Kontzertuak, herriko musikarien esanetan

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 11

Süne iaz Azkoitiko plazan eskaini zuen kontzertuan.

Andremarietako gauak musikaz beteko dira aurten ere. Udalak antolatuta, sei kontzertu izango dira herriko plazan. Baina zer iritzi dute hitzordu horien inguruan herriko musikariek? Andre Maria festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Janus Lester taldea (abuztuaren 14an)

Ion Larrañaga (Udal Musika Bandako perkusionista nahiz Aria musika taldeko bateria jotzailea)

"Janus Lester 2022an Beran (Nafarroa Garaia) Jokin Pinatxok sortutako musika taldea da. Zazpi kidek osatzen dute: Jokin Pinatxo (ahotsa eta gitarra), Garazi Esnaola (teklatua), Mattin Arbelaitz (bateria), Andoni Arriola (tronboia), Julen Suarez (tronpeta), Javi Etxarri (gitarra) eta Julen Barandiaran (baxua). Taldeak zuzenekoan pop elektronikoa, rock alternatiboa, folka eta soul ukituak uztartzen dituen ikuskizun bizia, zaindua eta energiaz betea eskaintzen du, eta kontzertuetan estudioko kantak indar handiko pieza bihurtzen dituzte musikariek. Hau da, talde oso baten laguntzaz eta ahots interpretazio bikainarekin, une alai eta dantzagarriak zein pasarte intimo eta hunkigarriak txandakatzen dituen emanaldia eskaintzen dute. Gehienbat euskaraz interpretatutako errepertorioan, Ez gaitzala loak harrapatu, Minutuak, Dap Dap, Bi begi bi lore eta Nola hartu arnasa bezalako abestiak entzun ahal izango dira. Gainera, Janus Lester zerbaitegatik nabarmentzen bada, publikoarekiko erakusten duen gertutasunagatik eta 90 minutu inguruko esperientzia zirraragarriagatik da. Emozioa, erritmoa eta kalitate artistiko handia uztartzen dituen ikuskizuna izango da".

La Otra Oreja taldea (abuztuaren 15ean)
Carlos Muñoz (Udal Musika Bandako zuzendaria)

"Proposamen oso interesgarria iruditzen zait La Otra Orejarena. Izan ere, belaunaldi oso bat markatu zuten abestiak eskainiko ditu taldeak, baina, aldi berean, gaur egungo publikoarengana ere iristen direnak. Horrek erakusten du abesti on batek ez duela iraungitze datarik. Gainera, errepertorioak freskotasun handia dauka. Melodiak oso erakargarriak dira, eta kantu guztiak elkarren artean oso desberdinak dira, nahiz eta guztietan taldearen nortasuna eta esentzia berehala antzematen diren. Badituzte kantu alai eta dibertigarriak, baina baita sentikorrak eta hunkigarriak ere. Beraz, ziur nago plazan adin askotako jendea bilduko dela. Jatorrizko taldea gustatzen zaion edonori guztiz gomendatuko nioke emanaldira joatea. Begiak itxita zein irekita, benetako La Oreja de Van Gogh ikusten eta entzuten ari zarela ematen du. Oso maila handiko emanaldia eskaintzen dute, eta publikoari esperientzia bikaina oparitzen diote".

Bengo taldea (abuztuaren 16an)
Azkoitiko Check Boyz taldea

"Bengo artistaren atzean, Aitor Bengoetxea oiartzuarra (Gipuzkoa) ezkutatzen da. 2021ean argitaratu zuen bere lehen lana, 4 Taupada izenekoa. Trap edo pop urbanoa egiten du musikariak, batik bat, eta break dantzaria ere bada. Azkoitiko kontzertuan ez dakigu dantzarik egingo duen, baina zuzeneko emanaldi batzuetan egin izan du. Gazteei zein helduei zuzendutako saioak eskaintzen ditu, eta abuztuaren 16an Azkoitiko plazara gerturatzen direnek ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izango dute".

Sukena (abuztuaren 16an)
Itxaso Alberdi (Kitziki taldeko kidea)

"Sukena taldea Oñatin (Gipuzkoa) sortutako pop-rock musika taldea da. Sei gazte dira guztira: gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, bateria, gitarra akustikoa, akordeoia eta ahotsa dituzte taldean. Oraingoz, disko bakarra dute, duela hiru urte argitaratutakoa. Sukena taldeko Eider eta Naia ahizpek eman zioten hasiera proiektuari, eta taldearen izena bi ahizpen amonak urtero Saharatik ekartzen zuen umearen amaren izena da. Aurten hainbat kontzertu eman dituzte, baina, taldekideekin hitz eginda, Azkoitiko kontzerturako gogotsu daudela esan didate, udako giro politagatik, eguraldi onagatik eta jai giro ederragatik. Dena emateko prest daude, lehen aldia baitute Azkoitian".

Enaitz eta Erkizi trikilariak (abuztuaren 17an)
Aintzane Agirrebeña (trikitilaria)                              

"Beste hitzorduekin alderatuta, zerbait desberdina izango da Enaitz eta Erkiziren emanaldia, kontzertua izan beharrean, erromeria izango baita. Beste bikote batzuk izan dituzten arren, azken urteetan biak batera dabiltza plazaz plaza, eta bikote oso polita osatzen dute. Trikitilari gazteak dira biak, 20 urte inguru dituzte, baina txikitatik dute trikitiarekiko zaletasuna, eta eskaintzen dituzten erromerietan fandango eta arin-arin biziak entzun ahal izaten dira. Jendeari dantzarako abagunea ematen diote. Era berean, rantxerak edota helduta dantzatzeko kantak ere izango dira. Dantzarako ez ezik, entzuteko ere saio polita izango da, oso ondo abesten dutelako. Trikitilarien sehaska dela esan ohi da Azkoitia, eta aberasgarria da festetan horrelako saioak egotea".

Txapela Brava (abuztuaren 18an) 
Xabier Etxaniz (trikitilaria)

"Mexikotik datozen rantxerak eta korridoak Euskal Herrian ia-ia musika herrikoi badira ere, Txapela Brava taldeak doinu horien bertsioak egiten ditu eta horiei euskal izaera gehitzen die. Jendeak ezagutzen dituen doinuak dira eta jai giroan horrek asko laguntzen du. Kontzertua parrandarako eta belaunaldi ezberdinak batzeko paregabea izango dela esango nuke. Kuadrillen Eguna, gainera. Zer gehiago behar da bada festei amaiera ona emateko?".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide