Azkoitia, mendiko zaldiaren balioa erakusteko plaza

Kris Fernandez 2026ko abuztuaren 10a

Azkoitiko Andre Maria jaiek berrikuntza nabarmena izango dute aurten: Gipuzkoako I. Mendi Zaldi eta Behorren Txapelketa egingo dute lehen aldiz festetan. Lurgintza elkarteak antolatuta, mendiko zaldi eta behorren lana eta balioa ezagutaraztea du helburu ekintzak, baita sektoreari ikusgarritasuna ematea eta zaldi hazleen arteko topagune izatea ere. Antolatzaileen esanetan, txapelketak ikuskizuna ez ezik, mendiko abeltzaintzaren garrantzia herritarrengana gerturatzeko aukera ere eskainiko du. Andre Maria festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Euskal Herriko hainbat txokotan ezagunak diren arren, mendiko zaldi eta behorren txapelketak ez dira orain arte Urola Erdian antolatu. Dena den, hori aldatzera doa: izan ere, Azkoitian jokatuko da Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa. Andre Maria jaien barruan egingo dute lehia; abuztuaren 17an, hain zuzen ere, Plazaberrin, 09:30etik aurrera.

Lurgintza nekazal kooperatibak antolatu du txapelketa, eta arduradunek azaldu dutenez, aspalditik nahi zuten horrelako lehia bat egitea. Izan ere, Agurainen (Araba) ospatzen den Abere Azokan urtero egiten dute Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazako zaldi azienden lehiaketa; Euskal Herriko azoka zaharrenetakoa da Aguraingoa –630 urte baino gehiagoko historia du–.

Txapelketa hori Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak elkarrekin antolatzen dute, eta horrez gain, Bizkaiak eta Arabak beren txapelketak dituzte. Gipuzkoan Zumarragako Santa Luzia festetan izaten da mendiko zaldien txapelketa, baina Lurgintzak formatua aldatu nahi zuen Azkoitiko hitzordurako: "Zumarragakoa erakusketa moduan egiten dute, eta Azkoitikoa beste modu bateko txapelketa izango da: ring bat muntatuko dugu eta han erakutsiko dituzte zaldiak. Orain arte ez zen horrelako txapelketarik egiten Gipuzkoan, eta jendeak eskatzen zuen horrelako zerbait egitea. Formatu erakargarriagoa dela uste dugu", azaldu du Lurgintzako Julen Etxanizek.

Azkoitia izango da, beraz, Gipuzkoako lehen txapelketaren plaza, eta Etxanizek adierazi duenez, "zortea" da hori. Izan ere, dermatosi nodular kutsakorra dela eta, behien txapelketak debekatu zituzten, eta horrek Azkoitiko Blonda Txapelketa bertan behera uztea ekarri zuen, nahiz eta uztail bukaeran debeku hori altxatu zuten. "Hori horrela, bertako ganaduzaleek zaldien erakusketa egiteko asmoa zuten, eta Lurgintzako kideok txapelketa bat egiteko ideia bagenuenez, udalarekin harremanetan jarri ginen proposamena aurkezteko". Udal ordezkariek "berehala" onartu zuten proposamena, eta hala egingo dute Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa andremarietan.

Txapelketaren lehendabiziko aldia izanda, ziurgabetasuna sentitu dutela onartu du Etxanizek: "Lehiaketak antolatzeko esperientzia badugu, eta, beraz, alde horretatik zalantzarik ez dugu izan, baina ganaduzaleak parte hartzera animatuko al ziren ez jakiteak bai sortu digula kezka. Mendiko zaldiak uda garaian mendian ibili ohi dira, eta zaila izan daiteke haiek kalera ekartzea".

Hala ere, dena ondo joan da, eta horrenbestez, abuztuaren 17an euskal arrazako zaldiez eta behorrez gozatzeko aukera izango dute herritarrek Plazaberrin. 09:30ean hasiko da lehia, eta, guztira, hamabi parte hartzaile izango direla aurreratu dute antolatzaileek: "Dozena bat ganaduzale eta 62 zaldi eta behor izango dira".

Lehia eta festa

Mendiko zaldien eta behorren txapelketa batean, epaimahaiak animaliaren kalitate morfologikoa eta arraza ezaugarriak baloratzen ditu batez ere. Irizpideak txapelketaren araudiaren arabera zertxobait alda daitezkeen arren, normalean honako alderdi hauek hartzen dira kontuan: arrazaren tipikotasuna, morfologia orokorra, mugimendua eta aurkezpena eta zaintza. "Azkenean, Euskal Herriko arrazak ezaugarri zehatz batzuk ditu, eta ezaugarri horietara gehien hurbiltzen denak eskuratuko du garaipena", adierazi du Etxanizek.

Abuztuaren 17koa azkoitiarrentzat zein bisitarientzat ikuskizun ederra izan daitekeela uste dute Lurgintzakoek: "Abere horiek ezagutzen ez dituztenentzat hitzordu polita izan daiteke; izan ere, animalia ederrak dira, dotoreak, eta horiei begira, gozatu egingo dute. Hori bai, animaliak dira eta zentzuz joka dezagun; zaindu ditzagun". Ikuskizunaz harago, txapelketak mendiko zaldiaren sektoreari eta bertako arrazari ikusgarritasuna emateko ere balioko duela nabarmendu dute antolatzaileek, herritarrak sektore horretara hurbilduz. Era berean, urte guztian zehar baserrietan eta zelaietan ingurunea zaintzen ibiltzen diren pertsonak herrira gerturatzeko ere balioko du hitzorduak, horiek "festaren parte" senti daitezen lagunduko du. Gainera, Euskal Herriko mendiko zaldiaren arraza galzorian dagoela gogoratu du Etxanizek: "Azken hogei urteetan ganaduzaleek lan ikaragarria egin dute arraza bizirik mantentzeko, eta azken urteotan egonkortzea lortu den arren, arriskuan jarraitzen du".

Euskal arrazako zaldiaren haragia jateko egokia den arren, Euskal Herrian oso ezezaguna da. "Batik bat, Italiara saltzen da. Oso gozoa da haragia, benetan ona, eta erakunde desberdinak eta ganaduzaleak lanean ari gara Euskal Herrian bertan sustatzeko. Horrelako lehiaketetan dastatzeko eskaintzen da, eta jendeak oso harrera ona egiten dio, baina, gero, harategietan ez da saltzen. Ea poliki-poliki lortzen dugun zaldiaren haragia Euskal Herrian bertan kontsumitzen hastea".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide