Memoria bihotzean, musika zainetan

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 8a

Antolatzaile taldea, elkarrekin. (Arnaitz Rubio)

Hamargarren urtez ospatu berri dute Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia. Urtez urte handitzen joan da herriko hainbat txokotan eta doan goza daitekeen kultur eskaintza. Egonkortu egin da, herrian leku bat egina du dagoeneko, eta atzera begiratuta, bestelako dimentsio bat hartu du gaurkoak, baina ez du iparra galdu; Zuhaitz Urain 'Zizu' zena oroitzea eta omentzea ditu helburu. Maiatzeko Azkoitia Guka aldizkarian kaleratutako erreportajea da honako hau.

Aldizkari honek argia ikusterako, doinu elektronikoetan murgildu berri izango da herria. Izan ere, hamargarren urtez, hilaren 1ean eta 2an Holz Und Blech (HUB) musika jaialdiak hartu zituen Azkoitiko txoko ugari, eta berrogeita zortzi orduz diskoek apenas utzi zioten biratzeari. Piztu ziren hamargarrenez sintetizadoreak, mahaiak, bozgorailuak zein anplifikatzaileak, Zuhaitz Urain Zizu disko jartzaile eta musikazalea zenaren memoria itzal ez dadin.

Jakinekoa da jaialdiaren izaeran dagoela Zizuren izena, eta jaialdiaren izenean Zizuren izaera, hark bizitzarako goiburu zuen Egurre ta txapa esaera jaialdiaren muinera eramanda. Eta nolako egurrak halako ezpala izan ohi duenez, Zizuk ereindako hazitik sortu zen zuhaitzaren kimuak dira hasieratik Holz Und Blechen oinarrian daudenak; haren betiko lagunak, joandako laguna bihotzean daramatenak, eta bihotzaren bulkadez urtero lan egin dutenak. "Garbi dugu guri Zizuk sustatu zigula musika elektronikoarekiko zaletasuna. Hura ez balitz zen bezalakoa izan, gutako inor ez ginatekeen halako zerbait antolatzen ibiliko", diote Julian Balenziagak, Iñigo eta Antton Segui anaiek, Vero Garnateok eta Nerea Zubizarretak, jaialdiaren egungo antolatzaileetako batzuk.

Nolakoa zen, ordea, Urain? Musika elektronikoaren zalea bai, baina baita ekintzailea ere; "egonezin handikoa", lagunek oroitzen dutenez: "Gauzekiko jakin-min handia zuen, eta izaera horretan islatu zen musika elektronikoarekiko zuen zaletasuna". Lagunek gogoan dute hark Izkina Elektronikoa, Txunbe Fest eta gisa horretako hainbat festa egun antolatu zituela herrian bertan, eta oso gazte zela, 18 urterekin, Brasilera joan zela disko jartzaile moduan hango taberna batean lan egitera. "Hasiera batean pertsona oso lotsatia zen Zizu, baina musikaren munduan oso segurua eta ausarta zen. Interes handia zuen saltsan ibiltzeko eta deskubritzeko, eta halako aukeren aurrean, beti aurrera egiten zuen", dio Balenziagak.

Handik bueltan, Azkoitian Txalintxo taberna ireki zuen beste kide batekin batera, eta taberna horrek "bete-betean" islatzen zuen musikazalearen izaera, musika elektronikoari lotutako gunea izateaz gain, DJ ugari eraman baitzituen gazteak hara, baita musikari horien txapelketak antolatu ere. Lagunen hitzetan, urte batzuk lehenago Txalintxoren leku berean egon zen Txanpaña tabernaren itxieraren geroztik, Zizuren belaunaldi bereko gazteen artean kultura elektronikorik ez zegoen, eta horixe sustatu zuen hark. Horrez gain, bazen berarengan behin eta berriz errepikatzen zena: "Begiratzen zuen lekuan festa ikusten zuen".

Oso gazte, 22 urterekin hil zen Urain, baina bizi izan zen bitartean zaletasunaz ederki gozatzeko aukera izan zuela azpimarratu dute bost lagunek.

Hasieratik handitzen

Urtebete lehenago hil zen lagun haren oroimenez hasi ziren gertuko zenbait pertsona HUB proiektua gorpuzten 2016an, beharra sentitu baitzuten haren figura omentzeko, eta horretarako, zer hobeto musika elektronikoa ardatz izango zuen jaialdi bat antolatzea baino? Egitasmoak gaur egun hartu duen dimentsiora gerturatu gabe, antolatzaileek hasieratik garbi izan zuten "zerbait handia" egin nahi zutela, eta inguruko musikarien ezinbesteko laguntzarekin, artista horien zein nazioartetik ekarritako gonbidaturen baten parte hartzearekin gauzatu zuten lehen edizio hura.

"Gauzekiko jakin-min handia zuen Zizuk, eta izaera horretan islatu zen musika elektronikoarekiko zuen zaletasuna"

Ordutik, disko jartzaileen 250 sesio inguru bildu ditu musika jaialdiak. Urtez urte hazten joan den proiektua da HUB, eta jaialdiak gaur egun hartzen duen irudiak ez du zerikusirik lehenengo urte hartatik. Antolatzaileek beraiek ere antzematen dute aldiz aldi prestakuntza jaso dutela, jaialdiak ukitzen dituen erpin guztietan formatu direlako beraiek ere; profesionalizatu egin dira hein batean, jakinda horretan ez direla profesionalak: "Ditugun baliabideekin, ahalik eta modu profesionalenean egiten dugu aurrera", zehaztu du Anttonek.

Dena den, taldea irabazi asmorik gabeko elkarte bihurtzeak ahalbidetu zion jaialdiari jauzi bat ematea 2022an. Orduan, pertsona berriak batu ziren antolakuntza taldera, eta elkarte izaerak bide eman zion egitasmoa formalizatzeko; tartean, erakundeen laguntza jasotzen hasteko. "Lan egiteko errutina bat hartu genuen, egoitza eta ekipoak ere eskuratu genituen, eta gure artean, ardurak banatzen hasi ginen; finean, elkarte bihurtzeak lan egiteko txipa aldatzeko balio izan zigun, orduan hasi ginen profesionalizatzen".

Aldi berean, antolatzaileei bestelako ardura bat ere eman die egoera horrek, jakin badakitelako urtez urte mailaz igotzen joan direla: "Orain jaialdira etortzen den publikoa askoz ere jakintsuagoa da arlo horretan, eta beraz, eskaintzen dugunak bestelako maila bat izan behar du. Horretarako, guk geuk ere jantzi egin behar izan dugu gaian; behintzat mugitu, ate asko jo eta galdetu", azpimarratu du Garnateok.

Hamar laguneko antolatzaile taldeak urteko zortzi hilabetetan egiten duen lanaren emaitza da gaur egungo Azkoitiko musika elektronikoaren jaia. Hura da talde motorra, baina urte osoan zehar askotariko lanak egiten dizkien eragile asko ditu ondoan, eta jaialdiaren asteburu horretan bertan ere boluntario askok laguntzen die. Era berean, edizioz edizio alboan izan dituzten disko jartzaileen laguntza ere ezinbestekoa izan dute bidea zabaltzeko garaian, haiek antolatzaileen eskura jarritako karteratik tiraka joan baitira artista berriak herrira ekartzen, eta horrek "ikaragarri" lagundu die urtez urte hobetzen. "Artisten aldetik, erraztasunak baino ez ditugu jaso. Finean, guztiek ikusten dute jaialdia berezia dela, eta orduan, asko laguntzen digute".

"Gauza berriak egiteko indarra dugun bitartean, jaialdiak jarraituko du erakargarria izaten"

Kultur eskaintzari dagokionez, hiru multzo izan ohi ditu disko jartzaileen programazioak: batean ia urtero parte hartzen duten musikariak daude, Zizuren lagunak zirenak; "etxeko musikariek" beste multzo bat osatzen dute, herriko zein inguruko musikariek, alegia; azkenik, saiatzen dira nazioartetik ere disko jartzaile batzuk gonbidatzen, jakinda gero-eta publiko zabalagoa duela egitasmoak. Hain zuzen, azken urteetan jaialdiak entzuleria zabala zein fidela lortu duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta horren adibidetzat jarri dute urtero Nafarroatik etortzen den lagun taldea: "Haiek esaten digute sentitzen dutela hemen zerbait desberdina egiten dugula".

Berezia eta desberdina

Antolatzaileek beraiek ere badakite Holz Und Blech jaialdia berezia dela, desberdina. Izan ere, musika jaialdia eta festak "asko komertzializatu" diren garaiotan, Azkoitikoan "bestelako giroa" nabari daitekeela adierazi du Zubizarretak. Hasteko, guztiz doakoa da publikoarentzat, tabernetan, aretoetan zein aire librean, sarrerarik gabe goza daitekeelako musika horretaz; bestalde, jaialdiaren muina joandako lagunari eskainitako maitasun ekintza bat da: "Beti saiatu behar dugu presente izaten jaialdia omenaldi bat dela", dio Anttonek.

Ezaugarri horiek egiten dute egitasmoa aparteko, eta antolatzaileek beraiek azaldu dutenez, inguruan behintzat ez dute ezagutzen antzeko besterik. Azken urteetan, gainera, artisten pintxadak bestelako ekintza batzuekin uztartu dituzte jaialdiaren barruan, hala nola hitzaldiekin, umeentzako DJ ikastaroekin edota bestelako tailerrekin. Izan ere, elkartearen asmoa da egitasmoa ahalik eta gehien zabaltzea, parte hartzeko aukera guztiei ematea. "Erakutsi nahi dugu familia osoarentzat izan daitekeela gure eskaintza, festa egun bat egitetik haratago", dio Garnateok. Horretarako, saio guztien doakotasuna gakoa dela deritzote.

"Hamar urteetan, herritarrek aukera izan dute bestela sekula joango ez liratekeen leku batean izateko, eta esaterako, set bat entzuteko. Batzuk guztiz harritu dira musika horrekin, gustatu egin zaielako", adierazi du Iñigok, eta zera gaineratu du bere anaiak: "Horrek laguntzen du desberdinak diren bi munduak asteburu horretan behintzat gerturatzen, eta horrek ere egiten du desberdin. Izan ere, egun horietan elkartzen dira inoiz festa elektroniko batean egongo ez zirenak, eta horretara propio joan direnak". Bere berezitasunaren ondorioz, askotariko anekdotak zein irudiak uzten ditu jaialdiak. Ohikoa da, esaterako, plazaren bueltan hainbat egoera nahasita ikustea: jaialdiko publiko andana Goiko Losa pilotalekuan musikarekin dantzan, behean familiak tabernako terrazan, eta inguruan umeak jolasean. Antolatzaileen arabera, publikoak antzematen du berezitasun hori, baita artistek beraiek ere. "Jaialdia berezia delako hain zuzen, artistak itzultzeko gogoz joaten dira, halako irudirik sortzeko gai den jaialdirik ez dutelako inguruan; asko harritzen dira hemengoarekin".

Hori hala izanda, musika elektronikoarekiko "estigma sozialarekin" ere hautsi nahi du elkarteak, eta pixkanaka lortzen ari dela uste dute. Izan ere, zalantzarik ez dute herrian bertan lekua egina duela jaialdiak, eta egonkortu ere egin dela: "Gero eta jende gehiago dago laguntzeko prest, eta gero eta jende gehiago sentitzen da festa honen parte". Are, antolatzaileen arabera, herritarrak ohartu dira "egundokoa" dela Azkoitian halako kultur eskaintza bat asteburu bakar batean egotea.

Antolatzaile taldea. (Arnaitz Rubio)

Zizuk nahiko zukeen moduan

Holz Und Blechen hamargarren urteurrenak hartu zuen herria maiatzaren 1ean eta 2an, eta bi egun horietan, 45 bat artistek musikaz blaitu zituzten herriko txokoak. Aurtengorako, hamabost stage edo gune egokitu dituzte disko jartzaileek saioak eskain zitzaten, eta Berdura Plazakoa izan da berrikuntzetako bat; han, beste gehientsuenetan bezala, herriko musikariek nazioartekoekin partekatu dute oholtza. Hain zuzen, entzunaldien kokalekuei arreta berezia jartzen diete antolatzaileek, musikarien saioak tabernetatik haratago egiteak ere ematen diolako jaialdiari xarma. "Saiatzen gara herriko leku desberdinetan jartzen stage-ak, aurretik pintxadak egon ez diren lekuetan. Beti gaude amesten leku berriekin", dio boskoteak.

Hurrengo edizioetarako ametsen artean, aldaketak egitea ez da hautu bat antolatzaileentzat, funtsezko zerbait baizik, eta zera argitu baitu Garnateok: "Jaialdia zerbait monotonoa bihurtuko balitz, orduan joko luke goia gure egitasmoak". Horregatik, jaialdiak bere esentzia manten dezan, gauza desberdinak egiteko aukerak "beti" egon behar duela azpimarratu dute. "Kontsolidatu egin gara, eta antolatzaileok gauza berriak egiteko indarra dugun bitartean, jaialdiak jarraituko du erakargarria izaten", esan du Iñigok.

Aurrera begira ere, berrikuntzen eta hobekuntzen bidez jarraitu nahi dute duela hamar urte urratutako bidea zabaltzen, urtez urte, pixkanaka, orain arte egin duten moduan. Edizioz edizio jaialdia hazten joan den honetan, egitasmoak halako dimentsioa hartzeak "oinarrizko fundamentua sakabanatzea" eragin dezakeela jakitun dira antolatzaileak, baina halako egoeratan, beren buruari zera galdetzen diote: "Zizuk nola nahiko zukeen egitea?".

Dudarik ez da lagunak jarraitzen duela izaten jaialdiaren iparrorratza, eta hark presente egoten jarraitzen duela boskotearen egunerokotasunean ere; halaber, elkarrekin denbora asko igarotzen dutenez, horrek bide ematen die berarekin gehiago gogoratzeko. Harro diote, gainera, lagunak "flipatu" egingo zukeela Azkoitiak Holz Und Blecharen asteburuan hartzen duen irudia ikusiko balu, badakitelako, beste askok bezala, hark ere egutegian ongi gordeta izango zukeela data hori. Badakite, era berean, musika zainetan zeraman laguna ondoan ez dutela izango berriro, baina ez dute ahaztu nahi bihotzean hura gertu sentitzeko modua dela haren omenez urtero egiten duten jaialdia; hark nahiko zukeen moduan, nola bestela.

Ihintza Urain eta Amaia Aizpuru: "Egun oso biziak izaten dira, emozioz betetakoak"

Zer da senideentzat Holz Und Blech jaialdia?

Egun oso bereziak izaten dira. Zuhaitzen gertukoak elkartzeko egunak dira, Zuhaitz maitatua izan zela eta izaten jarraitzen duela adierazten duten egunak. Guretzat, jaialdiak erakusten du Zuhaitzek jendearen bizitzan arrastoa utzi zuela, eta horrek gure hutsunea asko betetzen du. Askotan esaten da ahazten ez dena inoiz ez dela hiltzen, eta hain zuzen, jaialdiko egun horiek erakusten dute Zuhaitz oraindik gure artean bizirik dagoela.  

Nola bizitzen duzue jaialdiaren asteburua?

Egun oso biziak izaten dira, emozioz betetakoak. Egia da poz handia eragiten digula Zuhaitzen omenezko festa antolatzeak. Ordea, Zuhaitzen heriotzak eragindako zauriak jarraitzen du egoten gugan, beti egongo da irekita, eta ohitu egin gara horrela bizitzera, baina egun horiek zauria haragi bizitan jartzen dute. Gurasoentzat ere oso gogorra da; polita da zure semea omentzea, ikustea Zuhaitzek zer maitasun sortu zuen, baina aldi berean, egun horiek gogorarazten dute Zuhaitz betirako joan zela, eta horrek ez du erraza izan behar gurasoentzat. 

Zer sentiarazten dizue urtero hura omentzeko saiakera egiteak?

Poz handia ematen digu urtero Zuhaitz omentzeak, ikaragarria delako bere omenez halako festa bat antolatzea. Denbora eta dedikazio handia eskaintzen diote festa antolatzeari, eta gizarteak gustuko gauzak egiteko denborari balio handia ematen dion honetan, antolatzaileengandik asko esan nahi du horrek; argi erakusten du Zuhaitz zeinen garrantzitsua den haientzat, eta beraz, guk esker hitzak besterik ez ditugu haiekiko. 

Jaialdiaren hamargarren urteurrenean, pentsatzen al zenuten halako bidea egingo zuenik?

Egia esan, ez. Uste dut inork ez zuela espero. Egia da, bizitzan guztiak bezala, jaialdi honek ere bilakaera izan duela. Hasieran festa txikia eta herrikoia zen, Zuhaitzen oso gertukoena. Baina finean, musika elektronikak bezala, jaialdiak ere indarra hartu du azken urteetan, eta zabaltzen joan da. Egia da, horrekin batera, hasierako gertutasun hori galtzen joan dela, nahiz eta antolatzaileek arlo hori mantentzeko indar egin duten. Gaur egungo festan, etxekoentzako une berezienak eta asegarrienak omenaldiko unea, bere bi lagun minek txalaparta jotzen dutena, eta Matadeikoa izaten dira. Benetan Zuhaitz protagonista zuzena dela sentiarazten duen unea da hangoa, eta indar handia eragiten digu horrek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide