Alots Arregi: "Oraindik ere jasotzen ditut kartelak kaletik"

Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 16a

Alots Arregi. (Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Matadeixek irekitako atea probestuta kartelgintzan murgildu zen Alots Arregi duela hogei urte baino gehiago. Arte Ederrak ikasitakoa da, baina haren kabuz trebatu da diseinu munduan, eta azken boladan collage teknika erabiltzen du gehien. Uneotan hainbat proiektu ditu eskuen artean, eta beste lanbide batekin uztartzen duen arren, kartelgintzan gozatu egiten duela aitortu du. Maiatzeko Azkoitia Guka aldizkarian kaleratutako elkarrizketa da honako hau.

Ez da erraza jakitea zenbat kartel egin dituen Alots Arregik (Azkoitia, 1988). Oso gaztea zela hasi zen Matadeirako afixak egiten, eta horretan jarraitzen du oraindik. Ilustratzailea eta kartelgilea da, Euskal Herriko musika talde eta idazle hainbaten lanetarako proiektuak egin dituena. Urteetan zehar estiloa aldatzen joan den arren, haren lanek beti dute esentzia berezia.

Noiztik duzu marrazteko zaletasuna?

Betitik gustatu izan zait marraztea. Haurra nintzela pinturako eskolak jasotzen hasi nintzen, baina naturalki ateratzen zitzaidan marraztea, ez zen sustatutakoa izan. Gazteagotan, Matadeixen antolatzen ziren ekintzetarako kartelak egiteko aukera eskaini zidaten. Batxilergo artistikoa egin nuen gerora, eta unibertsitatean Arte Ederren ikasketak.

Oso gazte hasi zinen Matadeiko kartelak sortzen. Nola oroitzen dituzu hasierak?

15 urterekin hasi nintzen Matadeixen parte hartzen. Hango jendeak bazekien marraztu egiten nuela eta baneukala artearekin harremana, eta beraz, kartelak egiten hasteko proposamena egin zidaten. Egia esan, hara joaten hasi aurretik, asko begiratzen nien Matako kartelei, arreta deitzen baitzidaten. Oso bereziak eta bitxiak ziren, kaleko gainerako afixetatik asko nabarmentzen zirenak. Bazuten nolabaiteko kutsu underground bat, berezi egiten zituena, baina ez dakit nola azaldu. Ni kartelak sortzen hasi nintzenerako, urteetan zehar egindako ale mordoxka zeuzkaten gordeta Matan. Gogoan dut behin ganbaran diseinu zaharrak ikusten ibili ginela, baina urte asko pasatu dira ordutik eta ez daukat hastapenetako oroitzapen askorik.

Zuk esandakoa da gaztetan kalean ikusitako gustuko kartelak hartu egiten zenituela etxera eramateko. Nolako afixek deitzen zuten zure arreta?

Kontzertuetakoek, bereziki. Asko eta asko Matadeikoak izaten ziren, baita ikasle garaian Bilbon aurkitutakoak ere; arautik ateratzen zirenak eta deigarriak iruditzen zitzaizkidanak hartzen nituen, batez ere. Betidanik gustatu izan zait etxea kartelez apaintzea, eta garai batean jendeak Super Pop aldizkariko posterrak jartzen zituen gisan, nik kaleko kartelak ipintzen nituen logelan. Oraindik ere jasotzen ditut kartelak kaletik, baina gehiago jotzen dut zinemako diseinuetara.

Gogoan daukat 17 urterekin Poloniara egin nuen eta nigan arrastoa utzi zuen bidaia bat. Kartelgile poloniarrak oso indartsuak dira, oro har, eta arreta handia piztu zidaten han ikusitakoek. Esango nuke Poloniara egindako bidaiaren ostean estuago lotu nintzela kartelgintzara. Han, Polonian, ohikoa da kartelgileek filmen posterrak egitea, ekoizpena zinema banatzaileen eskuetan utzi beharrean. Artista plastiko oso onak daude Polonian, eta asko jotzen dut inspirazio bila haien lanera. Poloniako kartelgileek eragin handia izan dute nigan.

Nolakoa da daukazun artxiboa?

Gazte garaiko bakarren batzuek amaren etxean iraungo dute akaso, baina auskalo. Bestalde, orain, kartel asko dauzkat etxean jasota, gehienak neureak. Matako diseinuak ere ondo gordeta dauzkat, nik sortutakoak nahiz beste kideek egindakoak. Horrez gain, zineforumerako sortutako postalak eta posterrak ere bilduta ditut.

Zaletasunetik hasi zinen kartelgintzan, baina gerora formakuntza jaso al duzu?

Duela zazpi urtera arte ez nuen hain serio hartzen kartelgintza. Une batean ohartu nintzen horretan ari nintzela beti, eta agian, hori zela gustatzen zitzaidana. Diseinu grafiko aldetik oso autodidakta naiz; izan ere, Arte Ederretan pintura ikasi nuen, beraz, nire oinarri teknikoan pintura dago, baina azken urteetan ez dut pintatu. Antzematen da oinarri hori daukadala, diseinu grafikoa baino gehiago. Uste dut diseinu grafikoan aritzen direnek beste bide batzuk hartzen dituztela, askoz ere kontzienteagoak. Gehiago kontrolatzen dute gauza bakoitza zertarako den. Nik askoz ere gehiago jotzen dut intuiziotik. Hori bai: edozein karteletan jartzen dut begirada, kartel orotan dago arreta deitzen didan zerbait.

Kartelgintzari lotuta dago zure ibilbide artistikoaren zati handiena, baina animazio lanak ere egin dituzu, esaterako, Izibene Oñederrarekin. Gustuko arloa al duzu animazioa?

Bai, betitik lan egin nahi izan dudan arlo bat da, asko jarraitzen dudana. Izibenek aukera eman zidan eta eskertuta nago. Dena den, ordu askoko lana da; denbora asko eskaini behar zaio animazioari emaitza txikiena lortzeko edo ikusteko.

Kartel animatuak egin izan dituzu. Zer ematen dio mugimenduak kartelari?

Galdera zaila da. Nire kasuan, esperimentaziorako bidea izan da kartelak animatzea, bestelako pretentsiorik gabekoa. Animazioan lanean ari nintzela hasi nintzen horretan. Photoshop-en geruza askorekin egiten dut lan, eta oso modu erraza ikusi nuen elementuei beste buelta bat emateko. Denbora neukan, baita erremintak ere, eta probatu egin nuen, sentsaziorik bilatu gabe.

"Polonian artista plastiko oso onak daude, eta askotan jotzen dut haien lanetara inspirazio bila; eragin handia izan dute nigan"

Nondik hasten zara sortzen?

Boladaren arabera. Orain, adibidez, musikari lotutako proiektuetarako, musika taldeen argazkietan fijatzen naiz, horiek daukaten estetikan. Aldi berean, taldearen musika entzuten dut, jakiteko arina edo bortitza den. Teknika bezala collage digitala erabiltzen dut nagusiki, beraz, denbora gehien irudiak eta argazkiak bilatzen pasatzen dut, eskubide libreak dituzten irudiak erabiltzea gustatzen baitzait. Behin argazkiak aukeratuta, horiek mozten, elkarren artean nola jarri probatzen aritzen naiz. Lehen, moztu eta ondoan jartzen nituen, baina orain, edizio fotografikoa ere egiten dut. Argi-ilunak aldatzen dizkiet irudiei, ehundurak... Ez dakit gaur egin egiten dudanari collagea dei al dakiokeen, baina hori da abiapuntua.

Zergatik collagea?

Collageak bat-batekotasuna ematen dit, iritsi nahi dudan lekura azkarrago iristeko aukera. Gainera, argiago ikusten dut zerbaitek funtzionatzen duen edo ez. Batzuetan uztartzen ditut collage digitala eta ilustrazioa, baina ez askotan.

Beti izan duzu askatasuna sortzerakoan ala jarri izan dizute noizbait baldintzarik?

Gehienetan aske uzten naute sortzeko garaian. Batzuek gauzak garbi izaten dituzte, jakiten dute zer nahi duten eta zer ez, baina kasu gehienetan libre aritzen naiz. Noizbait eskatu izan didate beste garai batean egiten nituen lanen estiloan zerbait egiteko, eta nagia sentitu izan dut horretan hasteko, baina aldi berean, gustatzen zait lehengo lanak berrikustea eta haiei buelta bat ematea. Beraz, ez naiz sekula oso estututa sentitu.

Uneotan, zer ezaugarri ditu zure arteak?

Figurazio eta abstrakzioa uztartzen ditut, asko erabiltzen ditut kolore planoak eta ehundurak eta ia beti egoten da elementu figuratiboren bat: esku bat, animalia bat... Konposaketa eskultorikoak dira. Nahikoa traketsa izan naiz eskulturan, baina esan daiteke irudi bidez eskulturak egiten ditudala. Koloreak gutxitu egin ditut, eta saiatzen naiz kolore paleta mugatzen. Teknikak horretara eraman nau, baina beti egoten diren salbuespenak.

Kalera edo sarera begira jarrita, zer iritzi duzu egungo kartelez? Nabaritzen al da adimen artifizialaren eragina?

Orain adimen artifizialarekin egiten direnak lehen Canvarekin egiten ziren. Badago Canva estetika bat, ez? Nik oraingoz ez dut askorik erabiltzen, ez diot leku askorik ikusten nire lanean, baina iruditzen zait gauza interesgarriak egin daitezkeela AArekin. Badaude eredu diren artistak. Ez nago AAren kontra eta ez da beldurra ematen didan zerbait. Orain, gainera, adimen artifiziala erabiltzea gutxietsi egiten dute marka handiek. Esaterako, iPhone-aren azken iragarkia stopmotion teknika erabiliz egin dute, eskuz egindako sorkuntza goraipatuta. Badirudi gauza onak ez direla AArekin egiten; derrepente, AA fast food da, edonoren eskura dagoelako.

Ba al dago probatzea nahiko zenukeen arlo artistikorik?

Argazkigintza asko interesatzen zait, berdin dit analogikoa edo digitala. Argazki asko erabiltzen ditut nire lanetan, eta uste dut horrek piztu didala argazkiak ateratzeko grina. Kontrolatzen ez dudan arloa da fotografia, eta gustatuko litzaidake ikastea, nahiz eta orain arte oso urruti sentitu dudan zerbait izan den.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide