Hitz bitan

Xiomara Galvis: "Azkoitia beste mundu bat zela iruditu zitzaidan"

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 3a

Xiomara Galvis, Aita Madinabeitia plazan. (Argazkia: Aitziber Arzallus)

Xiomara Galvisek (Calarca Quindio, Kolonbia, 1985) bizitza erdia baino gehiago darama Azkoitian, eta ezertara itxita ez dagoen arren eta bere sorterria asko maite duen arren, Azkoitian jarraitzeko asmoa du, atsegin baititu hemen sentitzen dituen "independentzia eta segurtasuna". Uztaileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako 'Hitz bitan' elkarrizketa da honako hau. 

Nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

Amaren aldeko familiaren zati handi bat Euskal Herrian eta Espainian bizi da, eta 16 urte nituela, batxilergoa bukatu berritan, hona etortzeko aukera eman zidaten gurasoek, hasiera batean Bilbora, izeba-osaben etxera, eta han egin nituen lau urte.

Zer moduz egokitu zinen Euskal Herrira?

Oso ondo. Familia neukan, lagunak berehala egin nituen, ikasten hasi nintzen, gero lanean... Horrela igaro nituen lehendabiziko urteak, azkoitiar bat ezagutu eta harekin maitemindu nintzen arte. 

Hari esker ezagutu al zenuen Azkoitia?

Hala da, bai. Bilbon ume batzuk zaintzen egiten nuen lana, ordu pila bat sartzen nituen oso gaizki ordainduta, eta hark esan zidan bere lantokian norbaiten bila ari zirela eta zergatik ez nuen proba egiten. Sei hilabete besterik ez generamatzan elkarrekin, baina izeba-osabekin hitz egin ostean, etortzea erabaki nuen, abentura gaizki ateratzen bazitzaidan, izeba-osaben etxera buelta nintekeen ziurtasunarekin. 

Euskal Herrira edo Azkoitira iritsi zinenean, zerk harritu zintuen gehien?

Azkoitira iritsi nintzenean, euskarak, dudarik gabe. "Zer mundu da hau?", galdetzen nion neure buruari. Bilbon ez nuen euskara ikasteko beharrik sentitu, baina orduko nire bikotekidea bere gurasoekin euskaraz hitz egiten entzun nuen lehen aldian, zur eta lur gelditu nintzen, ez nekien zer hizkuntzatan hitz egiten ari ziren. Azkoitira etorri nintzenean, ordea, denek hitz egiten zuten niretzat horren berria eta ezezaguna zen hizkuntza hartan, eta garbi ikusi nuen ikasi beharra neukala.   

Eta halaxe hasi zinen...

Bai; euskaltegian izena eman nuen eta lau urte egin nituen egunero-egunero joanez. 

Erraza egin al zitzaizun?

Belarria egitea bai, ulertu egiten nuen, baina hizketan hastea zertxobait gehiago kostatu zitzaidan. Gainera, ingurukoek jada ohitura hartua zuten niri gaztelaniaz egiteko, eta euskaraz egiteko esaten nien arren, gaztelaniaz egiten zidaten; horrek amorrua ematen zidan. 

Nola egin zenuen euskaraz hitz egiten hasteko jauzia?

Barnetegi batetik bueltan. Euskaltegian urte batzuk neramatzanean, barnetegi batera joateko aholkatu zidaten, eta halaxe egin nuen; Lazkaoko [Gipuzkoa] barnetegira joan nintzen hilabeterako. Nire bizitzako esperientziarik onena eta gogorrena izan zen, baina handik bueltan denekin euskaraz egiten hasi nintzen, eta jendea erabat harrituta gelditu zen; euskara horrela hitz egiten noiz ikasi nuen galdetzen zidaten. 

Harrezkero, bikotekidez aldatu duzu, baina oraindik ere Azkoitian jarraitzen duzu. 

Lehengo bikotekidearekin hemezortzi urte egin nituen, eta harremana utzi eta gero, lanean baimena eskatu eta Kolonbiara joan nintzen urtebeterako, baina baimena bukatu zitzaidanean, bueltatzea erabaki nuen, eta nirekin etorri zen bikotekide berria ere. Kolonbiarra da bera, aspaldiko lagun bat, eta hemen bizi gara orain. 

Zer da Azkoitian bizitzetik gehien gustatzen zaizuna?

Hemen sentitzen ditudan independentzia eta segurtasuna, baita kalean denok elkar ezagutzea ere. 

Eta zer ekarriko zenuke Kolonbiatik Euskal Herrira?

Gurasoak eta janaria, egunero sumatzen dut horien falta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide