus daitezke harrietan, hala nola Pirinioen sorrera, itsas mailaren gorabeherak edota duela hainbat milioi urte Kantauri itsasoan bizi ziren izakien berri. Kontu horiez eta bestelako hainbatez hitz egin zuen Mugertzak atzoko ibilaldian. Horrekin batera, azaldu zuen Izarraitz mendikatea leize eta kobazuloz jositako ingurua dela, eta han-hemenka urak ibilbide bitxiak egiten dituela, Erloko barrunbeak zeharkatuz.

Ibilbidearen amaieran, Xoxoteko aterpetxean elkartu ziren parte hartzaile guztiak, eta han egin zuten mokadua.

(Argazkiak: Anaitasuna mendi bazkuna eta Urola Bizirik)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide