Energia planak sustatzeko aldundiaren diru laguntza jaso du Iraurgi Berritzenek

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 13a

Asensio eta Alkorta, akordioa eskuetan. (Aldundia)

Urola Erdiko Iraurgi Berritzenek 120.000 euro jasoko ditu aurten eta datorren urtean, energiaren arloko proiektu estrategikoak planifikatzeko eta garatzeko. Diru ekarpen horren bidez, garapen agentziak energia arloko hainbat lan egingo ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1,2 milioi euro bideratuko ditu eskualdeko energia planak indartzeko eta bidezkoa, jasangarria eta herritarrengandik hurbila izango den energia trantsizioan aurrera egiten jarraitzeko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta lurraldean lan egiten duten eskualdeko hamar garapen agentzietako ordezkariek hitzarmena sinatu dute, tartean, Urola Erdiko Iraurgi Berritzenek. Azpeitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko presidentea den Nagore Alkortak sinatu du akordioa aldundiarekin.

Urola Erdiko garapen agentziak 120.000 euroko ekarpena jasoko du; 60.000 euro aurten, eta beste horrenbeste, datorren urtean. Diru ekarpen horren bidez, hainbat lan egingo ditu: sentsibilizazio jarduerak abiaraziko ditu, energiaren eskualdeko bulego baten bideragarritasuna aztertuko du eta energia eraginkortasunaren zein energia berriztagarrien diagnostikoak egingo ditu. 

Hitzarmen horien bidez, Jasangarritasun Energetikoaren eta Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren Estrategia indartzea nahi du aldundiak. Hala, energia berriztagarriak ezartzerakoan, eskualdeko plangintza eta ekintza sare baten bidez, udalerriek laguntza teknikoa, tresna espezializatuak eta laguntza izango dituzte, bai aurrezpenean nahiz efizientzia energetikoan aurrera egiteko, bai pobrezia energetikoa prebenitzeko nahiz zuzentzeko. 

Asensiok nabarmendu duenez, hitzarmen horiekin "egonkortasuna" emango diete eskualdeen energia plangintzei, eta "hurbiltasunean, erakundeen arteko lankidetzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako trantsizio energetikoko eredua" indartuko dute. "Trantsizio energetikoa lurraldetik eraikitzen da, tokiko errealitate bakoitzera egokitutako irtenbideekin", esan du diputatuak. 

Gainera, garapen agentziek hainbat lan ildo partekatuko dituzte, eskualde bakoitzean energia erreferente gisa duten zeregina sendotzeko. Besteak beste, udalekin elkarrizketa teknikoa izango dute, eskualdeko energia plangintza bultzatuko dute, Energiaren Eskualdeko Mahaiak dinamizatuko dituzte eta Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Gipuzkoako Lurralde Mahaian integratuko dira. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide