Plazaberria da, inolako ezbairik gabe, herriko gunerik berezienetako bat. Herritarrek bezainbeste miresten dute herrira etorritako bisitariek Kale Nagusiaren zati hori. Bere izate horretan, baina, zeresan handia dute kale horretan beren erritmo propioan bizi diren tabernek eta hango tabernariek. Horietako bat da Alejandro taberna, eta hango barrako nagusia Imma Alzas (Azkoitia, 1968). Herriko beste tabernari bat gehiago da hura, gertukoa, langilea eta umoretsua, barraren bestaldean bizitza oso bat eraiki duena.
15 urte zituela hasi zen lanean Alzas bere gurasoen tabernan, aitari eta amari laguntzen. Harrezkero, lau hamarkadatik gora osatu ditu hark Plazaberri barreneko tabernan. "Aitak zabaldu zuen taberna, eta batzuetan laguntza behar izaten zuenez, laguntzeko hasi nintzen lanean", dio Alzasek. Duela 27 urte, berriz, tabernaren ardura bere gain hartu zuen, aitak lekukoa emanez. Alzasek dio taberna horretako "andarea" sentitzen dela, taberna honetan "jaio eta hazi" delako; izan ere, tabernaren erritmo berean egin du aurrera arduradunak ere: Alejandro Alzas da, eta Alzas Alejandro; aspaldikoa da bien arteko lotura.
San Martin auzoan jaio zen Alzas, eta oroitzapen "oso polita" du haurtzaroaz. Pasadizo txiki ugari ditu gordeta memorian, baina, haurtzarokoak dira gehienak. Hala, aitortzen du "haurra" sentitzen dela oroitzapenei dagokienez, "nerabezaroko kontu gutxi" etortzen zaizkio-eta kolpera. Gogoan du, esaterako, igandero aitarekin txanpiñoiak jatera joaten zela Mikel tabernara, baina txanpiñoiak gustatzen ez zitzaizkionez, aitak gozokiak erosten zizkiola Ortiz izozki dendan.

Bost senideko familia batean hazi zen Alzas. Gurasoak tabernan lanean aritzen ziren etengabe, eta horregatik, etxean anai-arreba guztiek ikasi behar izan zuten elkar zaintzen. Anai-arrebak ez ezik, taberna zaintzea ere guztien ardura zen, ordea. Hori hala, tabernarekiko kultura eta ardura umetatik ezagutu zituen hark. Tabernako kontuak beti izan ditu presente, eta nola ez, Alejandrokoak. 4-5 urte zituenerako sumatu zuen Alzasek tabernarekiko halako sentipen berezi bat, ohikoa zen-eta hura adin horrekin barra barruan edalontziak garbitzen ikustea.
Alzas aitaren odolekoa da. Tabernariak sarritan aipatzen du aita; ezinezkoa zaio bere lanbideari buruz hitz egiterakoan hura erdigunean ez jartzea. Soldadutza amaituta, 21 urte zituela etorri zen Alzasen aita Extremaduratik (Espainia) Azkoitira, eta herrian egin zuen bizitza osoa. 1973. urteko abenduaren 11n ireki zuen hark taberna, bere urtebetetze egunean. "Beti pentsatu izan dut nori bururatzen zaion bere urtebetetze egunean taberna bat zabaltzea; bada, nire aitari. Hark odolean zeraman tabernaria izatearen kontua; izan ere, Extremaduran ere bere osabak eta aitak Espainian ohikoak diren beti-betiko taberna xume horietako bat zuten".
Alzasek barru-barruan darama tabernaria izatearen kontua, eta nola ez, Alejandro taberna, han aurkitu du-eta bere habia. Jendearekin hartu-emana izatea du gustuko. Urteotan guztiotan, herri oso bat ezagutu duela sentitzen du; belaunaldi desberdinetako jendea ikusi du barraren bestaldean. Hunkituta gogoratzen ditu egun faltan diren bezeroak: "Tabernari esker mundu oso bat ezagutu ahal izan dut".

Taberna kontuak aldatzen
Ostalaritzakoa "lan gogorra" da, hala aitortzen du behinik behin Alzasek. Ordu asko eskaini behar izaten zaizkiola dio, batzuetan "esklabo lana" bihurtzeraino. Hala ere, ez du damurik bere ibilbidea tabernari bezala osatu izanaz. "Oso ondo pasatu izan dut tabernan". Horixe da gehien errepikatzen duen ideia: barraren atzean zoriontsu sentitu izan dela, sentitzen dela eta sentituko dela.
Azken urteetan, baina, barraren beste aldeak eraginda aldatu egin da ostalaritzaren mundua. Duela urte batzuk, txikiteoa, karta partidak edota goizaldeko ordu txikietara arteko egonaldiak ohikoak ziren herriko tabernetan. Alzasek gogoan du, era berean, langileek, lehen, lanera sartu aurretik nola jotzen zuen tabernara, kafea eta pattarra hartzera.
Gaur egun, "bestelako erritmo batean" bizi dira herritarrak. Jendeak, orain, bestelako lotura bat du tabernarekiko, haren aburuz beste ordu batean eta bestelako modu batean jotzen dute-eta orain bezeroek tabernara. "Orain apenas dago txikiteorik. Orain, poteoa egiten da, ahalik eta luzeena. Modu guztiek dute bere xarma, eta ona da ohiturak aldatzen joatea. Lehen langileek ohitura haiek zituzten, baina orain bestelakoak dira joerak".

Bestelako ohitura batzuekin hasi dira gazteak taberna munduan murgiltzen, eta galdu egin dira nagusienenak. Hala ere, moldatzen jakin du, egungo egoerara egokitzen. Tabernariaren esanetan, orain ostegun arratsaldetik aurrera hasi ohi da kalean mugimendua, eta igande eguerdian amaitzen da. "Aste barruan ez dago ezer; posible da lanera etorri zaren modura itzultzea etxera. Igande arratsaldean, berriz, jendea astelehenarekin pentsatzen hasten da". Dena den, Alzasek dio azkenaldian gazte gehiago hurbiltzen dela bere tabernara, eta horrek bereziki pozten du: "Harro sentiarazten nau horrek".
Arrazoi hori tarteko, Alzasek adierazi du nahiago duela behin lanera etorrita "lana behar bezala" egitea; "gorroto" du gora begira egotea. Lan asko egitea eragiten duten arren, herriko egun bereziak maite ditu tabernariek, eta mardulenen artean aipatu ditu, besteak beste, Pilotari Eguna, Beltzen Eguna eta San Andres eguna. "Polita jartzen da herria halako egun berezi eta koloretsuetan. Karnabalak ere lehen asko gustatzen zitzaizkidan, baina azkenaldian higuin pixka bat hartzen hasia naiz. Andremariak, bestalde, astunak egin izan zaizkit beti. Gabon gaueko poteoa ere ikaragarri gustatzen zait".
Barraz kanpo ere, bera
Alzas ez da soilik tabernaria. Gainerako ofiziokide guztiek bezala, hark ere badu beste alde bat, bere-berea duen aurpegia, bere zaletasunetan murgiltzen duen aldea. Bere burua zaintzen, irakurtzen edo dantzatzen gustura sentitzen den emakumea da, ama. Intrigazko eleberriak irakurri zalea da, trilogiak ditu gustuko, eta tabernan bezerorik ez duen orduak baliatzen ditu horretarako.
Umorea ere bere nortasunaren parte da. Aurpegijera serioa duela dirudien arren, begirada gurutzatzerako egin ohi du irribarrea; erraietatik ateratzen zaion zirikatzaile senak eragiten dio hari barrea. Herrian ezagunak egin dira inuzenteen egunean bezeroei egin izan dizkien txantxak: Gabonetako loterian seigarren saria tokatu zitzaiela esanez taberna itxiko zutela iragarri zuen behin, baita jubilatuen taberna hartzera zihoala esanez botatako gezurtxoa ere. "Jendea xaxatzea asko gustatu izan zait", dio barrez.

Kontaezinak zaizkio bere tabernatik igaro diren pertsonen izen-abizenak, eta ezinezkoa zaio haietako bakoitzarekin izandako bizipenak gogora ekartzea. Taberna zuloan izan diren anekdota guztiak oroitzeko ere lanak izan ditu, baina burua barra aldera biratu orduko otu zaio bat, irribarrea azaleratu dion bat gainera. Oraindik ere ezin du ahaztu behin bezero bati hortzordeak barra gainera erori zitzaizkion eguna: "Egun guztian zehar ezin izan nion barreari eutsi. Hortzorde haiek klas, klas barraren alde batetik besteraino joan ziren bakar-bakarrik. Ikaragarria izan zen une hura".
Etorkizunari buruz hitz egitera ere ausartu da, baina ezer esaterako geldialdia egin du, arnasa hartu, eta zera esan: "Adinean aurrera noa, eta etorkizunean hausnartu beharrean nago. Nire osasuna lehenetsi behar dut". Asko du pentsatzeko, baina asko eman du Alzasek, izan barra barrutik edo kanpotik.
Motzean
- Adina: 57 urte.
- Ikasketak: Oinarrizko ikasketak.
- Lanbidea: Tabernaria.
- Tabernaria ez banintz... ez dakit beste ezer egitea gustatuko litzaidakeen.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... dantza egitea eta irakurtzea.