Azkoitiko plazara hurbildu ahala, kolpe lehor eta sendoak entzuten dira, bata bestearen atzetik, gero eta ozenago. Kontzejupea jendez inguratuta dagoen arren, publikoaren marmarrari gailentzen zaio hots bakar eta irmo hori. Arkupean bilduta dagoen jendearen artetik begiratuta, han ari dira bi jokalari pilotakadak emanez; bata gorriz, bestea urdinez. Pilotak txaparen kontra jotzen duenean, txaloak eta laudorioak nagusitzen dira frontoian, baina hasierako soinu esanguratsu horrek denak isilarazten ditu segituan. Herriko adinekoenek garai batean egunero entzuten zuten pilotakaden oihartzuna itzuli da Kontzejupera, berriz ohiko bilakatzen ari dena. Edo hori da, behintzat, Pilotari Egunaren barruan antolatzen den esku pilota txapelketaren asmoa.
Ekainean, udako festa egunak iragarriz, Pilotari Eguna ospatzen da urtero Azkoitian, eta aurten hamargarrenez egin dute. Herriko gazteenentzat betidanik presente egon den ospakizuna izan arren, beste askok gogoan izango dituzte egunaren lehen urratsak. Duela hamabi urte, Azkoitian esku pilotaren egoera beherakadan zegoela, herriko gazte talde bat –horietako batzuk Kontzejupean pilotan aritzen zirenak– pilotarekin lotutako festa bat antolatzeko prestutasuna erakusten hasi zen. "Urtebete eman genuen kontuari bueltak ematen, serioski ezer egin gabe. Gabon Zaharretako parrandan, ordea, taldea egin genuen eta 2015eko otsailean serio hitz egiten hasi ginen", azaldu du Josu Godoyk (Azkoitia, 1991), Pilotari Egunaren sortzaile eta antolatzaileetako batek.
"Lokalez lokal joaten ginen jendeari zuriz janzteko eskatzera, eta kamiseta gorri eta urdinak bost euroan saltzen genituen"
Lehen aldiak beti izaten dira konplexuagoak, eta Pilotari Egunaren lehen edizioa ez zen salbuespena izan. Egun osoko txapelketa antolatzea izan zen Txulue izenpean aritzen den taldearen hasierako ideia: 24 orduko esku pilota lehiaketa. "Partidak 09:30ean hasi ziren, eta finalak 03:00etan jokatu zituzten", gogoratu du Godoyk. Eguna amaitzean konturatu ziren jokalarientzat gehiegi zela, txapelketan aurrera egiten zuten jokalariek "leher eginda" amaitzen baitzuten, baita haien eskuek ere.
Aurreneko saiakera hartatik abiatuta, antolatzaileak txapelketaren egitura moldatuz joan dira urtez urte, gaur egungo eredura iritsi arte. Apirilean, Aste Santua amaitu ostean, banakako zein binakako txapelketei ekiten diete. Hainbat astez partidak jokatu ondoren, ekaina iristean jokatzen dituzte finalak, Pilotari Egunean.

Egunak aurrera egin dezala
Nahiz eta lehen aldi hartan zenbait akats izan ziren, lehiaketan parte hartzen zuten jokalariek zein ikusle gisa bertaratzen zirenek egunaz gozatu zutela ikusi zuten, eta edizio gehiago antolatzea adostu zuten. Orduan, ordea, herritarren eta pilotaren arteko lotura indartzea zuten xede antolatzaileek; eta, horretarako, hainbat ekintza jarri zituzten martxan. Lehenengoa herria pilotariz janztea izan zela azaldu du Godoyk: "Hori lortzea gogorra egin zitzaigun lehen urteetan. Lokalez lokal joaten ginen jendeari zuriz janzteko eskatzera, eta kamiseta gorriak eta urdinak bost euroan saltzen genituen". Kuadrillakoek eta herriko pilotariek zalantzarik gabe egin zuten bat eskaerarekin, baina beste herritar batzuei gehiago kostatu zitzaien ahalegina egitea.
Herritar gehiago inplikatu eta jendea kalera irten zedin, afaria antolatzen hasi ziren gero. Taberna batetik tortillak, pintxoak eta sagardoa hartu, eta Berdura Plazaren kanpoaldean jartzen ziren, kupel eta guzti. "Afaltzeko txartelak merke-merke saltzen genituen. Eta dirua galtzen ateratzen ginen arren, herriari Pilotari Eguna ospatzeko aukera ematen genion", adierazi du Godoyk. Era berean, eguna indarra hartzen joan zen heinean, udalak laguntza ekonomikoa eskaini ziela azaldu du antolatzaileak; ondorioz, afaria bazkari izatera pasatu zen.
Txapelketa koordinatzea, kamisetak ekoiztea eta banatzea, bazkaria antolatzea... Horrek guztiak lan zama izugarria eragiten du, baina gaur egun lau lagun besterik ez dira ospakizunaren arduradunak: Iker Agirre, Xabier Bastida, Iraitz Korta eta Josu Godoy. "Beste batzuen laguntza ere jasotzen dugu lantxo zehatzetarako; partidetan epaile izateko, esaterako". Izan ere, egitasmoari nolabaiteko autonomia ematea dute helburu, hemendik urte batzuetara ospakizuna ez dadin antolatzaile talde txiki horren mendean geratu.
Horretarako, hainbat ideia errotzen saiatu da taldea urtez urte, herriak Pilotari Eguna bere kabuz ospatzen jarrai dezan. Esaterako, kuadrillek egun horretan bazkaria egiteko ohitura har dezaten, elkarteetan-eta bazkaltzeko mezua zabaldu diete haiei; jendeak ohitura hori barneratu duenean, antolakuntzak bazkaria eskaintzeari utziko dio. Herritarrak pilotariz janztea da beste helburu nagusietako bat. "Herriari kolorea emateko aritu gara kamisetak saltzen, baina ez da beharrezkoa urtero berria erostea; aurreko urteetakoek edo beste edozein kamiseta gorrik edo urdinek balio du", azaldu du Godoyk. Aurten, adibidez, prozesu desberdina jarraitu dute: urtero bezala kamisetak Kontzejupean saldu beharrean, galdetegi bat zabaldu dute sare sozialetan, nahi dutenek kamisetaren neurria eta kolorea aukera ditzaten.
"Egungo antolatzaileok nekatzen ari garela ikusten dut, eta honek jarraipenik ez balu, ez nioke neure buruari barkatuko"
Antolatzaileen helburua ez da inoiz afaritako txartelekin edota saldutako kamisetekin dirua irabaztea izan; aitzitik, ez dute inolako irabazirik lortzen. Ospakizuna mantentzea eta egunari zein herriari kolorea ematea besterik ez dute nahi. Iraitz Korta (Azkoitia, 1988) arduratzen da txapelketa antolatzeaz, eta hark adierazi du lehiaketa koordinatzea lan handia dela: "80 jokalari inguru izan ohi dira, eta guztiei ondo datozkien partida egunak adostea zaila da". Aurtengo edizioak "oso erantzun ona" jaso du parte hartzeari dagokionez. Izan ere, Godoyk adierazi du kezkatuta egon izan direla gai horri lotuta, urteren batean partaidetza jaitsi baita. "Pilotak ez du lehen zuen presentzia; beraz, duela hamabi urte gazteak zirenek pilotan jokatzeari utzi ziotenean, zuloa nabaritu genuen. Baina aurten 16 eta 19 urte bitarteko gazte asko animatu dira, eta oso pozgarria izan da hori".
Urteroko arazo bera
Parte hartze handia, ordea, ez da alde guztietakoa: txapelketan izena ematen duten emakumeen kopurua gizonena baino askoz txikiagoa da, urtero lez. Aurten, gizonen banakako txapelketan 25 pertsonak eman dute izena, eta 43 bikotek binakakoan; emakumeen ligaxkan, berriz, bost bikotek soilik parte hartu dute. Egoeraren aurrean, antolatzaileek hainbat jarduera antolatu dituzte emakumeen parte hartzea sustatzeko; entrenamenduak eta hitzaldiak, horien artean. "Inoiz pilotan ibili ez bazara, bat-batean herriko plazara irtetea ez da erraza", dio Kortak.
Izan ere, Azkoitiko pilota eskolaren entrenamenduetan frontoia mutilez beterik ikusten dela nabarmendu dute, eta erreferente eta ohitura faltak neskak pilotan askoz gutxiago aritzea eragiten du. "Arazoa hor dagoela aitortu behar da eta irtenbide bat eman behar zaio egoerari, neska gehiagok pilota eskolan izena eman dezaten eta kirol hori praktikatzera anima daitezen", aldarrikatu du Kortak, eta pilota eskolek zein udalek lanketa bat egin beharko luketela azpimarratu du. "Orain umeak diren neskak pilotan hasten badira, agian etorkizunean, emakume direnean, txapelketan parte hartzera animatuko dira", gaineratu du Godoyk.

Horri lotuta, Kortak dio pena handia dela emakume gutxi animatzea, aurreko Pilotari Egun bateko emakumeen finalean inoiz aurrez izan gabeko giroa baitzegoen plazan: "Kontzejupea final hartan bete zen bezainbeste ez da inoiz bete. Edo nik, behintzat, ez dut ikusi".
Txapelketako partidek nahiz finalaren egunekoek Kontzejupea berpizten dute, eta lehia sanoz beteriko giroak jende ugari erakartzen du. Izan ere, herria ez da pilotariz motz geratzen festa egunean, txapelketako kideez gain, profesionalak izandako pilotariak ere bertaratzen baitira Azkoitira. Gainera, urtero pilotariren bat omentzen dute; duela gutxi hil den Carlos Arrizabalaga Xapatero izan da aurtengo omenduetako bat. "Xapaterok asko laguntzen zigun egunaren antolakuntzan: proposamenak egiten zizkigun, eta pilota munduko pertsona eta elkarte garrantzitsuekin harremanetan jartzen gintuen", gogoratu du Kortak.
"Orain ume diren neskak pilotan hasten badira, etorkizunean txapelketan parte hartzera animatuko dira agian"
"Pilota herriarentzat izan den guztia eta gero, Pilotari Egunak hartu duen indarra ikustea izugarria da", adierazi du Kortak, Azkoitia pilotarien sehaska gisa ezagutzen baita. Festaren hurrengo egunetan antolatzaileek loreak besterik ez dituzte jasotzen: gazteek egun ederra dela eta parranda giro ona egoten dela esaten diete; adinekoek, berriz, pilota hiltzen ikusi ondoren, azken urteetako gorakada bizitzea hunkigarria dela. Txapelketan galtzen dutenek ere eskerrak ematen dizkietela gaineratu du Godoyk.
Antolatzaileentzat, ordea, zailagoa izaten da antolaketa egun horiez gozatzea. Ekaina iristean lan karga "gainetik kentzeko" gogoa izaten duten arren, jaia bera azkarregi pasatzen zaiela eta egun paregabea dela gaineratu dute. "Horrelako egun baten antolakuntzan parte hartzea harro egotekoa da niretzat", adierazi du Kortak; bera pilotan ibilitakoa izanik, harreman estua du kirolarekin.
Pilotari Eguna zertan bihurtu den ikusita, egunak autonomia lortzeko helburua bide onetik doala nabari dute antolatzaileek. Dena den, sostengu gehiago izan dezan, udalak egunari garrantzi handiagoa eman beharko liokeela uste dute, dena ez baita laguntza ekonomikora mugatzen. "Gu nekatzen ari garela ikusten dut, eta honek jarraipenik ez balu, ez nioke neure buruari barkatuko", aitortu du Kortak.
Hasiera batean Pilotari Eguna gaur dena izatera iritsiko zenik pentsatzen ez bazuten ere, buruan bueltaka zuten ideia hura aurrera ateratzea lortu dute urtez urte. Gaur egun, bizi-bizi eta kolorez beteta egoten dira herriko kaleak Pilotari Egunez, eta hala egon ziren ekainaren 13an ere. "Gure helburua Kontzejupean pilota entzutea zen", adierazi du Godoyk.