Gol festa, igoerako ligaxkari ekin aurretik

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 25a

Taldekideak, goletako bat ospatzen. (Anaitasuna)

Loren Barbadorenek 6-2 hartu zuten mendean Mondragon taldea, Txerloian. Atsedenaldira 2-2 jo zuten, gorritxoek bi goleko aldea izan bazuten ere. Bigarren zatian erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Anaitasunak. Orain, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko ligaxkari ekingo dio taldeak.  

Anaitasunaren gizonen taldeak garaipenarekin itxi zuen zapatuan Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako denboraldia. Loren Barbadok zuzentzen duen taldeak 6-2 hartu zuen mendean Arrasateko Mondragon taldea. Irabazten hasi eta 2-2 emaitzarekin jo zuten atsedenaldira bi taldeek, baina bigarren zatian goitik behera nagusitu ziren gorritxoak, beste lau gol egiteko gai izan zen eta taldea.

Neurketa maldan behera jarri zitzaion Anaitasunari lehen zatiaren ekuatorera iristerako. Ander Pastrianek, 17. minutuan, eta Julen Aramendik, 25. minutuan, bi eta huts jarri zuten aurretik Barbadoren taldea, baina atsedenaldira iritsi aurretik lehia berdintzeko gai izan ziren kanpokoak. Zortzi minututan bi gol jaso zituen Josue Goenaga Anaitasunako atezainak.

Aldageletatik igaro ondoren, baina, bestelako asmo batzuk azaleratu zituen Anaitasunak. Pastrianek 48. minutuan egin zuen taldea berriro aurretik jartzeko gola, eta hortik aurrera eroso aritu ziren etxekoak. Dena den, Barbadorenek ez zuten lehiaren balantza guztiz beren aldera eraman 67. minutura arte, Marcus Osamwonyik orduan egin zuen-eta etxekoen laugarrena. Handik amaierara bitartean, hamar minutuko tartearekin egin zituzten gorritxoek bosgarren eta seigarren golak; izan ere, Jon Peñak 77. minutuan sareratu zuen bosgarrena, eta 88. minutuan seigarrena, Osamwonyik. Atsedenaldira iritsi aurreko hamar minutuak trabatu zitzaizkion Anaitasunari, baina eroso hasitakoa, eroso borobiltzeko gai izan zen taldea.

Orain igoerako ligaxka

Garaipena erdietsita, punta-puntan iritsiko da Anaitasuna Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko kanporaketa fasera. Sailkapeneko bigarren postuan amaitu dute sasoia gorritxoek, 70 punturekin, 79 gol eginda eta 33 jasota. Aste honetan bertan ekinda jokatuko dituzte mailaz igotzeko kanporaketak. Ordea, egutegia eta Bizkaiko ligatik bigarren sailkatu den aurkariaren izena jakitea besterik ez zaie falta Barbadorenei. Somorrostro eta Sodupe taldeek elkarren aurka jokatu zuten bigarren postua ebazteko partida, baina harmailetan izandako istiluen eraginez, epaileek bertan behera utzi zuten lehia, amaierarako hogei minutu eskasen faltan –Sodupek orduan egin zuen 1-2 aurretik jartzeko gola–.

Gaur bertan egingo du Euskadiko Futbol Federazioak igoerako ligaxkako partiden ordena zehazteko zozketa, eta espero dute aste honetan bertan jokatuko dutela Somorrostrok eta Sodupek bertan behera utzitako neurketa. Anaitasunarekin batera, Arabatik Gasteizko Iru-Bat Santa Lucia dago sailkatuta. Anaitasunak partida bat jokatuko du etxean, eta Txerloiatik urrun beste bat. Hiruko ligaxka horretatik talde bakar batek baino ez du lortuko mailaz igotzea.

Harrobia, sendo

Lehen taldearen moduan, harrobiko beste hainbat taldek ere hitzordu garrantzitsuak izan dituzte asteburuan. Ohorezko kadete mutilen taldeak 16-1 irabazi zion Martuteneri zapatuan San Juan futbol zelaian, eta garaipen horri esker, kadeteen Euskal Ligan jokatuko dute datorren denboraldian; Anaitasunaren historian aurrenekoz arituko da kadete mailako talde bat maila horretan.

Euskal Ligako gazte mailako taldeak, bestalde, Euskal Kopako final laurdenak jokatuko ditu. Final zortzirenetako kanporaketan 0-1 irabazi zuten gorritxoek Barakaldoren aurka, Barakaldon. Datorren zapatuan, Leioaren aurka neurtuko dituzte indarrak gorritxoek, Leioako (Bizkaia) Sarriena zelaian (11:00).

Kadete mailako jokalariak, igoera ospatzen. (Anaitasuna)

Batzar orokorra, ekainean

Bestalde, Anaitasuna futbol taldeak ekainaren 18an, ostegunez, egingo du 2025-2026 denboraldiari lotutako batzar orokorra. Ohi bezala, zuzendaritzako kideek kontu ekonomikoak eta kirol arloko kontuak azalduko dituzte klubeko bazkideen aurrean. Era berean, datorren denboraldirako ikuspegia eta aurreikuspenak zein diren ere azalduko dituzte klubeko ordezkariek. Elkarguneko Oteiza aretoan egingo dute batzarra, 18:00etan hasita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide