Martxa onean doaz Matadeixen aurtengo Udaberriko Bebarruko Jardunek. Herenegun, igandea, Infinitu Drama konpainiak Adarbakarra antzezlana aurkeztu zuen. Garazi Navas eta Maite Aizpuru protagonistak trobalari eta soinujole baten rolean jarri ziren aurrez aurre, eta zuloz betetako ipuin bat kontatu zuten. Umorea, musika eta poesia uztartuta, "fantasia eta gordintasunezko bidaia bat" eskaini zieten Matadeixen bildutako publikoari.
Ordea, Bebarruko Jardunetatik kanpoko ekintza bat ere izan zen joan den astean Matadeixen, zehazki eskubide zibilen eta politikoen defentsari buruzko hitzaldi bat. Datorren hilean, Berangoko (Bizkaia) hamasei herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2022an hango euskal preso ohi bati ongietorria egiteagatik "terrorismo goraipatzea" egotzita, eta auzipetuetako bik, Martin Etxegaraik eta Goiuri Alberdik, auzia azaldu zuten.
Hil amaieran gehiago
Bebarruko Jardunen aurtengo egitaraua osatzeko, beste bi egun izango dira Matadeixen. Hilaren 29an, Pons zein Ruider4 taldeek kontzertu bana eskainiko dute, 22:00etatik aurrera. Hilaren 31n, berriz, bi hitzordu izango dira Matadeixen: batetik, La fiesta fiesta antzezlana taularatuko dute Javier Barandiaranek eta Ainhoa Alberdik, eta bestetik, Alberdik berak Ixa Bella Piztia dantza eta performance saioa eskainiko du.
(Argazkiak: utzitakoak)