Azkoitiko Caritas parrokiaren inguruan antolatutako boluntario talde gisa sortu zen, gerraosteko urteetako premia sozialei erantzuteko. Garai hartan, Euskal Herriko herri askotan bezala, parrokiak ziren laguntza sozialaren ardatz nagusiak, eta Caritasen tokiko taldeak pixkanaka eratzen hasi ziren. Hasierako jarduera nagusia premia larrienean zeuden familiei laguntza ematea izan zen: janaria, arropa eta oinarrizko baliabideak banatzen zituzten, betiere boluntarioen eta herritarren elkartasunari esker.
Hala ere, azken urteetan behintzat, Caritasen ekimenik ezagunena Andre Maria jaietako tonbola bihurtu da. Tonbola horrek 60 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta handik ateratako dirua herriko eta inguruko premia sozialak artatzeko erabiltzen dute. Tonbolaren ibilbidearen berri ondo dakite Tere Aranbarrik eta Mari Pura Aranbarrik, duela 60 urte baino gehiago hartu baitzuten Caritasen tonbolaren ardura: "80 urte ditugu eta 18 urterekin hasi ginen!".
Urte haietan azpeitiarrekin batera antolatzen zuten tonbola; lehenbizi, saninazioetan jartzen zuten, eta ondoren, abuztuan, andremarietan. "Azpeitiko mayordomonekoek kamioia zuten, eta haiek ekartzen zituzten posturako txabola eta produktuak", ekarri du gogora Mari Purak. Txabola hura herriko txoko desberdinetan kokatu izan zuten, besteak beste, Kontzejupean, Presalde aurrean edota Ikurriñaren plazan: "Azken horretan ikaragarrizko hotza pasatzen genuen, urtero-urtero eztarria itxita bukatzen genuen".
Urte gutxira, txabola erre zuten Azpeitiko santioetan, eta, beraz, leku finko baten bila hasi ziren. "Lehenbiziko urteetan Plazaberriko Aldalurrenean egon ginen; lekurik onena. San Roke egunerako dena salduta izaten genuen". 2005. urtean, ordea, eraikina eraisteko agindua eman zuten eta handik atera zituzten. Harrezkero, parrokiaren lokalean daude.
Ondo antolatuta
Tonbolan askotariko sariak banatzen dituzte, eta produktu gehienak Tuteratik (Nafarroa) ekartzen dituztela azaldu dute. "Garai batean Donostian erosten genituen produktuak, baina gaur egun Tuterara joaten gara eta handik ekartzen ditugu", dio Terek. Hobetzeko asmoz, urte batean Iruñean gelditu zinen Tuteratik bueltan, eta hango tonbolan jokatu zuten. "Horrek begiak ireki zizkigun, izan ere, taberna batean bi pertsonarentzako otordua egokitu zitzaigun. Azkoitira ekarri genezakeen zerbait zela pentsatu genuen". Esan eta egin, Orbela tabernako Luisekin jarri ziren harremanetan, eta hark hartu zuen herriko taberna eta jatetxeekin hitz egiteko ardura: "Orain, ogitartekoak, afariak eta tragoak ere banatzen ditugu saritan herriko tabernek eskainita".
Banatuko dituzten sariak erosita, hurrengo pausoak txartelak egitea eta sariak antolatzea eizaten dira. "Hamabi sorta egiten ditugu, eta sorta bakoitzean sari berdinak sartzen ditugu. Hala, egunero sariak daudela eta egunero sariak orekatuta banatzen direla ziurtatzen dugu". Aurten, gainera, sari gehiago izango dira banatzeko, izan ere, kide berriak "indartsu" sartu dira tonbolaren antolakuntzan, eta "orain arte, herriko 40 dendatara joaten baginen laguntza eske, aurten 100 ingururen ateak jo ditugu, eta oso harrera ona jaso dugu", azaldu du Juan Luis Uriak.
Harrera on hori ez ddute jaso saltoki eta tabernen aldetik soilik, herritarren aldetik jasotzen duten babesa ere "oso beroa" dela diote kideek: "Eskertzekoa da izaten dugun erantzuna, oso ona izaten baita, eta urtero saltzen ditugu tonbolako txartel guztiak. Gehienetan, gainera, azken egunerako txartelik gabe gelditzen gara; abuztuaren 17an agortzen dira 35.500 txartelak. Horrek urtez urte lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkigu".
Tonbolan ateratzen den sari bakoitzak irabazle bat du. Baina, sariaren atzean, beste irabazle batzuk ere badaude: jasotako diruari esker laguntza behar duten pertsonak. Horregatik, 60 urte baino gehiago igaro diren arren, Caritasen tonbolak ez du zortea ona soilik banatzen; elkartasuna ereiten jarraitzen du.
Izan ere, tonbolako txartelak agortuta lortzen duten diruarekin, Caritasen oinarrizko lehentasunari aurre egiteko gai izaten dira ondoren: zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei laguntzea. Horretarako, urrian bilera bat egiten dute eta hor zehazten dute zenbateko irabazia izan duten, eta nora bideratu nahi duten dirua. Hala, diruaren zatirik handiena Azkoitiko norbanakoak edo taldeak laguntzeko erabiltzen den arren, azken urteetan nazioartean ere eskaini izan dute laguntza. Adibidez, Gazara, Valentzia (Herrialde Katalana) eta Malira bidali dute diruaren zati bat. "Aurtengo egoera ikusita, eta Venezuelan gertatu denaren ondoren, laguntza bidaliko dugula uste dut. Guk herrialde bakoitzeko Caritasera bidaltzen dugu dirua, beraz, ziur gaude diru hori iritsiko dela eta ondo erabiliko dela", gaineratu du Uriak.
Beharrezkoa
Sei hamarkada baino gehiago daramatza martxan tonbolak, eta haren arduradunek argi dute abuztuko festak asko aldatuko liratekeela Plazaberrin kokatzen duten tonbolarik gabe: "Oso desberdinak izango ziren festak, eta gainera, tonbola beharrezkoa dela ere askotan esan digute herritarek".
Tonbolak aurrera jarraituko badu, batzuen lanari eta ahaleginari esker izango da, eta oraingoz, bada horretarako prest dagoen jendea, aurretik jardun zirenak ahaztu gabe, noski.; besteak beste, Luis Arregi, Luis Mari Azpiazu, Luis Elorza eta Luis Larrañaga besteak beste. "Tonbolarik gabe festak ez lirateke berdinak izango, baina horiek gabe, Caritas ez litzateke berdina izango. Horiek, eta beste hainbatek egin duten lana oso garrantzitsua izan da elkartearentzat", gogoratu nahi izan dute.
Urte luzez musu truk aritu diren boluntarioen lanari eta herritarren babesari esker iritsi da Caritasen tonbola gaurdainoko bidea egitera, belaunaldi batek besteari lekukoa emanda, beti helburu berarekin: premia duenari laguntzea. Horregatik, Plazaberrin banatzen diren opariak baino harago doa tonbola. Izan ere, sariak txartelek erabakitzen badituzte ere, benetan saritzen dena herri oso baten elkartasuna da.
Zabalik, dagoeneko
Atzo zabaldu zituen ateak Caritasen tonbolak, eta gaur ere zabalik izango da 11:30etik 14:00etara nahiz 18:30etik 20:00etara. Atzera, abuztuaren 14an irekiko dute, Andre Maria bezperarekin, eta jaiak bukatu arte egunero izango dute herritarrek boletoak erosteko aukera Plazaberrin tonbola jartzeko egokitu duten lokalean. Andremarietan, baina, ordutegi zabalagoa izango du egitasmoak: 11:30etik 14:00etara ez ezik, 18:00etatik gauera arte izango dute irekita.