Etapa bat itxi, bide berri bati ekiteko

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 3a

Iparragirre, Agirre eta Otaegi, kiroldegiaren atarian. (Andoni Elduaien)

Domusa Teknik ISBko Luis Agirre entrenatzaileak eta Sara Iparragirre nahiz Maria Otaegi jokalariek taldea utzi dute denboraldia amaitu eta gero. Entrenatzaileak erronka berri bati ekingo dio, eta jokalariek agur esan diote saskibaloiari.

Batzuetan, asteburuetako emaitzek erakusten ez dituzten istorioak gorde ohi ditu kirolak. Denboraldi amaierarekin batera ixten dira eskualdeko kirol taldeetan zenbait ziklo, urte luzez eraikitako loturek bestelako itxura bat hartu ohi dute, eta Domusa Teknik ISB taldean ere halako une bat ari dira bizitzen. Luis Agirre (Azpeitia, 1990) entrenatzaileak eta Sara Iparragirre (Orio, 1998) zein Maria Otaegi (Azpeitia, 2003) jokalariek beren ibilbidearen norabidea aldatzea erabaki dute. Bakoitzak bere erara, bide berri bati ekingo dio orain. 

Agirrek taldearen gidaritza utziko du alde batera, etorkizunean klubeko jokalariak hezteko erronkari heltzeko. "Saskibaloia izan da nire zaletasun handiena betidanik. Ordea, azken urteetan ez zait horren erraza egiten ari ISBren emakumeen talde nagusia gidatzea. Horregatik, haurren mailako talde bat entrenatzen hasiko naiz datorren sasoian; kontua bestelako ikuspuntu batetik hartzea pentsatu dut. Zerbait berria behar nuen, berriro ere neure baitan ilusioa sor dadin", esan du hark. 

Iparragirrek eta Otaegik, aldiz, saskibaloia utzi dute. Bizitza guztia ez bada, ia guztia igaro dute biek baloi gorrixkari helduta, hura lagunekin elkarbanatzen. Baina "lehentasunak aldatu" zaizkie orain, beren lanbideak lehenestea erabaki dute eta. "Sentitzen dut bizi ahal nituen esperientzia guztiak bizi ditudala. Gainera, zaletasunarena baino, lanaren ikuspuntua ematen nion saskibaloiari, eta hori ez nuen gustuko. Eman dut eman beharrekoa, eta ailegatu zait etapa hau ixteko ordua. Dena den, gustura nago egindakoarekin", esan du oriotarrak. 

Azpeitiarrak, berriz, azken saiakera bat eginda utziko ditu kantxak. "Denboraldia zalantza askorekin hasi nuen. Saskibaloia uztea zen nire asmoa, baina erabaki nuen ISBn horrenbeste urte igarota eta kirol honetaz horrenbeste gozatuta, merezi zuela proba egitea. Klubak aukera eta erraztasun guztiak eman zizkidan lana eta saskibaloia uztartzeko, eta, azkenean, erabaki nuen proba egingo nuela". Aurrerantzean, baina, hura ere bere lanbidean zentratuko da. 

ISB utzi berriak diren honetan, bi jokalariek oraingoz ez dute saskibaloirako harrik. Ordea, badakite azken urteetan izan duten taldeko giro berezi horren hutsunea nabarituko dutela. "Kirolaren faltarik ez dut sumatuko, baina bai jendearena", dio Iparragirrek. Otaegik ere bat egin du hark esandakoarekin, eta zera erantsi du: "Taldea nire bigarren kuadrilla izan da. Azken sei-zazpi urteetan beti ibili izan gara batera, eta egundoko konfiantza sortu da gure artean. Entrenatzera joatea lagunartean elkartzea bezala zela sentitzen nuen nik". Agirre entrenatzaileak ere lehen taldean egin duen ibilbidean ezagutu dituen kide guztiak eramango ditu gogoan. "Izan dugun etxekotasun giro hori izan da gure taldearen indargune nagusietako bat. Beti da polita mailaz igotzea edota liga kanporaketetara sailkatzea, baina horren gainetik dago jendearekin egin dugun harremana. Ederra da denboran zehar hartu-eman hori nola mantentzen den ikustea".  

Ateak zabaldu dizkie

Iparragirre duela urte batzuk iritsi zen ISBra, eta Agirre zein Otaegi harrobian hasitako bidetik iritsi ziren klubaren lehen talderaino. Oso esker oneko agertu dira hiru kideak ISBk eman dien aukeragatik. Otaegirentzat, esaterako, "etxe bat" edo "familia bat" da ISB. "Urtea joan eta urtea etorri, etxe giroan sentitu izan naiz hemen", dio. Oriotarrarentzat, bestalde, "bigarren aukera eman dion kluba" izan da Azkoiti-Azpeitikoa. "ISBk ez balizkit ateak ireki, badakit saskibaloia aspaldi utziko nukeela. Jokatzeko aukera eman zidan ISBk, eta gainera, maila onean jokatzekoa. Nire urte onenak igaro ditut hemen, eta oso eskertuta nago".

Oroitzapen asko, ezin hobeak, eramango dituzte denek ere ISBn egin duten pasadizotik. Ez dituzte ahazteko mailaz igotzea lortu zutenean bizitakoak, ezta iaz Intza Lizarazu eta Juana Molina taldekide ohiak agurtu zituzten eguneko omenaldi ekitaldiak ere. Jokalariek diote "oso hunkigarria" izan zela bi taldekide haien agurra. "Hiru asteburutan-edo ez genion utzi negar egiteari", esan du Iparragirrek. Dena den, oriotarrak maila galdu zuten egun hura ere gogoan izan du: "Maila galdu eta gero guztiok bat egin genuen, guztiok erakutsi genuen taldean egon nahi genuela. Minak batu gintuen".  

Agirre, berriz, jendea "kantxan gozatzen ikusteak" bete du lehen taldeko entrenatzailea izan den urte hauetan guztietan. "Ez daukat une zehatz bat gogoan, baina harmailara begiratuta jendea gustura ikustean asetzen nintzen, puntu batzuk elkarren segidan pilatuta taldekide bat nola betetzen zen ikustean... Jendearen poztasunak bete izan nau".  

Saskibaloiak emandako bizipenak eta ikasgaiak ere ez dituzte gutxi. Iparragirrek azpimarratu duenez, taldean ezagutu duen jendeak eta bizitako egoerek errotik aldatu dute hark saskibaloia bizitzeko duen modua. "Balioak izaten irakatsi dit saskibaloiak, diziplinaz jokatzen eta besteekiko enpatia izaten, lehiatzen eta errespetuz jokatzen". Otaegik, bere aldetik, helburuak lortzeko bidean ahaleginaren kulturak duen garrantzia azpimarratu du. "Une txar bat izateak ez du esan nahi ateak betirako ixten direnik. ISBko maila guztietatik igaro naiz ni, kostatu egin zitzaidan lehen taldera iristea, baina irmoa izan behar da, eta kontua serio hartu".

Bestalde, entrenatzaile gisa izandako bilakaera azaldu du Agirrek, hogei urte inguruko ibilbidean pilatutako esperientziak aldaketa bat eragin baitu harengan. "Enpatia handiagoa izaten ikasi dut. Saiatu naiz aztertzen jokalariek zergatik ez duten ulertzen entrenatzaileon ikuspuntua, baita beraien frustrazioak geure egiten ere. Iruditzen zait garrantzitsua dela jokalariek duten ikuspuntuari bere balioa ematea". 

Gehiago nahi zuten

Liga kanporaketetara sailkatzetik gertu izan zen ISB. Igaro dira aste batzuk hirukoteak liga txapelketa amaitu zuenetik, baina oraindik ez dira barruan sartutako arantza ateratzeko gai izan, Iparragirrek azaldu duenez: "Bukatzeko moduak arantza bat utzi du nigan. Egundoko pena eman zidan etxean beste partida bat jokatzeko aukerarik ez izateak; izan ere, buruan nuen kanporaketak jokatzeko sailkatuko ginela. Kirola horrelakoa da, eta batzuetan emaitzak aldekoak izaten diren bezala, besteetan kontrakoak izaten dira". Otaegik ere itxaropen handiak zituen liga amaierara begira. "Saskibaloia eta ISB behar bezala agurtzeko gogoz gelditu gara".  

Agirrek, bere aldetik, azaldu du "zenbait kasugatik gorabeherak" izan dituztela aurten. Hala ere, azken jardunaldira liga kanporaketetara sailkatzeko aukera handiarekin iritsi zen Domusa Teknik ISB. "Azken jardunaldian esku-eskura genituen kanporaketak; karanbola batek gertatu behar zuen gu kanpoan gelditzeko, eta halaxe izan zen".    

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide