Duela mende erdi sortu zenetik, Sahatsak Urola Erdiko herriak lotu ditu euskal dantzaren bidez, belaunaldiz belaunaldi ondarea eta zaletasuna transmitituz. 50. urteurrenaren ospakizun betean, dantza taldeak aurtengo Andre Maria jaiei hasiera emango die txupinazoarekin, bailararen izaera eta dantzarekiko konpromisoa plaza nagusira eramanez. Hala ere, 50 urte atzera egin beharra dago euskal dantzen eta kulturaren taldeak egindako lana ulertzeko.
Urrestilla, 1976. urtea. Horiek dira Sahatsa taldearen sorrerako datu nagusiak. Garai hartako Urrestillako gazteak festaz festa ibiltzen ziren, eta bisitatzen zituzten herrietako jendea dantzan ikusten zuten, baina beraiek ezin zuten gauza bera egin ez zekitelako dantzan. Hala, ikastea erabaki zuten.
Sasoi hartan, Urrestillara iritsi berria zen Felix Azurmendi apaiz gaztea, eta auzoko gazte haiekin harreman estua egin zuen. Gazteek ez zekiten nondik hasi dantza egiten ikasten, baina Azurmendik Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) bazituen dantzan zekiten lagunak. Orduan, lagunei irakasle izateko prest egongo al ziren galdetu zien, eta baiezkoa jasota, asteburuetan Urrestillara joaten hasi ziren hango gazteei dantzan irakastera. Bailarako gainontzeko gazteei taldean parte hartzeko aukera eskaini zieten, eta, modu horretan, dantza taldeak hasieratik hartu zuen bailarako izaera. Azpeitiko nahiz Azkoitiko gazteak batuta, lehen pausoak irailean eman zituen Sahatsa taldeak, eta lehendabiziko emanaldia, berriz, martxoan eskaini zuten, Loiolako festetan.
Testuinguru berezian sortu zen taldea; izan ere, urtebete lehenago bakarrik, 1975eko azaroaren 20an, zendu zen Francisco Franco diktadorea. Heriotza hura izan zen bere diktadurarekin amaitzeko lehen urratsa, nahiz eta frankismoa ez zen berehala desagertu. Hala ere, trantsizio politikoarekin batera aldaketa sakonak etorri ziren, eta Euskal Herrian bereziki nabarmena izan zen euskal nortasuna, hizkuntza eta ohiturak berreskuratzeko ahalegina. Helburu eta asmo horiekin ekin zion Sahatsak ere bideari. "Dena egiteko zegoen urte haietan, eta gazteak lanerako gogoz zeuden euskara eta euskal kultura sustatzeko bidean", gogoratu du taldeko kide Pello Larrañagak.
Sahatsaren sustatzaileak parranda girorako hasi ziren dantza ikasten, baina azkar konturatu ziren dantza proiektu sendo bat egon zitekeela atzean. Izan ere, gazte haiek euskal kulturaren aldeko grina bizia zuten ordurako, batik bat, etxetik eta familiatik jasota.
"Garai hartan, gu gazteak ginen, baina gurasoak saiatu ziren guri Euskal Herriko ohiturak transmititzen, eta horrek gugan eragin nabarmena izan zuen. Ikastolen sorrera ere horren adierazle da. Gutako asko txikitatik hasi ginen dantzan; gogoan ditut oraindik Artxamendi ikastolan egiten genituen saioak, eta herriz herri ibiltzen ginen dantzari txiki talde gisa. Pixka bat koskortzean, Sahatsan dantzan jarraitzea zen normalena. Baina etxetik jasotako grina zen oinarria", adierazi du Kontxi Larrañaga kide ohiak.
Ibilbide oparoa
Dantza taldeak lehen pausoak herri txiki batean eman izana berehala nabaritu zuten, eta Urrestillan aterperik ez zutenez, Azpeitiko Azoka Plazara mugitu zen taldea, entseguak bertako estalpean egin ahal izateko. Urte mordoxka bat han igaro ondoren, Azkoitira egin zuen salto taldeak –1991. urtean, zehazki–, eta ordutik Baztartxo antzokiko gela batean dute kokaleku ofiziala.
Zaila da zenbatzea urte hauetan taldetik igaro diren dantzari eta musikari guztiak, baina ehunka izan dira. Eta ehunka dira, era berean, eskaini dituzten emanaldiak. Bidean sortutako oroitzapenak, berriz, milaka dira, baina Sahatsako kideek badituzte gogokoenak. Alain Sorazu gazteak, adibidez, baditu batzuk gogoan: "Zentzu bat izan duten ikuskizunak sortu izan ditugu. Matalaz, adibidez, izen bereko pertsonaiaren inguruan sortutako emanaldia izan zen, eta musika, dantza eta antzerkia uztartu zituen. Horrez gain, ni gaztea naiz eta ez nuen bizi izan, baina kide askori entzun diedanez, Suitzan eskaini zuten emanaldia oso berezia izan zen".
Hala baieztatu du Larrañaga musikariak; izan ere, egindako irteera guztietatik "bereziena" hura izan zela dio: "Bertaratu ziren ikusleek dena eman zuten gure ikuskizunean, txalo zaparrada ikaragarria jaso genuen, eta benetan markatuta utzi gintuen emanaldia izan zen. Eta, horrekin batera, Katalina Erausoren inguruko pastorala nabarmenduko nuke. Pastoral batean parte hartzeaz gain, horrelako emanaldiek nola funtzionatzen duten eta atzean zer lan duten ikustea izugarria izan zen".
Izan ere, edozein ikuskizunen atzean dagoen lana ezin da transmititu zuzenean, baina Sahatsako kideek jakin badakite urteetan zehar zenbat lan egin duten, eta gaur egun, oraindik, bide beretik jarraitzen dutela. "Dantzariok, azkenean, esandakoa dantzatzen dugu, baina sorazutarrek eta Juan Luis Lizabe zuzendariak egiten duten lana ezin da hitzez azaldu", dio Kontxik. Dantzak, koreografiak, musika, jantziak... arlo asko koordinatu behar dira, baina "gustura" egiten duten lana da.
Ospakizunekin hasita
Ekainaren 14an abiatu zituen Sahatsak 50. urteurreneko ospakizunak Urrestillan, taldearen sorterrian. Bertan elkartu ziren Sahatsaren hastapenetako kideak eta gaur egun taldean dantzan dihardutenak; guztira, 60 ezpata dantzari eta hainbat txistulari aritu ziren, belaunaldien arteko lotura eta taldeak bost hamarkadatan zehar ehundu duen ondarea agerian utziz.
Urteurren berezirako, gainera, egungo kideak ez ezik, aurrez ibilitakoak ere batu dira; 25 bat kide ditu gaur egun Sahatsak, eta urteurreneko saioetan eta entseguetan 60 eta 70 lagun artean biltzen dira. Horien artean dago Kontxi Larrañaga bera, edota taldearen sorrerako partaide izan ziren Julian Kortajarena eta Joxe Miel Odriozola. "Gogoz" dago jendea, eta dantzari ohi asko bertaratu dira urteurreneko emanaldietarako: "Inork ez zuen espero horrenbeste pertsona bilduko ginenik; izan ere, adinean aurrera egin dugu eta kostatu egiten zaigu. Hori bai, Lizabek egurra berdin-berdin ematen digu! Giharretako mina izan, lesionatuta egon, 20 edo 50 urte izan... berdin du".
Urrestillakoaz gain, Azkoitiko San Joan suaren bueltan ere eskaini zuten emanaldia ekainean, eta uztailean, aldiz, Azpeitia Dantzan jaialdian parte hartu zuten. Ospakizunak, ordea, ez dira saio horiekin amaituko. "Taldetik igaro diren dantzariekin batera bi emanaldi eskainiko ditugu irailean, bata Azpeitian eta bestea Azkoitian, eta bi saioetan urte hauetan guztietan egin ditugun emanaldi desberdinetako atalak erakutsiko ditugu. San Andres festetan ere izango gara, abesbatzarekin eta Udal Musika Bandarekin batera. Saio horretan gaur egungo kideek bakarrik parte hartuko dugu, eta 50 urte hauetako pintzelkadak agertuko ditugu. Eta emanaldi bera eskainiko dugu Azpeitian, baina 2027. urtean. Era berean, erakusketa bat ere ari gara prestatzen, bi herrietan ikusteko aukera izango dena", azaldu du urteurreneko ospakizunak antolatzeko taldean dabilen Sorazuk. Urteurren borobilari amaiera emateko, berriz, 2027ko martxoan berriro Loiolara itzultzeko asmoa dute, "sorrerari eta lehen emanaldi hari keinu garbia eginez".
Suziria, ginga
Pastel zaporetsu baten gingaren gisan, abuztuaren 14ko eguerdian Azkoitiko udaletxeko balkoitik festei hasiera emango dien txupinazoa jaurtiko dute Sahatsako kideek. "Pozik eta gustura" hartu dute berria, taldeari eta haren ibilbideari egindako "aitortza" delako. "Azkoitiko herri osoaren aurrean zerbait egin dugula aitortzea ederra da, eta polita da ikustea gurekin gogoratu direla suziria jaurtitzeko", dio Pellok.
Izan ere, reggaetoi edota doinu urbanoak nagusitzen ari diren garai hauetan, euskal kulturaren alde lanean ari direnei aitortza egitea garrantzitsua dela uste dute dantza taldeko kideek: "Sahatsa oso egoera onean dagoela esan dezakegu, baina joera garbia da; euskal ohiturak galtzen doaz. Zer pentsatua ematen du horrek, eta horregatik, txupinazoa jaurtitzeak ematen duen ikusgarritasuna izatea pozgarria da". Sahatsak garai berrietara egokitzen jakin du, eta hori izan daiteke haren osasun onaren sekretua. Adibidez, gaur egun, neskek nahiz mutilek genero bati zein besteari egokitutako dantzak egiten dituzte. "Naturalki gertatu da. Gizartearekin batera joan garela esan daiteke, eta, azkenean, pertsona bat gai bada dantza bat egiteko, zergatik ez egin? Zortez, gurean dena oso ondo doa, eta mutilen presentzia handia dugu. Historikoki Gipuzkoan dantza talde indartsuak izan direnek inbidia puntu bat agertu dute, eta zera esan izan digute: 'A zer talde ederra duzuen!'", adierazi du Larrañaga musikariak.
Sahatsaren talde giro bikainaren adierazle izango da abuztuaren 14an, andremarien hasierako ekitaldian, udaletxeko balkoira igo eta suziria piztea. "Taldekideak tragoa elkarrekin hartzeko elkartuko gara, eta falta diren denekin gogoratuko gara", adierazi dute.
Suziria jaurti eta urteurrena amaituta, ordea, zeintzuk izango dira Sahatsaren etorkizuneko erronkak? Taldekideek ez dute zalantzarik: "Euskal kultur talde gisa egin dezakegun gauzarik garrantzitsuena orain arte bezala jarraitzea da. Ez da erraza gogoaren eta beharraren arteko oreka aurkitzea, baina emanaldiak tamainan antolatuko ditugu, gehiegizko saioek eragin dezaketen nekea saihesteko".