Bilboko hiri zarataren eta etengabeko mugimenduaren erdian, isiltasuna eta lasaitasuna arnas daitezke musika kontserbatorioaren sotoan. Solairuaren barreneko tailerrean, dozena bat lagun arretaz eta soseguz ari dira eskuekin egurra lantzen. Aurreneko bistan, izan zitekeen aroztegi txiki bat, baina hormetan zintzilikatutako biolinek, biolek zein biolontxeloek erakusten dute hori baino gehiago dela: Belle Bilboko lutheria eskola da, Iberiar penintsula osoko halako ikastetxe publiko bakarra. Mundu modernoaren ertzean, han denborak atzera egiten duela dirudi, eta hala da, hein batean. Artisau bokazioak eta musikarekiko zaletasunak bat egiten duten horretan, Luis Artolak (Azkoitia, 1965) bi pasioak ditu bere.
Zein da zure egitekoa Belle eskolan?
Arkudun hari instrumentuak egiten irakasten dugu lau irakasleren artean: biolina, biola eta biolontxeloa. Ni eta beste bi irakasle biolingintzan gara espezialistak, eta lehen ikasturteko ikasleen tutorea ere banaiz. Lehenengo mailan biolinak egiten ditugu: enborretik, huts-hutsetik hasi, zatitu, egur puskak atera, eta horietatik biolinaren saihetsak, sabela eta bizkarraldea, hau da, kutxa, osatzen dugu. Ondoren, masta edo giderra egiten dugu. Oraintxe bertan masta egiten ari gara, kizkurra zizelkatzen eta abar. Laster hasiko gara muntatzen, masta eta kutxa uztartzen, ondoren hariak-eta jartzeko. Irailean hasten gara biolina sortzen, eta ekainean bukatzen dugu; musika tresna soinua ateratzeko moduan uzten dugu. Hori izaten da urteroko helburua. Lehenengo ikasturtean biolina sortzen dugun moduan, bigarrenean biola egiten dugu, eta azkenengoan, txeloa. Horrez gainera, instrumentuak konpontzen irakasten dugu, luthier ofizioaren irtenbide nagusia musika tresna konpontzea eta prestatzea izaten baita, musikariek dituzten arazoei irtenbidea ematea.
Guztia eskuz egiten al duzue?
Bai. Gure eskolaren egitekoa da tradiziozko ofizioa, eskulana, irakastea. Ikasleek normalean lokartuta izaten dituzten trebeziak garatzea da gure helburua. Prozesu hori garunean hasten da, ulertu egin behar delako lehendabizi. Gero, ikusmenean garatzen da, planoak, eskuadrak, gangak eta abobedadoak ikusteko landu egin behar delako begia; izan ere, horiek ikusi ezean, ezin dira landu formen armonia eta dotorezia. Ondoren, gorputzaren jarrera eta eskuaren teknika ikasten dira, eta hain zuzen, horixe garatzen pasatzen ditugu hiru urte, lanik handiena horretantxe baitago. Eskulanaren jakintza berreskuratzea eta irakastea, horixe da gure ofizioaren balioa.

Eskulana oinarrian duen luthierraren egitekoak askotariko diziplinak barnebiltzen ditu: zurgintza, fisika, matematika, akustika…
Alde horretatik, oso ofizio polita da, diziplina artistikoa, fisikoa, ingeniaritzarena, historikoa... uztartzen baititu. Nolabait, artelan bat egiten dugu, baina musika helburua duena, eta helburu hori fisikoa, mekanikoa, da. Batetik, ezinbestekoa dira musika tresnaren garapena eta horrek gaur egun duen egitura ulertzeko jakintza historikoa. Bestetik, soinuaren jakintza dago: soinua da guztiaren oinarria, eta arlo hori guztiz fisikoa da; materialen mekanikaren ondorioa da, eta mekanika hori irakasten dugu akustikan, zeinak oinarri matematikoak eta fisikoak dituen. Diseinua ere irakasten dugu, instrumentuaren formak arrazoi bat izan ohi duelako, beti ere soinuaren funtzioari dagokionez. Azken helburua beti da soinua, instrumentua ez baita paretan zintzilik edukitzeko; helburua da orkestran entzuten ditugun profesional horiek asetzea.
Helburu hori lortzeko pauso guztiek azterketa mekaniko bat izaten dute: egurraren dentsitatea aztertzen dugu, eta ondoren, lanean hasten garenean, dardara egin behar duen kutxaren sabelaren edota bizkarraldearen lodierak aztertzen ditugu formula matematiko batzuk erabiliz. Azterketa horiek egiteko akustika gela bat daukagu. Azken finean, tresnaren formak zein lodierak azterketen ondorio dira, eta gu etengabe ari gara aztertzen: horiek kutxan zer presio egiten duten jakiteko tentsioak aztertzen ditugu; instrumentua jotzerakoan soinua aztertzen dugu... Soinuaren azterketa egiterakoan, software berezi batzuen bidez jasotzen dugu informazioa, eta horrela neurtzen dugu soinua nola ari den eragiten frekuentzia baxuetan, grabeetan eta agudoetan. Kutxak soinuari ondo ala gaizki eragiten dion jakiten dugu pauso horretan, eta doikuntzekin, hobekuntzak lortzen ditugu.
"Guk ulertzen dugu soinuaren mekanika instrumentuaren barruan: nola sortzen ari den eta arazoak nondik etor daitezkeen"
Luthierrak musikaria behar al du izan?
Ez da ezinbestekoa, baina musika ezagutu behar du. Ulertu egin behar ditu soinuaren egitura, mekanika eta hura sortzeko zein hedatzeko forma. Soinua entzuten ikasi egin behar da; ona izateko landu egin behar izaten da belarria, eskua bezala. Ni ez naiz musikaria, esan dezaket egurraren arlotik natorrela, material hori lantzeko trebezia izan dudalako, eta beharrezkoa nuen soinuaren arloaz gerora ikasi dut. Hori eskolan irakasten da, eta esperientziak ere laguntzen du: orduak pasatu ditut biolina jotzen, ikasten... Ez dakit biolina jotzen, baina badakit arkua pasatzen eta soinua sortzen; beraz, musika tresna joz jakin dezaket soinua nolakoa den. Hala ere, azken ukituak emateko beti behar izaten dugu biolin jotzaile on bat: hark biolina jotzen du, eta guk entzunda nabaritu behar dugu zer akats, muga edo desoreka dituen tresnak, gero konpondu ahal izateko. Izan ere, guk instrumentuaren barruko soinuaren mekanika ulertzen dugu: nola sortzen den eta arazoak nondik etor daitezkeen.

Zehaztasuna eta pazientzia, horiek bai badira luthier batek izan beharreko ezaugarriak, ezta?
Zehaztasuna bai, gauzak ondo edo polit egiteko gogoa izan behar da, eta horrek pazientzia izatea eskatzen du. Ideia horri buelta emanda, lanak berak behartzen du luthierra pazientzia izatera. Eskolara iristen diren ikasleek pazientziarik ez baldin badute, estututa edo urduri etortzen baldin badira, lanean hasi orduko lanak berak behartuko ditu baretzera. Azkar baldin badoa, estropezuka, arazoak sortuko zaizkio, eta etengabea ariko gara horiek zuzentzen. Beraz, pazientziarik gabe ezin da lanik egin, ezta zehaztasunik gabe ere. Arreta handia jarri behar da.
Teknologia berriek asko aldatu al dute luthierraren lana?
Oso kuriosoa da: duela 500 urte bezala ari gara lanean. Duela bost mendeko eta gaur egungo biolingileen lantokietan erreminta berberak ikusiko ditugu; ez dira batere aldatu tresnak. Aldatu dena da lan handiak edo gogorrak egiteko makina berriak erabiltzen ditugula; izan ere, arbastatzeko edo enborrak ebakitzeko, makina jakin batzuk ditugu orain: zerra elektrikoa, birabarkia, fresa... Baina horiek ez dira ezinbestekoak, eta berez, teknika ez da aldatu; alderantziz, gure ustez, galdu egin da giza teknologia, eskulanarena. Gaur egun ikusten ditugun lanak ikusita, duela 500 urte gauzen formak ikusteko eta eskuekin lan egiteko gaitasun handiagoa zegoela.
Jakintza gehiago zegoelako?
Adibide bat jarriko dut: baserritik gatozenok kaletik datorrenak baino gaitasun handiagoa dugu eskulanerako, eskuetan erremintak erabiltzeko. Hori aldera daiteke Amati edo Stradivari luthierren garaiarekin, duela bost eta hiru mendetako egoerarekin. Garai hartatik hona eskuaren gaitasuna galdu egin dugula esan daiteke, ez dugulako hainbeste behar. Erreminta elektrikoa dagoenetik, zurgintzan ere oso urri irakasten da eskulana. Gaur egun, ebanisteriatik edo zurgintzatik eskolara iristen diren ikasleek esku trebezia pixka bat izaten dute, baina asko falta izaten zaio biolingintzarako. Beharrezkoa ez delako galdu da gaitasuna.
"Astigarra ordezka dezakegu, baina izeia ez; izena naturak ematen duen material perfektua da soinuaren dardarari erantzuteko"
Egurra da zuen lehengaia. Horri ahalik eta soinurik onena ateratzeko, zer-nolakoa behar du izan zurak?
Egurrak ezaugarri mekaniko egokiak izan behar ditu, eta baditugu horretarako oso ezagunak eta bereziak diren mota batzuk: pianoaren sabela da garrantzitsuena, eta haren egurrak arina eta zurruna izan behar du. Gogorra astunarekin lotzen dugu normalean, baina badago arina eta aldi berean zurruna dena zur mota bat: izeia. Dena den, ezin du edozein izei motatakoa izan; oso leku garaietan eta hotzetan hazitakoa izan behar du, itsas mailatik 1.500-2.000 metrora. Leku hori Alpeak dira Europan; inguru horretako izeiak erabiltzen ditugu sabelak egiteko. Aldiz, saihetsak, bizkarra eta masta astigarraren egurrarekin egiten dira. Egur hori egokia da daukan dentsitateagatik, baina baita edertasunagatik ere. Izan ere, egurraren haria olatuak eginez bezala hazten da, eta ebakitzerakoan, mugimenduan, distira egiten du zurak. Hori oso ederra da, eta beraz, astigarrak ezaugarri egokiak biltzen ditu: mekanika, dentsitatea eta estetika. Astigarra ordezka zitekeen beste egur motaren batekin, baina izeia ez; izeia soinuaren dardarari erantzuteko naturak ematen duen material perfektua da. Horregatik erabiltzen da material berbera hari instrumentu guztietan.

Nolatan hasi zinen musika tresnak sortzen? Aspalditik al zara eskulangintzan abila?
Bai, egurrarekiko zaletasuna txikitatik, baserritik datorkit. Ondoren, gaztetan, Arantzazura (Gipuzkoa) joan nintzen, eta han, zizelkatzen-eta ikasi nuen frantziskotarrekin. Zaletasun hori betidanik izan dut, baina jardunez ikasi dudalakoan nago, ez bestela. Gero, urte askotan gizarte lanean jardun ondoren, egurrera bueltatzea erabaki nuen. Kasualitatez, instrumentugintza ezagutu nuen, Bilboko lutheria eskola. Eskolan hasi eta zer egiten zuten ikusi nuenean, erremintekin eta emaitzarekin maitemindu egin nintzen; buru-belarri sartu nintzen horretan.
Gero, zeure kasa jardun zenuen luthier lanetan.
Bai, eskolan ikasi ondoren, tailer bat muntatu nuen neure kabuz Getxon [Bizkaia]. Sei urtez jardun nuen autonomo moduan lanean, batez ere musika tresnak konpontzen.
Nolakoa da luthier baten lanbidea?
Tresnak konpontzea izaten da luthierraren lanik handiena. Berriak ere egiten dira, baina lanbide honetan, bizimodua ateratzeko modua da konponketena. Musika tresna horiek oso arinak dira, tentsio ikaragarria dute; pentsa, hariak tenkatuta jartzen direnean, 30 kiloko indarra egiten dute luzetara. Zubiaren bitartez, berriz, 8-9 kiloko presioa egiten da beheraka. Beraz, tentsioa muga-mugan izaten da, eta edozein kolpe txikirekin hausten edo pitzatzen da zerbait askotan. Beraz, soinuari doikuntzak egitea, zubiaren proiekzioa aldatzea... izaten dira konponketa ohikoenak. Lan asko ematen dute musika tresnek, eta horiek egunero sartzen dira tailerrera konpontzera, ikasleenak zein profesionalenak.

Konponketez gain, enkarguz egin izan al dituzu musika tresnak?
Batez ere konponketak egin izan ditut. Gainera, badago ikasleen artean instrumentu berriei lotutako merkatu bat. Instrumentu horiek industrialagoak izaten dira, merkeagoak, eta horiek hartu, ondo prestatu eta saldu egiten dituzte. Beraz, tailerreko beste lan bat izaten da tresna horiekin egiten dena. Irailean ikasturtea hasten da eskoletan, eta jendeak tresna behar izaten du biolina edo txeloa ikasten hasteko. Halakoetan, bigarren eskuko tresnetara jo daiteke, eta bestela, instrumentua muntatu eta berritu ere egin daiteke. Gu halako lanetan ere ibiltzen gara; hau da, musikariek dituzten behar guztiei erantzuteko prest egon behar dugu. Izan ere, musika tresna izan daiteke guk egindakoa edo beste bide batetik lortutakoa; prezioaren eta beharraren araberakoa izaten da hori. Guk egindako instrumentuak goi mailako profesionalentzat izan daitezke, eta 10.000 eurotik gora balio izaten dute, baina ikasle hasiberri batek ez du halakorik ordainduko. Mila euro azpitik salgai dagoen musika tresna batekin hasiko da beharbada, eta ikasten jarraitzea nahi badu, hobea lortuko du. Asko jarduten dugu musika eskoletako eta kontserbatorioetako ikasleentzat zein irakasleentzat tresnak egiten.
"Gero eta hurbilago dago perfekziora automatizazioaren bitartez iristea, baina guri eskulana gustatzen zaigu"
Eta norbaitek Stradivari biolin baten kopia egiteko eskatuko balizu? Luthierra halakoetarako ere prest izaten al da?
Ezin daiteke Stradivari bat egin, baina bai hark egiten zituenen gisako musika tresna. Stradivarirenak artelanak dira, eta prezioa ere halakoxea dute, zero askotakoa. Guk horien ereduak erabiltzen ditugu eskolan, proportzioari zein formari dagokienez oso eredu onak direlako. Duela 300 urte instrumentu hori bere garapen maila gorenera iritsi zela esan daiteke; beraz, optimizatuta dago erabat. Oso zaila da hobea egitea, baina hain onak egitea ez da oso zaila. Biolingile on batek egiten ditu halako instrumentuak; gaur egun, askok. Egin izan dira konparaketak itsu-itsuan, eta frogatu izan dute Stradivari batek bezainbesteko soinua edo hobea dutela gaur egungoek. Oso luthier ona izan zen Stradivari, eta haren ondoan beste batzuk ere bai; Warneri eta Amati, esaterako. Beste asko bezala, mito bihurtu dira horiek, baina egin daitezke eta egiten dira haiek egiten zituzten mailako instrumentuak. Guk horretarako irakasten dugu.
Azken hamarkadetan, automatizazioak indarra hartu al du sektore horretan ere?
Garai batean bezala jarduten dugu lanean, baina gero eta indar gehiago dute teknologiaren automatizazioak eta beste teknologia batzuek; adibidez, eskanerrek edo neurtzeko erabiltzen diren tresnek. Gaur egun, zehaztasun handiz dakigunez biolinak soinu ona ateratzeko zer forma, material, ezaugarri eta lodiera behar dituen, posible da datu horiek automatizazio prozesuan sartzea eta emaitza oso onak lortzea. Hori bai, gero tresnari akabera eskuz ematea ere posible da, eskuz egina dela esan ahal izateko. Hori duela urte gutxiko aurrerapena izan da; izan ere, lehen automatizatzen zen, baina soinuan eragiteko gaitasunik ez zegoen, eta gaur egun, bai. Ariketa akustiko asko egin dira, guk ere egin ditugu, eta azterketen emaitzak programetan sartzeko ari dira erabiltzen; horrek emaitza nahiko onak ahalbidetu ditu. Gaur egun, eskanerrak aukera ematen du aitzinako instrumentu bat hartu eta berdin-berdina erreproduzitzeko. Zein da desberdintasuna? Egur guztiak ez direnez berdinak, egurraren gaitasunak egokitu egin behar zaizkio bere dentsitateari. Beraz, errepikatze hutsak ez du beti emaitza ona ematen, emaitza beti ez delako bera. Ondorioz, egurrari egokitzapenak egin behar zaizkio. Dena den, gaur egun posible da makinari datuak sartu eta azterketa hori berak egitea ere. Gero eta hurbilago dago eskulanaren perfekziora automatizazioaren bitartez iristea, baina guri eskulana gustatzen zaigu, horregatik aritzen gara horretan. Niri ez zait askorik interesatzen automatizazioa, grazia galtzen duelako, eta zorionez, musikarientzako ere galtzen du xarma. Gure bezeroa prest dago gure eskulanagatik eta horrek duen xarmagatik ordaintzeko, beti ere kalitate ona bermatzen baldin bada.

Belle Iberiar penintsulako eskola publiko bakarra da. Gaur egungo ekoizpen ereduaren islada al da halako eskola bakanak egotea?
Sektorea ez da handia mundu mailan. Azken batean, orkestrak badaude, baina ez autoak bezainbeste. Horrez gain, luthier lanbidearen tradizioa beste leku batzuetan egon da, bereziki Europa erdialdean eta ekialdean: Italian, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian... Horietako bakoitzean bizpahiru luthier eskola daude. Arkudun instrumentuei dagokienez, Euskal Herriak ez du tradiziorik izan; Espainiak ere ez, eta Katalunian historikoki tradizio gehiago izan da, baina ez da iritsi gaur egunera arte. Kuriosoa da nola iritsi den luthier eskola Bilbora: hango fisiko akustiko bat, Jesus Alonso, temati jarri zen biolinaren akustikarekin. Erakundeekin batera eskola sortu behar zen ideiarekin tematu zen, eta haren egoskorkeriari eta gogoari esker dago orain eskola Bilbon. Hasieran, Bizkaiko Aldundiak bere gain hartu zuen eskola, eta gaur egun, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du beste hezkuntza proiektu batzuekin batera. Betidanik izan da lutheria eskola Bilboko kontserbatorioaren atal bat, instrumentugintzak lotura zuzena duelako gero tresnak joko dituztenekin.
"Poliki-poliki, nazioarteko eskola bat bihurtu gara. Muga gogor bat du horrek: talde handian gaztelerara jo behar dugu"
Zer egiten duzue eskolan sortzen dituzuen musika tresnekin?
Eusko Jaurlaritzak esaten du Belle eskolan gizarte inbertsioa egiten ari dela, eta beraz, eskolan sortzen denak gizarterako izan behar duela. Eskolatik igarotzen den ikasle bakoitzak hiru musika tresna egiten ditu ikasketak amaitzerako: biolina, biola eta txeloa. Materialaren prezioaren trukean, ikasleak tresna horietako bat hartzeko aukera izaten du, eta besteak eskolaren lanetarako erabiltzen dira; hau da, soinu probetarako, konponketetarako... baita praktika instrumentaletarako ere. Izan ere, ikasleek praktika instrumentalak egiten dituzte; musika tresna egiten aritzen diren bitartean, tresna hori jotzen ikasten dute. Era berean, Euskadiko kontserbatorioetako nahiz musika eskoletako ikasleei maileguan eskaintzen zaizkie behar dituzten instrumentuak. Halaber, kanpoko garapen proiektuetara dohaintzan ere eman izan ditugu tresnak. Azkenekoz, esaterako, Ramallah-ra, Palestinara, eraman ditugu bi biolin, hango musikariekin eta luthierrekin martxan dugun proiektu baten bitartez.
Bellen ikasten duten ikasleek zer aurreikuspenekin jotzen dute eskolara?
Halako lanen bat eginez bizi nahi dutelako etortzen dira, erabat bokazionala da hautua. Horretarako gogoa dutelako etortzen dira, ez denbora pasatzera. Normalean, musikaren mundutik iristen dira; musika oso barnean duten pertsonak izan ohi dira, eta eskulana gustatzen zaienak. Artea, musika eta eskulana uztartzen dituzte eskolako ikasleek.
Eskaintza urria denez, leku askotako ikasleak elkartzen al dira Bellen?
Eskaintza txikia da, baina baita eskaria ere. Lan munduan eskari handia balego, Euskal Herriko pertsona askok joko lukete eskolara; ez da horrela, ordea. Luthier ofizioaz ikasteko aukera handirik ez dago, eta beraz, Iberiar penintsula osotik etortzen dira ikasleak. Gaur egun, Portugalgo, Espainiako, Galiziako eta Kataluniako ikasleak ditugu, baita Frantziatik eta Hego Amerikatik etorritakoak ere. Gero eta ezagunagoak gara kanpoan; poliki-poliki, nazioarteko eskola bihurtu da Belle. Hori bai, muga gogor bat du horrek: gustatuko litzaiguke eskolak euskaraz ematea, baina ezinezkoa da. Eskolako lau irakasleak euskaldunak gara eta euskaraz hitz egiten dugu geure artean, ikasle euskaldunekin ere hala egiten dugu, baina talde handian hitz egin behar dugunean, gaztelaniara jo behar izaten dugu.
Zer leku egin du eskolak azken urteetan?
Ezezaguna izatea izan da Belleren hutsuneetako bat, eta eskolak prestigiorik ez badu, handik ateratzen den ikasleak ere ez du izango. Euskal Herrian duela gutxira arte oso gutxik zekien Bilbon luthier eskola bat bazela. Horri buelta eman diogu, ordea; gaur egun ezagunak gara nazioartean. Erreferentzia gara, asko mugitu garelako. Gaur egun, gure ikasleak kanpora joaten dira Erasmus programari esker, adibidez, eta proiektu oso interesgarriak bultzatu ditugu. Era berean, profesionalentzako ikastaro oso onak eskaintzen ditugu, mundu mailako aditu ezagunen eskutik, eta atzerriko ikasle asko etortzen dira ikastaro horietara. Horrek eman dio eskolari duen kalitatearen ezagutza. Ezezaguna izatetik lekua egitera iritsi gara; oso ondo ari garela diote.
Zer etorkizun ikusten diozu zure lanbideari?
Ikusten diot etorkizuna. Bere mugak ditu sektorea txikia delako, baina beharra dagoen bitartean, etorkizuna izango du. Musikak bere gorabeherak izaten ditu, baina indarra du: gizartean funtzio bat betetzen du, kultura elementu garrantzitsua da, musikarako zaletasuna badago, musika eskolak beteta daude... Eta hortik bandak, taldeak edota orkestrak sortzen dira etengabe. Musikariak instrumentua behar du, baina baita hori konponduko dion aditua ere. Beraz, gure lanbideak badu etorkizuna.
