Mus txapelketarekin, "dotore" hasi dituzte Urrategiko festak

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 11

Auzoko festei hasiera eman zien mus txapelketa jokatu zuten atzo gauean 47 bikotek, eta Olatxo eta Kere bikoteak irabazi zuen txapelketa. Gaur bazkaria egingo dute auzotarrek, eta bihar Urrategiko Amaren Eguna ospatuko dute. 

Urrategiko festak hasi zituzten atzo gauean, mus txapelketarekin. Antolatzaileen arabera, 47 bikotek parte hartu zuten auzoko elkartean jokatu zuten txapelketan, eta "dotore" joan zen ekitaldia. Olatxo eta Kere bikoteak irabazi zuen txapelketa, eta beraz, haientzat izan zen sari nagusia: txapela bana eta 350 euroko diru saria. 

Eizmendik eta Danik osatutako bikotea izan zen txapeldunordea, eta 150 euro poltsikoratu zituzten horiek; hirugarren, berriz, Oier eta Aner geratu ziren, eta haiek Isidro erretegian afaria eskuratu zuten; laugarren postuan, bestalde, Unai eta Xabi geratu ziren, eta haiek txuleta eta txanpan botila bana irabazi zituzten. 

Gaur jarraituko dute festek Urrategi auzoan, auzotarren bazkariarekin, baina bihar izango da jai egun nagusia, Urrategiko Amaren Eguna ospatuko baitute goizetik hasita. Gainera, festetara joan-etorria egiteko doako autobus zerbitzua eskainiko du udalak, goizez zein arratsaldez. Autobusa bueltaka ibiliko da 08:30etik 14:30era arte, eta arratsaldean, Urrategira joateko autobusa 16:00etan aterako da herrigunetik, eta bueltako zerbitzua 20:00etan izango da.

Honako egitaraua izango du biharko egunak. 

Bihar, igandea:

  • 09:00: meza.
  • 11:00: meza nagusia. 
  • 12:30: Joanes eta Xabat Illarregi bertsolarien saioa. 
  • Ondoren, Zabale, Aintzane Agirrebeña eta Lutxurdio trikitilariak. 
  • 16:00: ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak. 
  • 17:00: Maria Arandiaren magia ikuskizuna. 
  • 18:00: herri kirol saioa: Haritz Aranguren Norde eta Lierni Osa harri jasotzaileak eta Julen Alberdi Txikia IV.-a eta Iker Vicente aizkolariak. 
  • Ondoren, Zabale, Aintzane Agirrebeña eta Lutxurdio trikitilariekin erromeria.

(Argazkiak: Urrategiko Jai Batzordea) 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide