Espainiako Kopako bigarrenean ere huts egin dute

Nerea Uranga

Biele ISB taldekoak Azpeitiko kiroldegian jokatutako partida batean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Iraurgi saskibaloi klubaren gizonen talde nagusia Espainiako Kopa ari da jokatzen. Txapelketako bigarren neurketa ere galdu egin dute, Clavijoren kontra. Hurrengo norgehiagoka Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Biele ISBk, datorren larunbatean, 18:00etan, Huescaren kontra.

Biele ISBk pauso okerra ezin izan du zuzendu Espainiako Kopako bigarren neurketan. Atzo, igandea, Clavijo taldearen aurka neurtu zituen indarrak Gorka Atxalandabasoren taldeak, eta 75-60 galdu zuen. Partida nagusitasunez hasi zuen ISBren taldeak, baina bigarren laurdenean jaurtiketetan asmatzen hasi zen aurkaria. Atsedenera puntu bat aurretik iritsi arren, aldea handitu eta partida beregantu zuten Clavijokoek. 

Espainiako Kopako bigarren neurketa atzo, igandea, 12:00etan jokatu zuten Logroñon. Azpeiti-Azkoitiko taldea lehen laurdenean puntuak batzen joan zen, eta zazpiko aldearekin nagusitu zen (18-25). Bigarren laurdenean, ordea, Clavijo taldekoak gehiago izan ziren, eta puntu gehiago lortu zituzten, dena den, Iraurgikoak puntu bat gehiagorekin iritsi ziren atsedenera, 38-39.

Aldageletatik bueltan bigarren laurdenean hasitako dinamikak jarraitu zuen eta Clavijokoak gehiago izan ziren bi laurdenetan, 15-9 eta 22-12 eginda. Hala hamabost puntu aldearekin nagusitu zen Clavijo, 75-60.

Hurrengo neurketa Azpeitian

Espainiako Kopako lehen partida LogroBasket Logi7 taldearen kontra jokatu zuen hilaren 13an, eta 23 puntuko aldearekin (66-89) galdu zuten. Espainiako Kopako hurrengo neurketa datorren larunbatean, irailaren 26an, 18:00etan jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian Huescaren kontra.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide