Klik!

Hormek gorderiko memoriak

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 20a

Ikurrinaren plazako horma irudia. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Sarritan oharkabean pasatzen dira eraikinen hormetan jarritako plakak, baina pieza horiek historiaren zati garrantzitsu bat gorde ohi dute gehienetan; pertsonaia esanguratsuei, iraganeko gertakari garrantzitsuei eta komunitatearen oroimena osatzen duten uneei eskainiak izan ohi dira. Argazki erreportaje honek herrian sakabanatuta dauden plaka horiei begiratzea du helburu, kaleetan gorderiko memoria ikusgai egiteko. Maiatzeko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Klik!' argazki erreportajea da honako hau. 

Plakak jartzeko ohitura XIX. mendean zabaldu zen Europan. Garai hartan hasi ziren hiriak pertsona ospetsuen etxeak, gertaera historikoak edo toki esanguratsuak ofizialki markatzen. Lehen plaketako bat 1866an jarri zuten Londresen; Royal Society of Arts erakundeak pertsona ospetsuen etxeetan plakak jartzeko egitasmoa abiatu zuen. Harrezkero, ideia Europa guztira zabaldu zen. Hasiera batean harrizkoak ziren arren, azken hamarkadetan jarritako zenbait burdinazkoak ere badira.

Ikurrinari, plaza

1907. urtean jarri zuten martxan Azkoitiko lehen batzokia, herriko plazaren alboan zegoen Martzalkua lokalean; Azkoitiko Eusko Batzokiya izena hartu zuen lokal hark. Azkoitian ikurrina lehen aldiz Martzalkua lokalean altxatu zuten, eta horregatik du egun izen hori etxarte horrek. Egun eraikin hura eraitsita dago, baina plaza izen berezi batek hartzen du 1997. urtetik: Ikurrinaren plaza.

Aranarena, Baroikoan

Jesusen Lagundiko euskal idazlea izan zen Jose Ignazio Arana (Azkoitia, 1838-Oña, Espainia, 1896). Hain justu, 16 urte zituela sartu zen azkoitiarra Jesusen Lagundian. Euskal-Erria eta Euskera aldizkarietan hainbat eta hainbat argitalpen egin zituen. Ordea, bestelako zenbait idazlan eta gramatika proiektu ere kaleratu zituen hark, tartean baita euskarazko itzulpen lanak ere. Aranari bere heriotzaren mendeurrenean jarri zioten plaka Azkoitiko Udalak eta Euskaltzaindiak. Haren jaiotetxean kokatu zuten, Baroiko etxea egon zen gune berean, Klara Donea kalean, 35 zenbakia duen bebarruan.

Berriena, Burruntxalik

Ibaiondo kalearen barrenean du Joxe Alberdi Burruntxali (Azkoitia, 1922-Denia, Herrialde Katalanak, 2008) eskultore azkoitiarrak bere omenezko plaka. Hura oroitzeko plaka da Azkoitian jarritako berriena; udalak eskaini zion hari plaka, 2022an. Egurra lantzen zuen Burruntxalik bere hastapenetan, baina 13 urterekin Donostian Marrazki eta Eskultura ikasketak egin zituen. Espainiako Gerran Ingalaterrara erbesteratu zuten, eta 1965ean itzuli zen Euskal Herrira. 2006an Azkoitiko herriari utzi zion bere obra. Erbestearen ume askea irakur daiteke hari eskainitako plakan.

Zaharrena, Santa Kutz komentuan

Gipuzkoako Batzar Bereziak egiteko lekuak araututa zeuden 1457. urtetik, eta Santa Kutz komentua zen kokalekuetako bat. Gipuzkoako udalerrien borondatea adierazten zuten batzar horietan, baina pertsonaia esanguratsuen heriotzek, errege-erreginen aginduek edota segurtasun publiko faltak behartuta ere deitzen zituzten batzar horiek. Santa Kutz komentuan egindako batzar horien lekukotza komentuaren ezkerraldeko horman jarritako oroitarrian dago jasota: "XVIII. eunkiaren asiera-arte emen bildu zan Gipuzkoako Batzar Berezia", irakur daiteke han.

Bat...

Ikurrinaren plazatik hamar pausora dago Valentin Olanori (Azkoitia, 1808-1851) eskainitako plaka. Erretorika irakasle eta Gasteizko Batzarren idazkari izateaz gain, Azkoitiko alkate eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan nahiz Espainiako Gorteetan diputatu izan zen. Ideologia liberaldun gizona zen Olano. Bergarako besarkadan lekuko izan zen, baina haren osteko gertakariek etsiturik, foruak defendatzen hasi zen. Beste politikari batzuekin batera, Liberal Foruzaleak izeneko korrontea sortu zuen. Haren omenezko plaka hil eta ehun urtera jarri zuten bere jaiotetxean.

... bestearen aurrean

Valentin Olanoren eta Nemesio Etxanizen (Azkoitia, 1899-Donostia, 1982) plakak parez pare daude, biak Kale Nagusian, bata besteari begira. Akaso, arrazoi horrexegatik dira bi horien plakak herritarren bistara ezagunenak, gertukoenak. Etxanizena kale horretako 53 zenbakidun eraikinean dago. Etxaniz apaiza zen, eta euskararen alde egindako lanagatik nabarmendu zen; izan ere, olerki, musika eta antzerki obra ugari idatzi zituen. Udalak eta Euskerazaintzak jarri zioten Etxanizi plaka bere jaiotetxean, 1987. urtean. 

Intsaustin, Peñafloridako kondearena

Xabier Munibe Peñafloridako kondea (Azkoitia, 1729-Bergara, Gipuzkoa, 1785) euskal idazlea eta musikagilea izan zen. Erakundeetan ere aritu zen: herriko alkate eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zen, baita Espainiako Gorteetan diputatu ere. Euskal Herrian ilustrazioaren ideiak zabaldu nahian, solasaldiak antolatzen hasi zen, eta topaketa haien ondotik sortu zuten Azkoitiko zalduntxoak izena. Bide beretik sortu zen, halaber, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea ere. Intsausti jauregiaren sarreran dago Muniberen omenezko plaka, 1929an elkarte horrek berak jarria.

Otañorena, San Martinen

Ricardo Otaño (Azkoitia, 1884-1939) ere herriko alkatea izan zen, eta proiektu garrantzitsu ugari bultzatu zituen hala izan zen agintaldian: San Martinen langileentzako etxe merke deiturikoak eraikitzeko agindua eman zuen, eta proiektu horren barruan eraiki zuten Etxe Soziala, egun Ardatz elkartea dena. Hain justu, elkarte horren atarian du Otañok bere plaka. Horrez gain, Urolako trenaren geltokia eta Plazaberriko nahiz eliz atariko lanak alkate izan zen sasoian egin zituzten. Bestetik, Zubiaurre etxea dohaintzan eman zuen Otañok, eta gero, han jarri zuten martxan Azkoitiko Lanbide Eskola.

Hiru, elkarri itsatsita

Udaletxeko pleno aretoaren sarrerako horman hiru oroitarri daude, hiru plaka esanguratsu. Dena den, horiek ez dute pertsonaia esanguratsuekin loturarik; Azkoitian jazotako gertakari garrantzitsuak daude horietan nabarmenduta. Batetik, ezkerreko plakan, 1758. urtean Gipuzkoako foruen eranskina argitaratzeko hartutako erabakia dago jasota; bestetik, erdiko plakan, Azkoitia Gipuzkoako Hiri Nagusi izan zela dago nabarmenduta; eta eskuineko oroitarrian Euskalerriaren Adiskideen Elkartea Azkoitiko udaletxean ere biltzen zela irakur daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide