Azkoitiko Udalak argitu du aurtengo andremarietako film laburren lehiaketara lanak aurkezteko gaia zein izango den: sekretua. Parte hartuko duten taldeek gai horretan kokatu beharko dute beren ikus-entzunezko lana; sekretupeko gidoia sekretupeko kontuez landu beharko dute, alegia.
Abuztuaren 15ean, Andre Maria egunez, eman ohi dituzte lehiaketara aurkeztu diren lanak, herriko plazan. Ordea, udalak ohartarazi du lehiaketa aurrera atera dadin, gutxienez lau lan jaso beharko dituztela, eta oraingoz, bi taldek baino ez dutela eman izena. Horren aurrean, udaleko Kultura sailak herritarrak lehiaketan parte hartzera animatu ditu.
Herritarrek ekainaren 5era bitartean eman ahal izango dute izena lehiaketan, kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita. Ordea, egun horretarako lau talde baldin badaude izena emanda, epe horretatik aurrera ere izango dute gainerakoek izena emateko aukera. 8-10 minutu artekoa lanak ondu beharko dituzte parte hartzaileek, eta horiek abuztuaren 7rako aurkeztu beharko dituzte. Ohi bezala, aurten ere bi sari banatuko ditu udalak: lehiaketako sari nagusia eta Ikuslegoaren saria. Sari bakoitzagatik 300 euro eta oroigarria banatuko dituzte, baina gutxieneko kalitatea bermatzen duten lan guztiei 200 euro emango dizkiete, dieta moduan.
Taldeei laguntza
Film laburra ontzeko baliabide teknikorik ez izateak edo baliabide tekniko horiek behar bezala erabiltzen ez jakiteak eragin dezake taldeek lehiaketan izenik ez ematea, eta hori ekiditeko asmoz, udalak eta epaimahaikideek laguntza teknikoa eskainiko diete aurten ere izena emandako taldeei.
Batetik, edizio softwareei edota beharrezko baliabideei lotutako zalantzak argituko dituzte, eta bestetik, baliabide teknikoak lortzen lagunduko dute. Era berean, udalak azaldu du "pare bat eguneko ikastaro txiki bat antolatzeko aukera" ere izango dela, betiere horretarako gutxieneko interesdun kopuru bat osatzen bada. Ikastaro horretan, egun baten grabazioa egiten ikasiko lukete partaideek, eta beste batean, edizio prozesua landuko lukete.