Igone Bastarrika (Azkoitia, 1979) Emun kooperatibako koordinatzaile orokor berria da. 24 urte daramatza hark Emunen lanean, urteak euskara lan munduan sustraitzeko lanean, baina apirilaren amaieraz geroztik ikuspegi zabalago batetik ari da lanean. Bastarrikak euskararen egoera lan munduan zein den azaldu du, baita Emunen egun dituzten kezkak eta erronkak zein diren plazaratu ere.
Emuneko koordinatzaile orokorra zara. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Kooperatibetan Kontseilu Errektoreari dagokio koordinatzaile orokorra izendatzea, eta hortik iritsi zitzaidan proposamena. Egia esan, nahiko natural hartu nuen; izan ere, azken bi urteetan enpresetan ematen ditugun zerbitzuen koordinatzaile lanetan ari nintzen aurrez egon zen koordinatzaile orokorrarekin batera. Proposamena onartzeko arrazoietako bat hori izan da. Gainera, aurrerantzean ere beste hiru Emunkiderekin osatuko dut taldea, eta ardura partekatu horrek lagundu egin dit proposamena onartzerakoan. Emunek bost urte inguru daramatza talde autogestionatuetan oinarritutako antolamendu eredua garatzen, eta horren ondorioz, erabaki ahalmena hedatuta dugu lantaldean, izan proiektuka edo taldeka. Orain, horien guztien arteko harremana eta komunikazioa koordinatzea egokituko zait.
Orain arte, beste arlo batean aritu zara lanean. Zer ikasi duzu?
Hizkuntza zerbitzuetan eta enpresen gizarte erantzukizunaren arloko proiektuetan ibili izan naiz, eta azkenaldian, negozio mailako kudeaketa lanetan ari nintzen. Aurrerantzean, begirada orokorrago bat izatea egokituko zait, eta horretarako, arlo bakoitzean buru-belarri ari diren Emunkideekin arituko naiz elkarlanean. Orain arteko bidean ere horixe ikasi dut: proiektu bakoitza edota bezero bakoitza gertuen dagoen lantaldeak edo aholkulariak ezagutzen eta mimatzen duela ondoen. Beraz, horiek egon behar dute egitasmoaren erdigunean, horiei entzunda hartu beharko dira erabakiak.
Zerk kezkatzen zaitu gehien? Eta zerk ematen dizu lasaitasuna?
Batez ere, arlo sozioekonomikoan euskararen biziberritze prozesuari lotutako proiektuak garatzen ditugu. Eremu horretan euskarak ez du lege babesik; enpresa pribatuen borondatearen esku dago ia dena, baita administrazioek hori sustatzeko egiten duten apustuaren gain ere. Era berean, testuinguru soziopolitikoak asko eragiten du, eta horrek kezkatzen nau. Testuinguru globalak eraginda bizi dugun ziurgabetasun egoerak ez du laguntzen gizarte berrikuntzako prozesuetan arreta eta lehentasuna jartzen.
Gainera, euskararen kontrako estrategia politikoak eta juridikoak ere indartzen ari dira, eta horren lekuko dira auzitegiek euskararen kontra emandako azken ebazpenak. Herri hau osatzen dugun desberdinen arteko akordio soziopolitikoak lagunduko luke atzerapausorik gabeko urratsak egiten. Hala ere, nik badut konfiantza euskararen bueltan berriro ere pizten ari den mugimenduan. Lehen ere jende askoren ahaleginari esker egin dira urratsak euskararen biziberritzean, eta aurrerantzean ere horrela izango dela sinesten dut.

Lan mundua euskalduntzeko helburu nagusiarekin ekin zion bideari Emunek duela 30 urte. Zein zen egoera?
Lan mundua euskalduntzeko ezagutzen ditugun lehenengo ekinaldiak 70eko hamarkadakoak dira. Garai hartakoak dira, esaterako, enpresen bueltan sortu ziren euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko Gau Eskolak, euskararen aldeko aldizkariak eta lehen euskara batzordeak. Orduko testuinguru sozialari erantzuteko asmoz hasi ziren martxan; izan ere, migrazioa eta langile mugimendua ez dira gaurko kontuak. Elkartasun sareak aktibatu zituzten migratu zuten pertsonei lanaren bueltan euskara transmititzeko. Geroago, 90eko hamarkadan hasi ziren euskara planak metodologia, planifikazio eta sistematika batekin garatzen. Horregatik guztiagatik, bideari ekin zioten pertsona haien ekarpena goraipatu nahi nuke. Euskara teknikariaren lana edo hizkuntza aholkularitza bera lanbide gisa irudikatu zituzten; dena egiteko zegoenean pauso ausartak eman zituzten. Ondoren etorri garenok bide hari jarraipena besterik ez diogu eman.
"Euskarak hiztun berriak behar ditu, eta gure esku dago etorri berriek hautu hori egiteko baldintza egokiak sortzea"
Zer bilakaera eman du lan munduak azken hamarkadan euskarari dagokionez?
Ez dira asko bidea egin duten enpresak; momentu honetan, 1.700 inguru dira. Bidea egin duten askok, ordea, bide oso oparoa egin dute, eta euskararen aldeko hizkuntza politika sendoak dituzte orain indarrean. Nazioarteko merkatuetan aritzen diren industria enpresak izan arren, hemen, etxean, euskara dute lan hizkuntza nagusia, eta euskaraz garatzen dituzten barne harremanak.
Sektore eta tamaina desberdinetako enpresak dira bidea egin dutenak. Enpresaren zuzendaritza eta langileen borondatea, biak uztartuta egiten dira biderik emankorrenak. Azkoitian, Alberdi Mekanizatuak aipatuko nuke, 2024. urtean goi mailako Bikain ziurtagiria lortu zuena. Domusa Teknikek ere urteak daramatza euskara enpresaren sistemetan txertatzen. Aitzindarien artean, jatorria Azkoitian ere baduen Danobatgroup aipatuko nuke. Iaz, 25 urte bete zituzten industria talde horretako hainbat kooperatibatako euskara planek. Aitzindariak izateaz gain, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko hainbat gunetako eta batzordetako kide aktiboak dira. Beraiek egiteaz gain, eredugarriak dira inguruko beste enpresak egitera animatzeko duten gizarte konpromisoan.
Eta zein da egungo ikuspegia?
Azken bi hamarkadak hizkuntza politikak finkatzeko ekinaldiak izan dira, erabaki estrategikoak hartu dituzte enpresa askok: hizkuntza eskakizunak, hizkuntza irizpideak, kanpo ebaluazioak... Egun, gizarte erantzukizunarekin lotzen da euskara enpresa askotan, baita tokiko prozesu sozialetan inplikatzeko eta inpaktua eragiteko nahiarekin ere. Gehi ikerketarekin hori aztertu nahi izan dugu, eta ondorioztatu dugu gizarteari ekarpena egiteaz gain, enpresaren lehiakortasunari ere egiten diotela ekarpena hizkuntza plangintzek. Gainera, lotura dute enpresek dituzten bestelako erronkekin ere, zeharka bada ere. Aldaketa demografikoen, globalizazioaren eta negozioen espezializazioaren eraginez, enpresek talentua, hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza teknologiak kudeatu behar dituzte, eta hori euskara erdigunean jarrita egin behar dela uste dugu.
Euskalgintzak dituen erronkak eta kezkak sumatzen al dituzue lan munduan?
Euskalgintzak orokorrean duen erronketako bat da lan mundua euskalduntzea. Baina, era berean, lan mundutik ere landu ditzakegu euskalgintzaren erronka orokorrak. 300.000 hiztun berri lortu behar baditugu, horietako zenbat aktibatu ditzakegu lan eremutik? Gurera bizitzera datozen pertsona migratuak euskararentzat aukera dira. Euskarak hiztun berriak behar ditu, eta gure esku dago etorri berriek hautu hori egiteko baldintza egokiak sortzea. Horretarako zubi izan gaitezke herritar gisa, baina baita enpresa gisa ere, pertsona migratuek hautu hori egin dezaten haiei baliabideak erraztuz.

Eta zein dira erronkak?
