Ama nahi dezunian, jokaizu loterixe..." Urte osoa egun horren zain egoten naiz. Egia esan, abuztuaren 19an ez dugu gauza bera esaten: "Amaitu dira andremaixek?". Eta, bestalde, eskerrak amaitu diren, bestela... kar-kar-kar.
Gaztea edo umea nintzenean, gurasoekin kanpora joaten nintzen abuztua pasatzera, baina 16 urterekin, festa zer zen jakin nuenetik, ez dut sekula Andre Maria festetan huts egin. Oporretara joaten naiz edo saiatzen gara behintzat, baina andremarietarako, beti, herrian egon behar izaten dut.
Andre Maria bezpera, txupinazo eguna, egun potenteena dela esango nuke; gorputza fresko oraindik, eta indarrarekin. Lagunekin elkartu, poteotxoa egin, bazkaldu, segi poteatzen, abestu, kontzertuak ikusi –bai plazan, bai txosnetan–, dantza egin, eta betikoa, "ahal dunak ahal duna", bestela... Ederra eguna!
Abuztuaren 15a, Andre Maria eguna ere ederra, oso ederra, ikaragarria. Aurreneko eguneko txoro haizearekin oraindik, bazkaldu, pilotalekura joan, poteatu, eta nola ez, plazan asko maite ditugun film laburrak ikusi eta gozatu. Film laburrak niretzako eta gure kuadrillakoentzako oso bereziak izan dira urte askoan. Asko eman digu egun horrek, eta arriskatzen naiz esatera, eman ere eman dugula pixka bat. Orain gazteen ordua da! Animatu film laburrak egitera! Ederra izaten da plazan sortzen den giro hori. *
Abuztuaren 14a eta 15a maite ditut gehien. 16an kontzertu potentea egon ohi da, eta giro polita sortzen da. 17a batzuentzat biharamun eguna, baina ezin dugu ahaztu Baserritar Eguna izaten dela. Gora baserritarrak! Eta 18a egun berezia da denontzat: erdi mozorrotuta denok leloago ibiltzen garela inork ezin du uka.
"16 urterekin festa zer zen jakin nuenetik, ez dut huts egin sekula andremarietan"
Andremariak ondo pasatzeko dira. Uste dut denon helburua ondo pasatzea dela. Horrelako hitzak esateko egunak ere badira: "Bua earra egune", "kaña preskue earki sartzeaba", "faorez", "eskerrik asko", "barkau", "matte zattut" eta abar. A! Ta...: "Hoi ondue!".
Batzuetan edalontziko izotzak ez digu laguntzen eta gauza batzuk ez ditugu nahi bezain ondo egingo, baina intentzio txarrik gabe.
Pena txiki bat ere badut. Ez dakit pena edo beldurra den. Gaur egun geroz eta jende gehiagok egiten du antza: lehenengo bi egun festetan pasatu eta gero kanpora oporretara joan. Agian bi egun nahikoa dira festa egiteko, baina niri, benetan, pena ematen dit. Eta agian urteren batean neu izango naiz kanpora joango dena, baina esan beharra neukan. Azkenean, egun guztiek dute bere xarma. Baina biharamunak askotan indar gehiegi izaten du; ulertzen zaituztet, pasatzen da.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet andremarietan eta urte osoan boluntario lanetan ibiltzen diren guzti-guztiei, musu-truk, herritarrok ondo pasatzeko egiten duten lan guztiagatik. Eta AGAkoei, nola ez, eskerrak, txosnak eta txosnetako egitaraua antolatzeagatik.
*"Ana nahi dezunian soltaizu karterie, zergatik nahi dugulako, Misillentzat Misillentzat aterpie!"
Ondo pasau andramaixek!