Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944-2019) trikitilariaren desira izaten zen jendez inguratuta plazan erromeria eskaintzea, publikoa dantzan jartzea, horiek pozik ikustea. Baina horretara iristeko, oso bestelako irudi bat ere nagusitzen zen musikariarengan; baserriko sotoan, bakarrik, intimitatean, orduak eta orduak igarotzen zituen artistak gero plazara eramango zituen abestiak sortu nahian. Ahalegin horretan sortzen zuen erronka, hortik ateratzen zelako gero erromeria. Gainera, denbora horretan guztian egiten zituen saiakerak grabatzeko joera zuen hark, eta urte luzez ilunpean gordeta egon den ondareak argia ikusi du gaur, Elkar argitaletxeak kaleratu duen Ordu txikitako saioak disko bikoitzari esker.
Goizean aurkeztu dute trikitiaren maisuak herentzian utzitako ondarea Jose Luis Garmendia Lajaren semeak, Anjel Valdes musikan adituak eta Ibon Errazu Trikigiro taldeko kideak Elkarren egoitzan. Lajaren semearen hitzetan, aitak musikagintzan bikote izan zuen Landakandak bultzatuta hasi zen hura bere saiakera guztiak grabatzen 70eko hamarkadan, eta horren ondorio da hark urteetan gordetako errepertorio ikaragarria: guztira, 600 pieza baino gehiago topatu dituzte soinujolearen kaseteetan, eta horietatik 40 eraman dituzte gaur kaleratu duten diskora.
Hautaketarako hainbat irizpide erabili dituzte prozesuan parte hartu dutenek, eta adierazi dutenez, batzuk alboratu egin behar izan dituzte, kasete zaharretan, "herdoilak hartutakoak" ere izan baitituzte eskuetan. Ordea, oztopoak gainditu dituzte, eta diskoan ageri direnak digitalizatu nahiz estudioan txukundu dituzte, "gaurko belarrien ohituretara" egokitzeko. "Hasiera batean korapilatsua zirudien lana entzungai dugu orain", azpimarratu du Garmendiak. Hark azpimarratu du "amets bat" bete duela gaurkoan, aitarekin zuen "zorraren erdia behintzat" kitatu duela sentitzen baitu. "Aitaren soinua isilik egon da zazpi urtez, bakar-bakarrik Aritzek [Garmendia] jo ditu bi pieza".

Semeak gogoan du aita beti ibiltzen zela bere musika grabatzen, unean une sortutakoa ez ahazteko, gerorako, eta kasete guztiak armairuan gordeta egon direla urte luzez. Hark esan du musikaria bizi izan zen bitartean ere hainbatetan esan ziola aitari abesti horiek zabaldu egin behar zirela, baina hura inoiz ez zela animatu. Haren arabera, Lajaren "material mordo bat" dago oraindik gordeta, eta horiek zabaltzeko ahalegina egin behar dela azpimarratu du. Hain zuzen, aurreratu dute Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak beste 30 bat pieza argitaratuko dituela datorren urtean. Izan ere, azaldu dute kasetetan topatu dituzten pieza "eredugarri asko" daudela, ez soilik soinujoleentzat, baita instrumentu hori ikasten ari direnentzat ere. Era berean, Garmendiaren zein Valdesen hitzetan, "penagarria" litzateke beste guztiak kanpoan uztea, badaudelako beste ehun bat abesti txukundu daitezkeenak: "Mundu digitalak aukera ematen du zabaltzeko eta soinujoleen esku uzteko".
"Erromeria sotila"
Bere aldetik, Valdesek ere pozarren esan du "aspaldi" hasitako lanak azkenean argia ikusi duela. Soilik eskusoinua entzun daiteke Lajaren disko bikoitz horretan, eta funtsean, "erromeria sotila" da publikoak jasoko duena. "Dantza solterako zein arrimaturako doinuak dira, Lajari plazan jotzea gustatzen zitzaion bezala, erromerietan jendea alai eta dantzan ikustea izaten baitzen berarentzat saririk handiena". Hain zuzen, soinujolearen izaera "alaiarekin, herrizalearekin eta sentimentalarekin" bat egiten du kaleratu berri duten lanak.
Bere hitzetan, haren etorriaren distira eta berezko sena islatzen ditu lan horrek, ukaezina baita etorri handiko trikitilaria zela Laja. Baina etorri hori zerutik ez zetorkiola adierazi du Valdesek, baizik eta lan askoren emaitza zela bere talentua; hain zuzen, horren oinarrian daude dozenaka kasetetan jasotako ordu luzeak. "Bakarrik zaudenean sortzen dira borrokak eta erronkak, eta kasete hauetan argi antzematen da hori. Zenbait unetan, Laja geratu egiten da soinua jotzen, gero azkartu egiten du erritmoa. Zalantzak sortzen zaizkio, asmatzen duen arte".
Haren figura ere izan du hizpide Valdesek gaurko aurkezpenean. Batetik, adierazi du bi aroren arteko zubia eraiki zuela soinujoleak; "lehengo mentalitate zaharraren eta mundu modernoaren artekoa". Bestetik, adierazi du konplexurik gabe jotzen zuela soinua artistak, izan trikitia edo bestelako edozein musika estilo, erromerietan jendea alai eta dantzan ikus zezan. "Garai hartan, gure aitak Shakira ez zuelako ezagutu, bestela...", borobildu du semeak brometan, baina egiaz.
Bihar, Azkoitian
Trikigiro elkarteko ordezkari Ibon Errazuk ere parte hartu du gaurko aurkezpenean, eta hark eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei. "Ondarea publiko egitea askotan erraz ikusten da, baina kristoren altxorra da, eta altxorra bistaratzea eskertu egin behar da". Hain zuzen, bihar Azkoitian egingo dute Ordu txikitako saioak diskoaren aurkezpena, elkarteak antolatu duen Trikiti Egunaren barruan. 19:00etan izango da hitzordua, Portaleburun.