Edozein asetzeko moduko menua izan da aukeran Andre Maria eguneko arratsaldean

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 15a

Profesionalen pilota partidak, haur eta gaztetxoentzako egurrezko jolasak eta tailerrak, muxikoak Patxi eta Konpainiarekin eta gimnastika erritmikoko erakustaldia izan dira, besteak beste, Andre Maria eguneko arratsaldeko entretenigarri nagusiak. Gauean, film laburren lehiaketara aurkeztutako lanak emango dituzte plazan, eta kontzertuak izango dira Txosnagunean eta plazan.

Andre Maria eguneko arratsaldeak askorako eman du, hamaika eratako entretenigarriak izan baitituzte azkoitiarrek. Pilotari profesionalen neurketak izan dira leporaino betetako Gurean frontoian. Masters CaixaBank txapelketaren barruan, B seriean, Amianok eta Gabirondok 22-20 irabazi diete Muruari eta Eskirozi; eta A seriean, Larrazabal eta Zabaleta 22-16 gailendu zaizkie Altuna III.ari eta Imazi. 

Kalean, haurrek eta gaztetxoek egurrezko jokoetan ibiltzeko aukera izan dute Ikurriñaren plazan, Txiki Chef sukaldaritza tailerretan parte hartzekoa Kontzejupean, eta karaokea ere egin dute Azoka Plazan. Ilara luzeak egon dira zenbait jardueretan parte hartzeko, eta arratsalde atsegina igaro dute umeek eta gaztetxoek. 

Balda plazan, berriz, izerditan blai bukatu dute batek baino gehiagok Patxi eta Konpainiaren muxikoekin. 19:30etan hasita, ordu eta erdi inguruko saioa egin dute atsedenik hartzeko betarik gabe. Dozenaka herritar animatu dira dantzara eta izan da lehen minututik azkenengora gelditu gabe dantzan jardun denik ere. 

Elkargunean ere izerdi pixka bat atera dute Zubi Berriko kideek, gimnastika erritmikoko erakustaldia egin baitute. Normalean eliz atarian egin ohi dute ikasturte bukaerako ekitaldia, baina euri arriskua tarteko, kiroldegiko kantxan egitea erabaki dute. Harmailak leporaino beteta zirela, ikasturtean zehar ikasitakoak herritarren aurrean erakutsi dituzte Zubi Berriko gimnastek.

Gaurko menua, baina, ez da horrekin bukatu. 22:00etan, Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldia izango da plazan, eta ondoren, toki berean, La Reina del Pop taldearen kontzertua. Txosnagunean, berriz, 00:30ean hasita, Lepue Zapaldu taldeak kontzertua emango du, eta haren atzetik, 01:30ean, Yakovlev 42 taldea igoko da oholtzara. 

Gaur, Andre Maria eguna

  • 22:00. Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan. Aurtengo gaia sekretua da.
  • Ondoren, La Reina del Pop taldearen kontzertua, plazan.
  • 00:30. Lepue Zapaldu taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 01:30. Yakovlev 42 taldearen emanaldia, txosnagunean.

Bihar, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkarien korporazioa Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Aurreskua, plazan.
  • 12:30. Vermuteo musikatua, txosnagunean.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 14:30. Gazte bazkaria, txosnagunean.
  • 16:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 16:30. La Ruina, txosnagunean.
  • 18:00. Elektrokelaren emanaldia, txosnagunean.
  • 19:00. Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdia Realaren eta Eibarren lehen taldeekin, Txerloia futbol zelaian.
  • 19:00. Freshcool ikuskizuna, eliz atarian, Tio Teronen Semeak konpainiaren eskutik.
  • 21:15. Sukena taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
  • 23:30. Bengo abeslariaren kontzertua, plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 01:00. GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak, txosnagunean.
  • 02:00. Txumba, txosnagunean.

Etzi, Baserritarren Eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen 43. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 11:30. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirolen jaialdia, plazan.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunea eraikineko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 16:00. Mus txapelketarako izen-ematea, txosnagunean.
  • 17:00. Mus txapelketa, txosnagunean.
  • 17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 18:30. Pontx pailazoa, herriko plazan.
  • 19:30. 43. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.
  • 22:00. Enaitz eta Erkizia bikotearen erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuak 18, asteartea, Kuadrillen Eguna

  • 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia.
  • 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena ikuskziuna, herriko plazan.
  • 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
  • 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide