Droga kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko lan egiten du Ailaketek. Nola?
Drogen arriskuak murriztea esaten dugunean, batzuetan kostatu egiten zaigu kontzeptua ulertzea. Izan ere, bizitzako beste edozein ekintzak ere izan ditzake arriskuak: hondartzara goazenean, eguzki krema ematen ez badugu erre egin gaitezke, eta bandera gorriarekin itsasora sartuz gero, orduan ere arrisku batzuk hartzen ditugu. Drogen arriskua murriztea ere halako praktikekin dago lotuta, hain agerikoa ez izan arren. Lehenengo egitekoa informatzea da: zer efektu izan ditzakeen, niretzat zein den dosi egokiena, arrisku seinaleak zein diren, zer konposizio duen… Izan ere, droga merkatu beltzetik datorrenez, ez dago bermerik jakiteko erositakoa benetan al den eskatutako hori.
Bestalde, diskurtso horri laguntzen dion materiala ere banatzen dugu: alkoholimetroak, esnifatzeko turutak, kondoiak, lubrikatzaileak, zigarro filtroak, seruma…
Besteak beste, festetan ibiltzen zarete droga analizatzen. Zein izaten da giro horretako argazki orokorra?
Zaila da argazki orokor bat egitea, herri bakoitzak eta festa bakoitzaren ezaugarriek asko baldintzatzen baitituzte ibiliko den jendea eta kontsumoak. Musika elektronikoari lotutako festetan substantzia batzuk ikusten dira, eta arratsalde batean Irunera joanez gero, esaterako, haxixa da nagusi. Batean eta bestean giro desberdinetako pertsonak daude, profilak askotarikoak dira.
Herritarren artean jakin-mina pizten al du Ailaketek festetan jartzen duen furgonetak?
Ailaketek datorren urtean 25 urte beteko ditu, eta beraz, zerbitzua ezaguna da dagoeneko askorentzat. Horiek asko estimatzen dute gure zerbitzua, eta aldiro jotzen dute gugana. Horiengana iristea erraza da, dagoeneko lotura egina baitugu. Beste batzuek ez dakite ezer gutaz, eta batzuk gerturatzen dira kuriositatez, besterik gabe, zer den ikustera. Izan daitezke drogen erabiltzaileak edo beste edozein, eta batzuk animatzen dira droga analizatzera. Horrez gain, festetan askotan ikusten ditugu euskal herritarrak ez direnak, baina gurearen gisako zerbitzuak ezagutzen dituztenak. Antzeko beste erreferentziak izanda, atzerrian ere halako zerbitzuak erabili badituzte, hemen ere animatzen dira analizatzera. Finean, jendeari ez zaio asko kostatzen duen droga analizatzeko pausoa ematea, jakin nahi izaten du zer osagai dituen.
Elkarteak mende laurden egin behar duen honetan, kontsumoan ikusi al duzue aldaketarik?
Honetan ere, guk zulo txiki batetik ikusten dugu panorama. Izan ere, droga festetan analizatzen dugunez, normalena da festa giroan kontsumitzen denaz jabetzea, eta ez egunerokoan. Datuek erakusten dute, orokorrean, kontsumoa beheraka doala, eta aurtengo datuak 1997. urtekoaren mailara iritsi dira. Ez dago gazte kontsumitzaile asko, eta hori kalean ikusten dugu. Kalean ez ezik, lokaletan ere egiten dugu lan, eta lehen, oso ohikoa zen lokalak bereizita egotea kontsumitzaileen eta ez kontsumitzaileen artean: batzuek alkohola edan, tabakoa erre eta, akaso, porru bat ere erretzen zuten, eta beste batzuek denetik zerbait hartzen zuten. Orain, gero eta gehiago ikusten ditugu talde mistoak. Hau da, lokal berean gutxi batzuek kontsumitzen dute, eta beste batzuek, ez.
Drogaren konposizioa aztertzen duzuenean, zerekin egiten duzue topo?
