Gero eta maskota gehiago dago herrian, eta azken urteetan, nabarmen igo da, besteak beste, etxeko txakurren kopurua. Elkarbizitzarako molde desberdinek hartu dute gaurko gizartea, eta etxeko animaliak ugaritzen ari diren honetan, eremua ere hartu dute horiek kalean; gero eta zerbitzu zein azpiegitura gehiago dituzte, eta horrekin batera, ohitura berrietara egokitzeko bidean dira pertsona asko.
Gaur-gaurkoz, Azkoitiko 1.500 txakur daude alta emanda Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean, eta horietatik guztietatik, 2008an jaiotako bat da zaharrena. Azkoitiko Udalak, bere aldetik, ez du herriko txakurren errolda osoa jasota, baina bai arriskutsuak izan daitezkeenena, eta erakundeak emandako datuen arabera, halako hamazazpi txakur daude udalerrian. Dena den, udalak azaldu du bere erregistroan zein Eusko Jaurlaritzarenean identifikatuta dauden txakurren kopurua ez dela guztiz zehatza, animalia horiek hiltzen direnean haren jabeak ez badu haien heriotza erregistratzen, eguneratu gabe geratzen delako zerrenda.
Herrian dauden milatik gora txakur horietako baten jabea da Maria Angeles Alkorta, 13 urteko Beltx border collie-arena. Hiru hilabete zituen Alkortaren familiak etxean hartu zuenean, "nahiko ustekabean" eta aurrez horretarako intentziorik ez bazuten ere: "Baserrian bizi den lankide batek txakurkumeak soberan zituela eta, haietako bat etxean hartzea erabaki nuen, pena pixka bat ematen zidatelako, eta ordutik, elkarrekin gaude", dio Alkortak, ondoan duela Beltx. Inguruan bai, baina etxean aurreneko aldia zen Alkortak bere kargu txakur bat zuela, eta horien gaineko ezagutzarik eta esperientziarik gabe, Azkoitiko bizilagunak adierazi du Beltxi esker ikasi duela txakurren inguruan dakien guztia. Horrerako hainbat bide erabili izan ditu, eta esaterako, gogoan du Zestoako Presalde auzoan txakurrak hezten irakasten duten zentro batera jo zuela txakurra hartu berritan, oinarrizko prestakuntzak jasotzeko asmotan.

Zalantzarik ez da txakurra etxean edukitzeak, ardurak ez ezik, betebehar batzuk ere ekartzen dituela berarekin, eta zentzu horretan, animaliak "lana" ere ematen duela azpimarratu du Alkortak, izan oinarrizko zainketetarako edota elkarbizitzarako. Bueltan, ordea, konpainia estua ez ezik, "maitasun pila bat" jasotzen duela azaldu du, eta hori da, finean, jabe askok gehien estimatzen dutena. Hamahiru urteotako esperientziak txakurraren fideltasunaz jabetzeko ere balio izan dio Alkortari: "Zenbaitek uste dezaketenaren aurka, etxean oso lasai egoten da, baita gu noiz iritsi zain ere. Pila bat gustatzen zaio familiarekin kanpora joatea, eta esaterako, mendira guztiok tropelean joaten garenean, azkena doanaren zain egoten da beti bera; gu gara bere artaldea, eta oso ondo zaintzen gaitu".
Horrez gain, jakinekoa da txakurrek hainbat muga dituztela espazio publikoetara zein pribatuetara sartzeko garaian, hala nola, tabernetara, saltokietara edota ostatuetara. Orain, uda sasoian, gainera, oztopo horiek oraindik eta buruhauste gehiago sortu ohi dizkiete txakurjabeei, oporretara joateko garaian erabaki egin behar izaten baitute etxeko animaliarekin zer egin. Halakoetan, inguruan dituen aukerez baliatu izan da Alkorta: "Etxean arazoren bat edo hitzordu bereziren bat eduki izan dudanean, eraman izan dut txakurrentzako erresidentzietara bizpahiru egun pasatzera. Opor luzeagoetara joan izan naizenean ere egin izan dugu halakorik, baina oso gutxitan. Izan ere, gure txakurrak oso gaizki pasatu izan du halakoetan, ohituta dagoelako beti nirekin ibiltzera; faltan sumatzen gaitu. Beraz, normalean, oporretara nirekin eramaten dut txakurra. Esaterako, txakurrak onartzen dituzten kanpinak aukeratzen ditugu".
