43 urteko gizon batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan Arguedasen (Nafarroa), eta gizona atzo joan zen Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera emaztea hil zuela, eta haren hilotza etxean zegoela esanez. Hilketa matxista gaitzesteko gaur 19:00etan Urola Erdiko Itaiak deituta elkarretaratu da hainbat herritar Azkoitiko plazan. itaiak ohartarazi du aurten dagoeneko bost emakume direla Euskal Herrian eraildakoak. "Emakumeon errealitate gordinak dira erasoak, irainak, jazarpenak, kontrolak eta kasurik larrienean erailketa matxistak", adierazi du.
Arguedasko hilketa matxista gaitzesteaz gainera, Maialen Mozonen hiltzailearen kontrako epaiketan, hiltzaileari "genero indakeriaren larrigarria" kendu diotela salatu du, baita Mazoni "Ertzaintzak babes neurriak kendu izana ere".
Itaiaren ustez "ezinbestekoa" da indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea. "Unea da matxismoa asmakizun ideologikoa dela dioenari erantzuteko. Momentua da gure inguruan gertatzen diren erasoetan aurpegia emateko eta erasotzaileari aurre egiteko, momentua da matxismoaren aurka kaleak hartzeko", adierazi du emakumeen antolakunde sozialistak.
Halaber, Itaiak jarrera eta ideia matxisten aurka borrokan segituko duela aldarrikatu du, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz eta eraso matxista ororen aurrean "irmotasunez eta eraginkortasunez" erantzunez.