Ate joka dira andremariak, eta horren erakusle da gaur, asteazkenez, Trenbidearen Zumardian diren barraka batzuk ireki izana. 18:00 aldean zabaldu dituzte tiobiboak, eta 19:00etara bitartean, herritar bakan batzuk ibili dira horietan.
Datozen egunetan ere irekita izango dira barrakak. Hain zuzen ere, hilaren 19ra bitartean egunero izango dira zabalik, eta azken egunean, jaiak bukatu eta biharamunean, Umeen Eguna izango da. Egun horretan herritarrek prezio murritzagoetan ibili ahal izango dute tiobiboetan.
Gainera, zaratarekiko tolerantziarik ez duten herritarrek ere tiobiboez gozatzeko aukera izan dezaten, musikarik gabeko tartea izango da barraken eremuan, egunero, 18:00etatik 19:00etara bitartean.