"Mendira tropelean joaten garenean, azkena doanaren zain egoten da bera; gu gara bere artaldea, oso ondo zaintzen gaitu"
Alkortak nabaritu du berak Beltx hartu zuenetik hona "nabarmen" ugaritu direla herrian eta inguruotan txakurrak. "Lehen, jakineko txakur batzuk besterik ez zeuden, eta orain asko ikusten dira. Txakurjabe batzuk taldean ere ateratzen dira parkera eta, aurrez horretarako hitzordua eginda. Horrela, txakurrak elkarrekin sozializatzen dira, eta beren artean harremana egiten dute". Txakurra etxean hartzea "modan" ere jarri dela uste du, kalean "denetarik" ikusten dela azpimarratuta. "Esaten dute umeak baino txakur gehiago dagoela gaur egun, eta errazagoa ere izan daiteke gaur egun txakurra ekartzea: izan ere, gurasoak lanez leporaino daude, astirik ere ez dute seme-alabekin egoteko, eta ekonomiak ere ez du laguntzen".
Txakurra, txakur
Gloria Rodrigues Azkoitiko albaitaria da; hamahiru urte daramatza lanbide horretan. Alkortak bezala, hark ere antzeman du azken urteetan "poliki-poliki" ugaritzen joan direla maskotak. Kontsultan nabaritu du hori, lehen baino txakur gehiago artatzen dituelako orain. "Internetek horretan ere badu eraginik, eta esaterako, sareetan katuen bideoak modan daudenez, orain gero eta katu gehiago hartzen dira etxean", egin du zehaztapena. Hain zuzen, maskota horiek pertsonei egiten dieten "konpainia" izan ohi da Rodriguesen ustez ere animaliak etxean hartzeko arrazoi nagusia, jakinda nagusiek haien kariño handia jasotzen dutela. Horren inguruan, ordea, zera ohartarazi du: "Ondo dago animalia maitatzea, baina batzuetan pertsonatzat hartzeko joera egoten da; gaur egun, gero eta gehiago. Hein batean naturala da hori, jabeak bere pertzepzioa islatzen baitu animalien jokabidearekiko, baina animalia gizatartzeak arazoak sor ditzake". Albaitariak horretan egin du bereziki azpimarra, jabeak animaliei beraiei dagozkien beharrak ase behar dituela esanez, zenbaitetan "ahaztu" egiten delako hori. "Zenbait txakur orgatxoetan-eta sartuta ikusten ditugu, baina txakurrak lurrean egon behar du, ingurua zein beste txakurrak usaintzen; bere beharrak asetzen...". Kontrara, animalia horri bere berezko senetik urruntzen bada, "izutia eta segurtasunik gabekoa" bihurtzen dela jakinarazi du. "Behar bezala sozializatzen ez badira, beldurtiak bihurtzen dira, eta horren ondorioz etor daitezke gero hozkadak edota liskarrak".

Rodriguesek adierazi du "portaera arazoak" dituzten gero eta txakur gehiago artatzen ari direla azken urteetan. Haren arabera, jabearen eta txakurraren arteko banaketak animaliei eragiten dien antsietateri lotutako arazoak dira gehien tokatzen zaizkionak, txakur horiek ez baitaude ohituta bakarrik egotera. "Bitxia dirudi, baina ehiztari asko gaizki ikusita dauden arren, haien txakurrak izan ohi dira portaera onena dutenak, lasaienak eta orekatuenak, beren senetik gertu bizi baitira".
"Ehiztarien txakurrak izan ohi dira portaera onena dutenak, lasaienak eta orekatuenak, beren senetik gertu bizi baitira"
Albaitariaren hitzetan, bere kontsultara joaten diren txakurjabeek oinarrizko informazioa eta aholkuak nahi izaten dituzte, batez ere txakur bat hartu berritan. Gaixotasun baten aurrean, berriz, bezeroek pazientearen gaineko gero eta arreta espezializatuagoa eskatzen duela ere azpimarratu du. "Etortzen direnen asmoa izaten da bizi esperantza ahalik eta gehien luzatzea eta bizi kalitate ahalik eta onena ematea". Etxeko txakur gehiago dagoenez, horien heriotza gehiago kudeatzen ditu orain albaitariak, eta gero eta gehiago dira banakako errausketak eskatzen dituztenak, baita horien errautsak etxean gordetzen dituztenak ere. Era berean, azken urteetan joeran jarri dira maskota hilberrien ilea gordetzea edota haien hatz markarekin molde bat sortzea, Rodriguesen hitzetan.
Espazioak ere ugaritzen
Maskotak ugaritzen ari diren moduan, haiei zuzendutako azpiegiturak zein zerbitzuak ere sortuz joan dira han-hemenka. Urrutira joan gabe, herrian bertan txakurrak garbitzeko eta haiei ilea mozteko Txakur Clean zentroa ireki zuten iaz. Hango arduradun Jokin Gogorzaren arabera, beharrak sortuta ari da merkatua hazten, eta mugimendua nabari da batzuen artean, baina, aldi berean, oraindik lehengo ohiturak gailentzen dira askorengan: "Ilea moztera asko etortzen dira gurera, baina txakurrak garbitzeko garaian, beharbada, jabeek lehengo erara egiten jarraitzen dute, ohitura hori dutelako hartuta". Bere sektorea "hasieratan" dago oraindik, eta denborarekin lekua egingo duela uste du azkoitiarrak. "Gauza berri askotan gertatzen den moduan, jendeari kosta egiten zaio pausoa ematea, baina gero eta txakur gehiago egonda, haientzako zerbitzuak ere gehitzen joango dira, eta jendeak ohitura berriak hartuko dituela iruditzen zait, pixkanaka bada ere".

"Txakurrentzako parkean askatasun handiagoa dute beraiek, niri horrek lasaitasuna ematen dit"
Azkoitiko Udalak, bestalde, txakurrentzako parkea egokitu zuen duela hilabete batzuk Trenbidearen Zumardiko belardi batean, eta horientzako bi iturri ere jarriko ditu datorren urtean, aurrekontu parte hartzaileen prozesuan herritarrek hala bozkatu ondoren. Batez ere eguraldi atseginarekin, hainbat erabiltzaile erakartzen ditu askotariko jolasez hornitutako guneak. Horietako bi dira Ignacio Guerra eta Aitzol Beristain, Hanuk eta Thai txakurren jabeak. Adierazi dutenez, astean hainbat egunetan joaten dira hara, txakurrek aske jolas dezaten. Izan ere, txakurrak gero eta gehiago diren honetan, uste dute halako espazio bat edukitzea "beharrezkoa" dela, kalean ezin dutelako solte ibili. "Hemen askatasun handiagoa du, eta niri horrek lasaitasuna ematen dit", esan du Beristainek. Ildo beretik hitz egin du Guerrak ere, azpimarratuta txakurrek modu horretara ibiltzeko beste aukerarik ez dutela herrian. Horrelako espazio gehiago behar direla uste dute txakur-jabeek, baina era berean, onartu dute "beti erabiltzaile berberak" ikusten dituztela jolas parke horretan. "Orain parkea txukunago dago, baina lehen zelaia ez zegoen hain zaindua. Txakur kakaz beteta ere egon izan da, eta horregatik batzuek nahiago izango dute ez etortzea. Ordea, bakoitzaren esku dago parkea nola zaindu".