Beste urte batez, Urrategiko Amari fidel

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 12a

Urrategiko Eguna da gaur, eta urtero bezala, herritar asko elkartu dira batez ere meza nagusian. Hamaiketakoarekin zein bertso eta trikiti doinuekin borobildu dute eguerdia, eta arratsaldean jarraituko du festak. 

Urrategi auzoan festa egun betean dira gaur, herriko zaindaria den Urrategiko Amaren Egunean. Bero sapak ez du festa zapuztu, baina ohi baino jende gutxiago elkartu da gaur auzoan. Dena den, dozenaka izan dira han bildu diren herritarrak, askoren egutegian ondo bereizita egon ohi den eguna baita gaurkoa. 

Bi elizkizun izan dira goizean Urrategin, baina 11:00etakoa izan da meza nagusia, eta beraz, hara joan dira herritar asko. Meza amaituta, elkartea zabaldu dute, eta jan-edanera animatu direnak ere ugari izan dira. Behin sabela beteta, trikiti eta bertso saioen txanda izan da: Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak eta Zabale, Aintzane Agirrebeña eta Lutxurdio trikitilariak arduratu dira auzoa girotzeaz. 

Eguerdiko ekintzak amaituta, arratsaldean jarraituko da festak Urrategin, honako egitarau honekin:

  • 16:00: ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak. 
  • 17:00: Maria Arandiaren magia ikuskizuna. 
  • 18:00: herri kirol saioa: Haritz Aranguren Norde eta Lierni Osa harri jasotzaileak eta Julen Alberdi Txikia IV.-a eta Iker Vicente aizkolariak. 
  • Ondoren, Zabale, Aintzane Agirrebeña eta Lutxurdio trikitilariekin erromeria. 

Goizean bezala, arratsaldean ere doako autobus zerbitzua izango da Urrategira joan-etorria egiteko. Joateko autobusa 16:00etan aterako da Julio Urkixo geralekutik, eta bueltako zerbitzua 20:00etan izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide