Gaur hasi dira Azkoitiko Gazteria sailak Udazblai izenpean antolatu dituen Praka Motxakin nahiz gaztetxoentzako Artxabentura udalekuak eta haurrei bideratutako lantegiak. Beroa ez da bidelagunik onena izan ohi, are gutxiago termometroek gaur bezala goia jotzen dutenean, baina udalekuetan parte hartuko duten herriko haurrek ezinbestean egin beharko diote aurre egunotan.
Eskolako oporrak hartu berri, udaleku irekiak hasi dituzte gaur Azkoitiko ehunka haurrek. 10:00etan, Aizkibel liburutegiaren alboan dagoen plazatxoan elkartu dira, esaterako, Praka Motxakin udalekuetan parte hartuko duten haurrak eta begiraleak, eta elkar ezagutu ostean, eguneko lehen ekintzak gauzatzera abiatu dira. Ilusioz beteta jo dute denek gaurko topagunera, gaur bezala datozen asteetan ere askotariko jolasak eta ekintzak egingo baitituzte herriko hainbat puntutan.
Uztailaren 24ra arte luzatuko da Praka Motxakin udalekuak, eta aste honetan egingo dituzte Artxabentura udalekuetako ekintza guztiak.
(Argazkiak: Ane Olaizola)