Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak berriro ere martxan jarri du Andre Maria jaietarako Ondo pasau, ondo pasau... pasatzeke! kanpaina. Azken urteetan erabili izan duen leloak udalak zabaldu nahi duen mezua laburbiltzen du: jaiak askatasunez, errespetuz eta indarkeriarik gabe bizitzea aldarrikatzen du. Horri lotuta, aurten ere Festak berdintasunin mezua izango da kanpainaren ardatzetako bat.
Kanpaina herritar guztiei zuzenduta dago, baina, urtero bezala, arreta berezia eskainiko diote ostalaritzaren sektoreari. Horretarako, tabernariei gutun bat bidaliko diete kanpainarekin bat egin dezaten eta udalak prestatutako kartelak ikusgai jar ditzaten eskatuz. Kartelek indarkeria matxista edo LGTBIfobia kasuren bat bizi izandakoan laguntza eskatzeko telefono zenbakiak jasotzen dituzte, eta sentsibilizazio lanak, kalean ez ezik, festetako egitarauan ere izango du bere lekua.
Aurtengo berrikuntzetako bat da kanpainaren irudia daramaten 2.500 edalontzi berrerabilgarri izango direla. Iaz eguzkitako betaurrekoak banatu zituzten, eta aurten edalontziak izango dira protagonista. Edalontziek lokarria izango dute lepoan zintzilik eramateko, eta horietan Festak berdintasunin mezua irakurri ahal izango da. Banaketa bi egunetan egingo dute: ostegunean, 18:00etatik 19:00etara, Kontzejupean; eta abuztuaren 18an, herri bazkarian.
Edalontzien diseinuan ortzadarraren koloreak erabili dituzte. Izan ere, udala LGTBIQ+ Tokiko Plana lantzen ari da, eta kanpaina honen bidez kolektiboari ikusgarritasuna eman eta aniztasunarekiko konpromisoa adierazi nahi izan du erakundeak.
Prebentzioaren alorrean ere hainbat neurri hartuko dituzte jaietan. Abuztuaren 14an, 16an eta 18an Gune Morea jarriko dute eliz atarian. Horrez gain, abuztuaren 14an drogen azterketa zerbitzua eskainiko dute, eta abuztuaren 16an eta 18an alkohol kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko informazio eta aholkularitza zerbitzua izango da. Hilaren 14an eta 16an, 23:30etik 02:30era izango da zerbitzua indarrean, eta abuztuaren 18an, 21:30etik 00:30era.
Udalak azpimarratu du badakiela alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoa ez dela erabat desagertuko festetan. Hala ere, prebentzioaren bidez, arriskuak gutxitzea eta kontsumo arduratsuagoa sustatu nahi dituztela adierazi du.
Horrez gain, Berdintasun sailak bideoa prestatu du sentsibilizazioa sustatzeko. "Bideo horrekin festa giroan gertatzen diren jokabideak eta erasoak azaleratu nahi izan ditugu, batik bat parranda giroan gazki egiten ditugun edota nahi gabe barneratuta ditugun ohituren aurrean kontzientzia pizteko asmoz", azaldu du erakundek. Bideoa gaur kaleratu du erakundeak, eta abuztuaren 15eko gauean izango den Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldiaren aurretik emango dute pantaila handian.
Berdintasun saileko zinegotzi Mertxe Zubillagaren hitzetan, "festa giroak askotan gizalegezkoak ez diren jokabideak erraztu egiten ditu, besteak beste alkoholaren edo bestelako drogen kontsumoa areagotu egiten delako". Horren aurrean, udalaren mezua argia da: "Festa berdinzaleak eta inklusiboak nahi ditugu. Indarkeria edo diskriminazio adierazpen guztiak onartezinak dira. Horregatik, prebentzio eta sentsibilizazio lana egitea ezinbestekoa da nahi ez ditugun egoerak saihesteko eta guztiok herriko jaiez askatasunez gozatzeko. Beti diogun moduan, 'ondo pasau, ondo pasau... pasatzeke!'".
Tratu Onaren aldeko plana
Berdintasun politiketatik harago, aurtengo beste berrikuntzetako bat da udala Tratu Onaren aldeko Tokiko Plana lantzen ari dela, haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak babestu eta haien ongizatea sustatzeko. Horren harira, aurtengo festetako egitarauan haurrei zuzendutako ekintzetan planaren irudia identifikatzeko sortutako logotipoa txertatu dute.
Planaren helburua da haurrak eta nerabeak ingurune seguru, babesle eta afektibo batean haztea, errespetua, konfiantza, entzutea, parte hartzea eta zaintza oinarri izango dituen ingurune batean. Logotipoaren bidez, gainera, haurren eta nerabeen ahotsari balioa eman nahi dio udalak, baita haien protagonismoa indartu ere.
Barraketan, ordu isila
Aniztasun sentsoriala kontuan hartuta, festek irauten duten bitartean, barraketan 18:00etatik 19:00etara ez dute musikarik jarriko. Neurri horren bidez, soinu estimulu gutxiagoko tarte bat eskaini nahi diete hala behar duten haur, gazte eta familiei, denek ere jaiez modu erosoagoan gozatzeko aukera izan dezaten.