Musikak, antzerkiak eta performanceak itxiko dute Bebarruko Jardunen egitaraua asteburuan

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 27a

Javier Barandiaran, 'La Fiesta Fiesta' antzezlanaren sortzailea. (J.B. Pedradas)

Udaberriko Bebarruko Jardunen azken kultur saioak izango dira ostiralean eta igandean. Pons eta Ruider4 taldeen kontzertuak izango dira ostiralean, eta igandean, La fiesta fiesta antzezlanarekin zein Ixa Bella Piztia performance saioarekin agurtuko dute egitasmoa. Atzo, bestalde, Alberto Colladorekin zigor politikez hausnartzeko tartea hartu zuten Matadeixen. 

Datorren asteburuan amaituko dituzte udaberriko Bebarruko Jardunek Matadeixen, eta Matadero Ekintzaken egitaraua itxiko dute musika, antzerki zein performance saioek. Izan ere, asteburu betea izango da hango aretoan, eta lau saioz gozatzeko aukera izango da ostiralean zein igandean. 

Etzi gauean, Pons zein Ruider4 taldeen zuzenekoak izango dira, 22:00etatik aurrera. New Yorketik (AEB) iritsitako bikotea da Jack Parker abeslariak eta Mike Cataldo bateria jotzaileak osatzen duten Pons. Europan biran dabiltza bi musikariak, eta Azkoitian egingo dute parada, rocka, popa, trapa, punka zein elektronika uztartuta, energiaz betetako kontzertua eskaintzeko. 

Ponsek ez ezik, Ruider4 taldeak ere kontzertua eskainiko du egun horretan Mataidexen. Jana Jan, Genoveva Ferrocide, Garazi Gorostiaga eta Myriam Rzm dira taldeko musikariak, eta arte garaikidearen eta soinu unibertsoaren arteko bilketak aztertzen dituen elkarlaneko zein diziplinarteko proiektua da taldeko lau artistek sortu dutena; inprobisazioa zein esperimentazioa dute oinarri haien musika sorkuntzan.

Musikak antzerkiari emango dio lekukoa Bebarruko Jardunen azken egunean; igandean. Batetik, J.B. Pedradasek ekoitzitako La fiesta fiesta antzezlana taularatuko dute Javier Barandiaran eta Ainhoa Alberdik, 20:00etan. Segidan, Alberdik berak Ixa Bella Piztia dantza eta performance saioa eskainiko du, eta Matadeiko kideek hala agurtuko dute aurtengo egitasmoa. 

Zigorraren kultura mintzagai

Bestalde, atzo arratsaldean bestelako saio bat izan zen Matadeixen bertan. Alberto Corderok zigor politikei buruz idatzi duen Políticas del castigo. Una anatomía del auge reaccionario (Zigor politikak. Gorakada erreakzionarioaren anatomia) liburua aurkeztu zuen hainbat lagunen aurrean.

Populismoak zein eskuinaren gorakadak zigor politiketan duten eragina aztertu du madrildarrak, haren arabera, azken hamarkadetan zigorraren logika nagusitzen joan baita gizartearen esparru guztietan. Estatuari dagokionez, zigorrak gogortu egin direla adierazi du hark, eta baieztatu du polizia kopurua zein haien boterea handitu egin dela. Horrez gain, iritzi publikoan ere zigorraren kulturarako joera hazi egin dela uste du hark, eta horretarako sare sozialetara jotzea besterik ez dagoela dio, haren arabera,  jendearengan espetxe zigorrak eskatzeko joera dagoelako, edota haiek delitua egin duen edo horren susmagarri den edozein pertsona jipoitu, bortxatu edo hil dezatela adierazten dutelako. Gizartea egoera horretara nola iritsi den eta zigor logika hori nola ezarri den azaldu zuen atzo Sin Poli kolektiboko nahiz eta La Villana de Vallekas zentroko militanteak. 

Alberto Corderoren hitzaldia, atzo, Matadeixen. (Matadero Ekintzak)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide