Mugak, memorian eta mapan gordeta

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 18a

Pertsona bat, GPS koordenatuak ateratzen. (Utzitakoa)

Azkoitiko Udalak herriko landa lursailen mugak zehazteko proiektu zabala du martxan duela bost urtetik. Guztira 3.159 lursail neurtu eta digitalizatu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, urte askoan belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu den informazioa betirako gordeta gera dadin. Ekaineko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Azkoitiko mendietan eta baserri inguruetan, harri zaharrek eta bide ertzek isilean gorde dute urte luzez belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza. Non hasten den lursail bat eta non amaitzen den bestea, zein erreka den muga, zein harri jarri zuten aitona-amonek, edo zein bidexkak banatzen dituen bi herri. Ez da beti paperetan ageri izan den jakintza, baina bai herritarren memorian iltzatuta geratu dena.

Memoria hori, baina, galtzen ari da pixkanaka. Belaunaldi aldaketak, abandonatutako sailak, salerosketak eta landa eremuko bizimoduaren aldaketak direla medio, lur askoren mugak lausotu egin dira. Eta horrek, askotan, zalantzak eta gatazkak ere ekarri ditu. Hori horrela, lanketa bat egiten dihardu Azkoitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, herriko landa lursailen mugak zehazteko proiektu zabal batean. Mugak GPS bidez neurtu, digitalizatu eta etorkizunerako gordeta uztea du proiektuak xede.  Egitasmoa ez da txikia. Guztira 3.159 landa lursail mugatzea aurreikusi dute udalerri osoan, 24 poligono katastraletan banatuta; 5.239 hektareako azalera hartzen du lanak. Bost urte daramatzate lanean, eta dagoeneko 2.130 lursailetan egin dituzte edo egiten ari dira neurketak. Horrek esan nahi du 3.200 hektarea baino gehiago aztertu dituztela dagoeneko.

Lanaren atzean Geograma enpresa dago. Cristina Galvan geometrialari adituak gidatzen du proiektua. Haren esanetan, xedea ez da soilik planoak eguneratzea: "Landa lursailen mugak behar bezala definitzea eta mugarriei GPS koordenatuak jartzea da helburua. Modu horretan, mugak modu zehatzean dokumentatuta geratzen dira, eta etorkizunean ere mantendu ahal izango dira, nahiz eta mugarriak ezkutatu edo jabeak aldatu". 

Azkoitia, lanketarako 24 poligono katastraletan banatuta. Laranja kolorez, amaituta daudenak; berdez, lantzen ari direnak; arrosaz, egiteko daudenak.

Harria baino gehiago

Landa eremuetan, muga bat ez da beti horma edo hesi bat izaten. Batzuetan harri zahar bat da; beste batzuetan, erreka txiki bat, ezponda bat edo basoan urteetan erabilitako bidezidor bat. Eta, askotan, soilik bertakoek ezagutzen dute erreferentzia. Hori dela eta, proiektua ez da GPS bat hartu eta lursailetara joatea bakarrik. Galvanek azaldu duenez, teknikariek katastroko eta kartografiako informazioa prestatzen dute aurrena. Ondoren, lur jabe bakoitzari bere lursailei buruzko koaderno txiki bat ematen diote, informazio guztiarekin, eta mugak berrikusi, mugarriak bilatu eta ondoko jabeekin hitz egiteko eskatzen diete. Adostasuna dagoenean, orduan egiten dituzte neurketak. 

Cristina Galvan, geometrialaria: "Mugak behar bezala definitzea eta horiei GPS koordenatuak jartzea da helburua"

"GPSak koordenatu zehatzak ematen ditu, eta datu horiekin dokumentu bat osatzen dugu; baina horren aurretik zer puntu neurtu behar den jakin behar dugu", dio Galvanek. "Horregatik da ezinbestekoa lur jabeen parte hartzea. Haiek dira eremua benetan ezagutzen dutenak". Eta horixe da, neurri handi batean, proiektuaren berezitasuna: teknologia modernoaren eta ahozko memoriaren arteko elkargunea dela. 

Galvanen arabera, jabe gehienek ongi ezagutzen dituzte beren lursailak, eta asko laguntzen dute, teknikariei lana erraztuz. Beste kasu batzuetan, ordea, lursailen mugen inguruko ezagutza galdu egin da urteen poderioz. Izan ere, mugarri batzuk sasiak estalita daude, beste batzuk desagertuta, eta badira adostasunik gabeko mugak ere. Halakoetan, jatorrizko geometria katastrala mantentzen dute. "Horregatik da garrantzitsua gisa honetako lanketak lehenbailehen egitea, jakintza gehiago galdu aurretik", dio Galvanek. Halaber, teknikariek diotenez, gatazkak saihestea ere bada helburuetako bat, hau da, etorkizuneko desadostasunak argitzea eta lursailei buruzko oinarri grafiko fidagarriagoa sortzea. 

Memoria zena, orain digitalean

Azkoitiko hainbat lur jabek dagoeneko ezagutu dute neurketa prozesua bertatik bertara. Horietako bat da Ibon Errazu, Geogramak landu dituen lursail batzuen jabea. Haren esanetan, proiektuak baditu alde positiboak, baina baita hobetu beharrekoak ere.

Neurketa prozesua 2022ko udan egin zuten haren lursailetan. Aurretik, Azkoitiko Udalak antolatutako bileretan parte hartu zuen Elkargunean. Bertan azaldu zioten zein izango zen prozedura, eta neurketak egiteko eguna ere zehaztu zuten. "Egun horretarako bideak eta mugak garbitzeko eskatu ziguten, eta hala egin genuen", azaldu du. Hala ere, kexu da antolaketan izandako gorabehera batzuekin: hitzartutako egunean ez omen ziren azaldu, eta bigarrenean, berriz, aurrez abisatu gabe joan omen ziren. "Halako akatsak egon ziren, baina orokorrean gustura gaude lanketarekin", dio.

Lanketa amaitu ondoren jabeei ematen dieten dokumentu zatia.

Errazuk nabarmendu du lur jabeen arteko adostasuna dela prozesuaren giltzarrietako bat. Hala, prozesuak zuzenketak egiteko ere balio izan die. Errazuk azaldu duenez, katastroko eta kartografiako informazioa ez zen zuzena lursail baten kasuan, eta zuzendu egin zuten. "Nire alde lursail zati bat ageri zen, baina esan genien ez zegoela ondo, auzokide baten zatia baitzen, eta aldatu egin zuten", azaldu du.

Ibon Errazu, lur jabea: "Lanketaren dokumentuetan gure lursailen mapak, horien neurriak eta GPS koordenatuak ageri dira"

Ondoren, adostasuna dagoenean, teknikariak bertara joan eta neurketak egiten dituzte GPS bidez. "Marra zuzenetan bi punturekin nahikoa izaten da, baina bihurguneetan puntu gehiago hartzen dituzte kurbaren forma emateko".

Neurketak amaitutakoan, lur jabeek dokumentazioa jasotzen dute; han lursailaren mapak, horien neurriak eta GPS koordenatuak ageri dira. Errazuk etxean gordeta dauzka, paperean eta formatu digitalean. Eta horixe da, azken batean, proiektuaren helburu nagusietako bat: belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu den lurraren memoria hori modu iraunkorrean jasota uztea. Halaber, Errazuk azaldu duenez, lursailen mugak ez ezik, urteetan erabilitako bide eta pistak ere badira landa eremuko egunerokoaren parte. "Pista batzuk guk sortu ditugu, aitzurrarekin. Horiek egiteko batzuek lana egin dute, baina beste batzuek ez", dio. Horregatik, bere ustez, interesgarria litzateke etorkizunera begira bide horien erabilerari buruzko irizpideak ere jasota uztea: "Ideala izango litzateke mugak zehaztearekin batera goiko pista edo beheko pista nork erabil dezakeen ere argitzea".

Herrien arteko muga, atarian

Atxuri baserrian, mugen kontua egunerokoaren parte izan da betidanik. Maribel Bastidak ondo daki hori, baserriaren alboan bertan baitauka Azkoitia eta Mendaro banatzen dituen herri mugarria. "Ni jaio nintzenerako hor zegoen mugarria", kontatu du. "Nire aitak ere hortxe ezagutu zuen. Betidanik jakin izan dugu zer den eta zeren muga zehazten duen".

Harriak A eta E hizkiak ditu alde banatan markatuta: Azkoitia eta Elgoibar. Izan ere, Mendaro sortu aurreko garaikoa da mugarria. Gaur egun, paradoxak ere sortzen ditu horrek: Bastidaren familia Mendarokoa da administrazioz, baina eguneroko bizitza Azkoitian egiten dute, gertuago ere badutelako. "Eskolara Azkoitira joan izan gara beti, Madariaga auzora edo herrira, enkarguetara ere halaxe joaten gara eta telefonoa ere Azkoitikoa dugu", dio irribarrez. "Mendarora udaletxeko kontuetara eta ospitalera baino ez gara joaten". Familiaren lursailen zatirik handiena ere Azkoitikoa da, baina, kasualitatea, baserria justu Mendaroko lurretan dago. Administrazio mugak alde batera utzita, argi ikusten da eguneroko bizitza gertutasunak markatu duela beti Atxuri baserrian. Atxurin bertan, gainera, bi muga mota dituzte elkarren ondo-ondoan: aipatutako herriena eta lursailena. Herri mugarriaren alboan beste txikiago bat dago, beheko baserriarekin duten lursailaren banaketa markatzen duena.

Maribel Bastida: "Ni jaio nintzenerako hor zegoen mugarria. Betidanik jakin izan dugu zer den eta zeren muga zehazten duen"

Mendaroko Udalak dagoeneko egin dizkiete bere lurren neurketak eta GPS koordenatuen inguruko dokumentuak ere jaso dituzte. Azkoitiko lanketa egitera, baina, oraindik ez dira iritsi Geograma enpresakoak. Azkoitiko lursailen banaketaren mapan ikus daitekeenez, 1. zenbakidun poligonoan daude sailkatuta Atxuriko lursailak; ondorioz, aurreikuspenen arabera, datozen bizpahiru urteetan iritsiko lirateke eremu horretan lanketa egitera. Atxurin, baina, gaur-gaurkoz "garbi" daukate zeintzuk diren beraien lursailen eta Azkoitiaren eta Mendaroren arteko mugak. 

Azkoitian egiten ari diren lanketa ez da kasu isolatua. Geogramak antzeko proiektuak egin ditu Gipuzkoako beste hainbat herritan ere, tartean, Azpeitian eta Zarautzen. Herriz herri antzeko egoerak topatzen dituzte: mugarri zaharrak, ahoz transmititutako mugak eta galtzeko arriskuan dagoen ezagutza. Horregatik, Azkoitiko lursailetan egiten ari diren lanketa herri baten memoria dokumentatzeko modu bat ere bada. Satelite bidezko koordenatuak erabiltzen dituzte, bai, baina egiaz jasotzen ari direna askoz zaharragoa da: belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza. Izan ere, aro digitalean ere, gauza batzuk ulertzeko gizakiaren memoria beharrezkoa da oraindik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide