Txahala eta sagardoa, Herri Jaiaren menuan

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 7a

Eguna eguraldi atseginarekin esnatu da gaur, eta horrek bultzatuta, ehunka lagun igaro da eguerditik aurrera herriko plazatik Herri Jaia ospatzera. Ilara luzeak sortu dira txahal errearen pintxoa eta sagardo basokada eskuratzeko. 

Azkoitiak Herri Jaia ospatu du gaur, igandea, herriko plazan. Baserri munduaren beharra ikustarazteko nahiz aldarrikatzeko, eta bertako produktuak sustatzeko sortu zuten festa eguna, eta urteroko bidetik, herritarrek erantzun aparta eman diote gaurko hitzorduari. Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, ehunka lagun bildu da plazan. Gaurko menua itxia zen herri guztiarentzat: jateko, txahal errearen pintxoa, eta edateko, sagardo freskoa. 

Bart hasi ziren txahala erretzen hainbat lagun, eta eguerditik aurrera hasi dira hura herritarrei eskaintzen; egundoko ilara luzea sortu da pintxoa eskuratzeko. Plazaren ertz batean egon da, bestalde, sagardoa basokada bat eskuratzeko postua, eta haren bueltan ere une oro izan da jendea. Aburuza, Ekain, Lizagasar eta Añota sagardo ekoizleen sagardoa eskaini dute.

Era berean, herriko eta inguruotako baserritarrek ekoitzitako produktuak eskuratzeko aukera ere izan dute azkoitiarrek, tartean ogia, gazta, barazkiak, sagardoa, loreak... Goiko Losa frontoian, berriz, hainbat puzgarri jarri dituzte, eta haurrek gozatu ederra hartu dute han jolasean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide