"Beharra zegoen, baina oraintxe hasi behar al zuen". Gaur goize erdiaren bueltan herritar batek baino gehiagok egin duen komentarioa izan da hori. Izan ere, Andre Maria egunari ekin eta gutxira hasi du euria, eta jai giroa ez du zapuztu, baina bertan behera geratu dira, esaterako, meza ondoreneko udal ordezkarien plazara itzulera, baita erraldoien nahiz buruhandien kalejira ere.
Goizaldean egin du euri zaparradarik, baina argitu duenean ateri eutsi dio eguraldiak. Festetako egun handia izanik, ohiko moduan, eta usadioari segituz, Musika Bandako eta Txalkor txistulari taldeko kideek Alkate soinua eskaini diote Ana Azkoitia alkateari, haren etxe atarian. Azkoitiak Endika Larrañaga senarrarekin batera egin die harrera musikariei, eta Carlos Muñoz bandaren zuzendariak lore sorta eman dio Larrañagari.
Gero, plazan elkartu dira musikariak eta EAJren nahiz PSE-EEren udal ordezkariak. 10:50ean, Alkate soinua abestiaren doinupean joan dira horiek korporazioan Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara. Eliz atarian agurtu du Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak alkatea, eta ordezkari denak elizara sartu dira, Xabier Gomezek gidatutako elizkizunera. Atzoko gisan, gaurko meza ere Xabier Gomezek gidatu du, Sant Feliu de Llobregateko (Bartzelona, Katalunia) gotzain azkoitiarrak. Mezan Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak abestu dute, eta Jose Luis Frantzesena aritu da organoa jotzen.
Elizkizuna bukatzerako, herritar ugari elkartu dira eliz atarian, atzera plazara bueltatzekoak ziren Udal Musika Bandako, Txalkor txistulari taldeko nahiz udaleko ordezkarien zain. Baina euria gogotik hasi du, eta hortxe bukatu da gaurko ekitaldi instituzionala; bertan behera utzi dute korporazioaren itzulera. 12:00etan puntuan, plazako karilloi erlojuak Ondo pasau Andramaixek abestia jo berritan, Azkoitiko erraldoiak eta buruhandiak plazatik abiatu dira Jausoro eta Altzibar auzuneetara, baina euri zaparrada tarteko, haiek ere ez dute ibilbidea osatu. 13:00etan, berriz, Udal Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak andremarietako kontzertua eskaini dute Kontzejupean, eta herritar ugari izan dira emanaldiaz gozatzen.
Arratsaldean segituko du festak, eta ikusteko dago eguraldiak lagunduko al duen. Izan ere, euria iragarri dute datozen orduetarako ere, eta baliteke horrek festa egitarauan aldaketak egin beharra eragitea. Dena den, festak segituko egingo du, eta herritarrek askotariko ekitaldiez gozatu ahal izango dute Andre Mari arratsaldez ere.
Hona hemen gaur arratsaldeko egitaraua:
- 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Caixabank Masters Txapelketako partida jokatuko dute Altuna III.ak eta Imazek Larrazabalen eta Zabaletaren kontra, eta Muruak eta Eskirozek Amianoren eta Gabirondoren aurka.
- 17:30. Egurrezko jokoak Ikurriñaren plazan, Txiki Chef herriko plazan eta karaokea Azoka Plazan.
- 19:00. Magia poteoa.
- 19:30. Muxikoak, Balda plazan, Patxi eta Konpainiarekin.
- 20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, parrokiaren aurrean.
- 22:00. Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan. Aurtengo gaia sekretua da.
- Ondoren, La Reina del Pop taldearen kontzertua, plazan.
- 00:30. Lepue Zapaldu taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 01:30. Yakovlev 42 taldearen emanaldia, txosnagunean.
(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Azkoitiko Udala)