Substantziaren arabera, asko aldatzen da egoera. Droga bakoitza munduko leku batean ekoizten da, hura garraiatzeko modua ere aldatu egiten da… Beraz, horretan ere ez dago orokortasunik. Droga batzuek oso fama txarra dute faltsutzeari dagokionez, baina gero, ez da hala. Esaterako, asko esaten da kokaina oso moztuta iristen dela kontsumitzailearengana, haren purutasuna %10 ingurukoa dela, baina Ailaketek analizatu dituen laginetan ikusi dugu %85eko purutasuna izan ohi duela, batez beste. Haxixean, berriz, guk ez dugu inoiz aurkitu askotan aipatzen diren hondarra, animalia kaka… Haxixa faltsututa badago, normalean, kalamu landarearen beste zati batzuekin nahasita egon ohi da. Kontrara, anfetaminak Euskal Herrian oso fama ona du, baina analisietara joanda, laginaren %70 baino gehiago kafeinaz osatuta egon ohi da, eta %15-%25 arteko purutasuna izan ohi du, batez beste.
Droga legez kanpokoa izateak zenbateraino eragiten du haren faltsutzean?
Legezko drogek edo entitateren batek kontrolatzen dituen substantziek baldintza batzuk bete behar dituzte, batez ere, gizakiak kontsumitzeko badira, baina legez kanpokoez inor ez badago kezkatuta, haren purutasunak ere ez du izango bermerik. Zortez, inor ez da hasi droga asko mozten, baina hori edozein unetan alda daiteke. Gainera, mozketa kaltebera izan daiteke, edo ez. Ailaket moduko elkarteoi kezka eragiten digu fentaniloa, PMMA edota berez arrisku handia duten substantziak erabiltzea droga mozteko, erabiltzailea arrisku handien aurrean jartzen baita halakoetan.
Iritsi al zaizue fentaniloarekin moztutako drogarik?
Zorionez, Euskal Herrian ez dugu aurkitu fentanilorik beste zerbait faltsutzeko. Horrek ez du esan nahi gurean fentanilo kontsumitzailerik ez dagoenik, baina horiek farmazian lortzen dute substantzia, ingurukoren batek minbizia duelako edo. Kasu horretan, ordea, dosia neurtuta dago, eta formatuak ere nahikoa seguruak dira. Merkatu beltzean fentaniloa azaldu izan denean, heroinarekin nahastuta ageri izan da, eta kasu horretan, ez badakizu drogak zenbat fentanilo duen, gaindosia izan dezakezu.
Drogez aritzean, maiz legez kanpokoak soilik hartzen dira kontuan. Ailaketen, alkoholaren gaineko aholkuak ere ematen dituzue.
Ezin dugu ahaztu gizartean kalte handiena eragiten duten drogak legezkoak direla. Alkohola eta tabakoa beti egongo dira horretan aurrenak, horiek eragiten dituzten gaixotasunak, beste drogekin alderatuta, asko baitira. Kafeinaren inguruan ere hitz egiten dugu guk: droga kontsumituena da, normalean ez du arazorik sortzen, baina gaur egun kezka berezia dago gazteekin, edari energetikoak hartzeko joera nahiko zabalduta dagoelako haien artean eta edari horiek kafeina dosi handiak dituztelako.
Droga edozein izanda ere, arriskuak saihesteko zer proposatzen duzue?
Lehendabizi, ondo informatzea. Drogen inguruko informazio asko dago, baina jakin behar da galbahetik pasatzen. Ohikoena izaten da soilik drogaren alderdi negatiboei erreparatzea, baina errealistak izanda, jendeak ez ditu drogak kontsumitzen gaizki pasatzeko; plazera edota onurak bilatzen ditu. Garbi izan behar da zer efektu lortu nahi ditugun eta horietara iristeko zer arrisku hartzeko prest gauden. Erabakia hartzeko, oso ondo ulertu behar dira bi aldeak.