Euskara biziberritzeko prozesuetan dabiltzan enpresen portzentajea oso baxua da oraindik ere. Enpresetan edota saltokietan lan egiten duten langileen %7ri bakarrik eragiten dio horrek, alegia, 60.000 langile ingururi. Horren aurrean, euskararen bueltako dinamikak hedatzea da erronka nagusia. Euskarak enpresa plan gehiago behar ditu, eta badira horretarako arrazoiak. Lantokiak euskaldundu behar dira, esna gauden orduen erdiak edo gehiago lanean ematen ditugulako, eta hala, ahoz nahiz idatziz sortzen dugun hizkuntzaren zati handi bat lanean sortzen dugulako. Bestalde, ezinbestekoa da ikasten den euskara erabiliko den euskara izatea, eta horretarako, gizarteko esparru garrantzitsua da lan eremua. Era berean, aurreko belaunaldiek ikastolak edo unibertsitatea euskalduntzeko erronkari heldu zioten bezala, egungo belaunaldien apustua izan behar luke lan eremuak euskalduntzea. Horrez gain, migrazio mugimenduen bidez iritsitakoentzat euskarak kohesiorako eta elkarbizitzarako hizkuntza izateko funtzioa bete dezake, haien laneratze prozesuetan euskarak garrantzi handia izanik.
Zer irabaziko luke euskara plana egiteko duen enpresa batek?
Egungo testuinguru globalizatuan, hizkuntzak funtsezko eginkizuna du enpresen funtzionamenduan eta lehiakortasunean, hizkuntzak erakundeen jardunaren alderdi guztietan eragiten du eta. Hizkuntza baliabide estrategikoa da hiru funtzio hauek errazteko bidean: enpresaren barne koordinazioa, nazioarteko merkatuetan jardutea eta bezeroekin harreman hurbilagoak sortzea. Horrenbestez, hizkuntzaren kudeaketa gero eta gehiago txertatzen da estrategia korporatiboetan. Azken hamarkadetan aldatu egin da lehiakortasuna ulertzeko modua, eta aldagai ekonomikoaz gain, faktore sozialek eta ingurumenekoek gero eta pisu handiagoa dute. Bertako hizkuntzaren kudeaketa egokiak laguntzen du enpresako pertsonen arteko kohesioan, langileen garapen pertsonalean zein profesionalean eta enpresaren gizarte prestigioan. Euskarari ekarpena egiteak esan nahi du lurraldearen garapenari ere ekarpena egiten zaiola.
"Lehen, elebitasuna kudeatzen genuen; orain, globalizazioaren ondorioz, eleaniztasuna kudeatu behar dugu"
Ordea, bestelako esparru batzuk lantzera ere igaro zen Emun duela hamar urte.
Euskararen aldeko dinamikak kudeatzeaz gain, enpresen behar sozialak euskaraz kudeatzera igaro ginen 2016an. Ulertu genuen zerbitzu horiek euskaraz eskaintzeak balio ekarpena zekarkiola lan mundua euskalduntzeari. Horregatik, orain, hizkuntza zerbitzuez gain, bestelako hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu Emunek. Feminismotik lantzen ditugu berdintasun planak, kontziliazio planak eta sexu jazarpen protokoloak. Gobernantzaren arloan parte hartze prozesuak, dinamizazio lanak, plan estrategikoak eta ordenantzen lanketak egiten ditugu, horietako asko administrazio publikoarekin lankidetzan. Eta hasita gaude kulturartekotasunaren eta aniztasunaren inguruko lanketak, enpresen gizarte erantzukizunarekin lotutako aholkularitza eta antolakuntza kulturari lotutako bidelaguntzak egiten ere. Gure metodologia erakunde kultura ezagutzetik abiatzen da; helburua eta norabidea adostu eta enpresaren erritmoetara egokitutako plangintzak garatzen ditugu. Modu parte hartzailean bideratzen ditugu adostutako prozesuak. Euskara eta berrikuntza soziala ditugu ardatz, eta 'zer' edo 'zertarako' egiten dugun bezain garrantzitsua da guretzat bide hori 'nola' egiten dugun. Euskaraz lan egiteaz gain, gure zerbitzuetan, zehar-lerroz jarduten dugu guretzat funtsezkoak diren balioekin.
Euskararen inguruko diskurtso publikoan zeren falta sumatzen duzu?
Martxan dauden politika eta programa publiko gehienak erdarak zabaltzeko makinak dira. Salbuespenak salbuespen, enpresa berriak sortzeko programak, berrikuntzako egitasmoak, prestakuntzak, jardunaldiak, foroak eta abar luze bat erdaraz dira. Euskarak presentzia sinboliko bat izan ohi du horietan guztietan, baina erdaraz pentsatu eta bideratzen dira ia beti. Administrazio orokorrak euskara sustatzeko hainbat programa eta diru laguntza lerro ditu, baina bere jardun orokorrean, euskarak espazio berriak irabazteko ditu oraindik. Administraziori eredugarri izatea dagokio, eta bide horretan lan asko du egiteko. Adibidez, lehentasunezkoa da enpresa berriak sortzen direnean hasieratik enpresa horiei hizkuntzak kudeatzeko baliabideak eta jarraibideak ematea. Hizkuntza politika aurreratu batek horretarako bidea eman beharko luke.

Euskararen biziberritze prozesuari dagokionez, zer arrisku ikusten dituzu lan munduan datozen urteetarako? Eta zer aukera?
Euskaraz egin ahal izateko, ezagutza da gakoa. Ordea, lantokiak, ekipoak eta departamentuetako hizkuntza ohiturak jomugan ditugunean, kontuan hartu behar dugu denok ez dugula 'euskaldun oso' izan beharrik taldean euskaraz aritzeko. Metodologiek eta ikerketa berriek erakutsi digute, oinarrizko ulermena bermatzen badugu, hiztunon artean adostu dezakegula bakoitzaren jarduna, estres linguistikoa gaindituz eta euskaraz egin nahi duen orok horretarako aukerari eutsiz.
Lehen elebitasuna kudeatzen genuen, orain, globalizazioaren ondorioz, eleaniztasuna kudeatu behar dugu. Enpresetan, dagoeneko badira euskarari bere lekua aitortuz, nazioarteko hizkuntzen kudeaketa kontuan hartzen duten hizkuntza politikak. Aitzindariak diren eta praktika onak dituzten enpresek traktore lana egin dezakete, beraien ekosisteman dauden enpresak euskara biziberritzeko prozesuan urratsak ematera animatuz. Hori ere bada lurraldeari gizarte ekarpena egitea.
Zer harreman du Emunek euskalgintzan diharduten beste erakundeekin?
Administrazioarekin elkarlanean ari gara hainbat proiektutan, bai maila lokalean, bai aldundietan, bai gobernuetan. Eremu publikoan, hizkuntza biziberritzeko zuzendaritzetatik eta bulego teknikoetatik lan asko eta ona egiten da aspalditik. Bakoitzak bere eremuan egiten duen ekarpena aitortuz eta elkarrengandik ikasiz, lankidetza esperientzia oso positiboak izan ditugu. Era berean, Euskalgintzaren Kontseiluko bazkideak gara, eta Langune Euskal Herriko hizkuntzen industrien elkartean nahiz Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritzan parte hartzen dugu. Garabide elkartearekin ere hainbat lankidetza proiektu garatzen ditugu. Emunen garrantzi handia ematen diogu inguruko eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan jarduteari eta proiektu komunak lantzeari. Gure erakundearen propositua ez da nolanahikoa, eta hori ezinbestean lankidetzan garatu ahal izango dugu.
Non jarri nahi du fokua Emunek datorren hamarkadan?
Orain arteko bideari guztiz uko egin gabe, testuinguru berrietara egokitzea izango da erronka. Esaterako, adimen artifizialaren garaian eta hainbat lanbide zalantzan jartzen ari diren honetan, belaunaldi berriak euskararen normalizazioan eta kudeaketan eragile aktibo izatera animatu nahi nituzke, euskararen aldeko aktibismoa eta ibilbide profesionala uztartuz. Lan asko dago egiteko, eta guretzat garrantzitsua da Emun bezalako erakunde batean bidea egingo duten profesional berriak egongo direla ziurtatzea. Testuinguru berrietara egokitzeko gure gaitasuna belaunaldi horiek ekarriko dute, eta gu behintzat, oso adi gaude gazteak gizarte erronkei erantzuteko egiten ari diren ekarpenari.
Zer galdera egiten diozu zeure buruari gehien azkenaldian?
Hizkuntza komunitate bezala asmatuko ote dugu euskara geroratzeko erronkak behar duen neurrian jarduten? Horrela izango ote da! •