Pentekoste jaiak ospatuko dituzte Martirieta auzoan maiatzaren 22tik 24ra. Lehen egunean mus txapelketa egingo dute auzoan, eta hurrengo bi egunetan hainbat otordu eskainiko dituzte: maiatzaren 23an, larunbatez, bertso afaria izango da Maddi Agirre, Eneritz Artetxe, Aratz Igartzabal eta Iban Urdangarin bertsolariekin; igandean, aldiz, bazkaria egingo dute. Otorduren batera joan nahi duenak erreserba egin beharko du 638 42 71 68 telefono zenbakira deituta.
Bertso afariak 45 euroko prezioa du, eta menua honako hau izango da: urdaiazpikoa, entsalada errusiarra, oilaskoa, txuleta letxugarekin, postrea, kafea, kopa eta edaria. Igandeko bazkarian, berriz, honako hau eskainiko dute, 35 eurotan: paella, entsalada mistoa, oilaskoa, txuleta, postrea, kafea, kopa eta edaria.
Mus txapelketa
Larunbatean jaiei hasiera eman aurretik, mus txapelketa azkarra jokatuko dute auzoan hilaren 22an, ostiralez. Izen-ematea egunean bertan izango da, 21:00-21:45 bitartean, eta bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du.
22:00etan emango zaio hasiera txapelketari, eta 4 erregetara eta 4 usteletara arituko dira jokalariak. Era berean, sariak egongo dira lehen lau sailkatuentzat: lehenengo postua lortzen duen bikoteak 500 euro eta txapelak irabaziko ditu; bigarrenak 250 euro jasoko ditu; hirugarren bikoteak 150 euro; eta, laugarren postuan geratzen den bikoteak 2 ardo botila eta 2 txuleta irabaziko ditu.
Asteburuko egitaraua
Asteburuan zehar ere egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute Pentekoste jaietara gerturatzen direnek; izan ere, ekintzak izango dira festetako hurrengo bi egunetan. Maiatzaren 23an, 19:00etan emango diote hasiera jaiari, non trikipoteoa izango den nagusi. Bertso afariaren ostean, Garixe eta Txino trikitilariek girotuko dute auzoa goizaldera arte.
Igandean, berriz, 10:00etan meza nagusia egingo dute, eta amaitzen denean hamaiketakoa eskainiko dute martitteko bentan. 12:00etan, umeen pilota-partidak jokatuko dituzte, eta 14:00etan bazkaltzera joango dira. Arratsaldean, bestalde, umeentzako jolasek hartuko dute auzoko plaza, 17:00etan hasita, eta amaitutakoan haientzako merendola batekin emango zaie amaiera festei.
Autobus zerbitzuak
Horrez guztiaz gain, aurten ere autobus zerbitzua prestatu dute herrigunetik auzora igotzeko eta handik jaisteko: larunbatean, 19:30ean abiatuko da autobusa San Martin kaleko geltokitik Martirietara, eta handik jaisteko autobusa, berriz, 03:00etan izango da.
Igandean, bestalde, 11:00etan 16:30ean irtengo da autobusa herrigunetik auzora, eta handik itzuli nahi duenak 14:00etan eta 19:00etan izango du aukera.