Eguzki talde ekologistaren arabera, Urola ibaira zenbait hondakin arriskutsu isuri dituzte hainbat herritarrek, eta horren aurrean, Azkoitiko Udalaren eta Uraren Euskal Agentziaren protokoloaren "eraginkortasun eza" salatu du. Talde ekologistak nabarmendu du ibaiaren zenbait ubidetan hondakinak "etengabe" ari direla pilatzen, eta eremu horietan jarduteko eskumena duten erakundeei eskatu die hondakinak "berehala erretiratzea".
Eguzkiren arabera, zenbait herritarrek ibaira isuritako hondakin horiek ibai ertzetan "finkatuta" daude dagoeneko, eta horregatik, erakundeek ibaietan "ikuskapenik ez" dutela egiten salatu du, ezta halako materiala ibaitik ateratzeko lanak gauzatu ere. Horregatik, orain, hondakinak erretiratzeko lanak "modu kontrolatuan" egiteko eskaera luzatu du Eguzkik, toxikotasun eta arrisku handieneko elementuei "lehentasuna" emanez.
Uraren Euskal Agentziak eta Azkoitiko Udalak 2019an sinatu zuten lankidetza protokoloa ere hizpide izan du Eguzkik. Talde ekologistaren aburuz, akordio horrek "agerian" uzten du protokoloa ez zutela diseinatu "ibaiaren babes eraginkorra" bermatzeko, "funtzioen utzikeria kontziente bat" formalizatzeko baizik. "Justiziak erakunde publikoak beren ikuskapen, kontrol eta zigor eskumenak gauzatzera behartzen ditu, baina udalak eta Uraren Euskal Agentziak beren esku hartzea hondakinak erretiratzera soilik mugatzen den akordioa sinatu zuten".

"Gabezia nabarmenak"
Erakundeen arteko protokolo horrek "gabezia nabarmenak" ditu Eguzkiren arabera; izan ere, hitzarmen horrek erakunde publikoek izan behar duten zaintzarako eta ingurumen diziplinarako funtzioa "desbideratzea" eragiten du, eta horrenbestez, haiek "doako garbitasun zerbitzu bat baino ez" dute eskaintzen. "Hondakinak ibaian ikusi eta gero jarduten dute erakundeek haiek erretiratzen; alegia, hondakinak funts publikoak baliatuta biltzen dituzte. Hala, ibaia kutsatzen duenak gainerako herritarrei helarazten die hondakinak jasotzeak eragindako kostua, baina, praktikan, arau hauslearen inpunitatea babesten du".
Eguzki kexu azaldu da udalaren eta Uraren Euskal Agentziaren arteko hitzarmenak ibaietan "esku hartzeko denbora nahiz betebehar eraginkorrik ez" duelako. Taldeak adierazi du hitzarmenean ez zutela jaso erakundeek ez "hondakinak ibaietatik erretiratzeko egutegi zehatzik, ez hondakinak erretiratzeko gutxieneko maiztasunik, ez esku hartzeko gehienezko eperik". Halaber, talde ekologistak gogorarazi du udalak 2019ko otsailean iragarri zuela Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean plan bat idazteko asmoa zuela, baina, gaur-gaurkoz, herritarrek plana, haren edukia eta emaitzak "ezagutu gabe" jarraitzen dutela. "Prentsaren aurrean planak iragartzen dituzte, ondoren ahaztuta uzteko. Kudeaketa politikoa propagandan eta titular errazean oinarritu du udalak", salatu du Eguzkik.
Beste zenbait eskaera
Talde ekologistak erakundeei ikuskapen, ikerketa eta zigor mekanismoak "benetan" aktibatzea galdegin die, ibaia "kontrolik gabeko zabortegi bihurtzen dutenak" jazartzeko. Hala eta guztiz ere, bide horretan udalak eta Uraren Euskal Agentziak "talka" egiten duela uste du Eguzkik. Batetik, taldeak esan du Uraren Euskal Agentziari egozten diola udalak ibaiko esku hartzearen erantzukizuna, eta bestetik, udalak berak zabaltzen dituela zigor espedienteak. "Ibaian kalteak ezkutuan egiten direla eta erantzuleen aztarnari jarraitzea zaila dela justifikatu izan du udalak, hala zaintza eta ikerketa funtzioei inplizituki uko eginez".
Horren aurrean, gardentasuna eskatu die Eguzkik erakundeei. Ibaiaren ibilbidea garbitzea "beharrezkoa" da Eguzkirentzat, baina ibaien prebentzioa, kontrola eta erantzukizuna "ordezkaezinak" dira garbitasunaren aurrean. "Udalak espedienteak ireki ditzakeela eta dagozkion neurriak har ditzakeela baieztatzen badu, garden informatu behar du zenbat ikuskapen egin dituen, zenbat espediente bideratu dituen, zein izan den horien emaitza eta zer neurri hartu dituen isurketa berriak prebenitzeko". Eguzkik esan du garbitasuna egiteko horien guztien "jarduera osagarria" izan behar dela, "inoiz ez ikertzeko, zigortzeko eta hondakinak ibaira iristea ekiditeko alternatiba".