Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) Agerre eleberria kaleratu du, Erein argitaletxearekin. Inazio Mujika Iraola editorearekin batera aurkeztu du idazleak bere azken lana gaur Donostian, irakurlea pentsatzera eramaten duena: "Irakurri ondoren hasten da liburua", adierazi du editoreak.
Ia edozein herritan aurki daiteke Agerre edo antzeko izenen bat duen baserririk, eta ohiko izen hori hautatu du Zabalak bere azken eleberriaren goibururako. Izan ere, baserritik datorkion gaitzizena duen gizonezko bat da eleberriko protagonista, eta haren alaba, berriz, istorioaren kontalaria. Hark lehen pertsonan kontatuta, familia baten barrura eramaten du Zabalak irakurlea, oinarrizko zelulara: distantziara bizi diren aita-alaba baten arteko harremanera. Ondoren, familiatik gizartearen alorrera igarotzen da istorioa: adiskidetasunera. Hain zuzen, lehen pertsonan narratutako kontakizunak familia, kulpa eta oroimenaren arteko korapiloak arakatzen ditu. Istripu txiki batetik abiatuta, elkarren artean gurutzatzen dira aitaren eta alabaren arteko distantziak, iragan politikoa eta gizartearen zauri kolektiboak.
Zabalaren arabera, erruduntasunaren gaia da liburuaren abiapuntua, adiskidetasuna, familia zein memoria ere oso presente izangatik. Ideia hori xehatu du idazleak gaurko aurkezpenean: "Aita abertzalea da, inguru abertzalea eta euskalduna izan du, oso arraroa da bere inguruan inor espainiarra sentitzea; inertzia horretan hazi da. Nobela hasten da istripu batekin, oinezko emakume bat harrapatzen baitu protagonistak. Emakumeak, ordea, ez du barkatzen, baina protagonistaren kezka ez da soilik emakumeak barkatzen ez diolako, baizik eta protagonistak emakume hori ezagutzen duelako; txikitako lagun minaren ama da. Lagun hori ETAkoa izan zen, eta tiroketa batean hil zen. Oroitzapen asko dakarzkio kontu horrek, txikitatik ezagutzen duen emakumearengan barkamenerako joerarik ez ikusteak". Idazlearen arabera, hor sortzen da gizon horri "bi aldetatik" datorkion erruntasuna eta beldurra, oraindik gainditu ez duena. "Batez ere gaztetan errudun sentitzen zen ez zuelako beste batzuek adina egiten bere herriaren eta hizkuntzaren alde, ez zelako solidario dena ematen zutenen alde. Baina erruduntasun handiagoa sentitzen zuen ez zituelako behar bezala salatzen ustez herriaren alde egiten zuten horien gehiegikeriak eta krimenak". Hortik aurrera, lagun minaren amaren barkamena bilatzen du heziketa kristautik datorren protagonistak, eta horren inguruan agertzen dira beste kontu asko.
Bi aldeen "erdibidean" kokatzen den pertsonaiaren ekidistantziaz hitz egin du idazleak, aipatuz, ez protagonistak, ez nobelak ez dutela posizio hori hartzen. "Inguru afektibo batean hazi da, gertutasun bat sentitzen du pertsona, hizkuntza eta aberri asmo batekiko. Saiatzen da denena ulertzen eta ulertzen du, baina azkenean, ez du inorekin bat egiten". Horregatik, autoreak azaldu du, saiatu dela alde guztiak ulertzen dituen pertsonaia bat egiten, eta beraz, liburua ez dela "manikeo" bat. Era berean, aitortu du lanak har dezakeela "panfleto" itxura, baina modu horretara esaten direnak "kontu ahaztuak" direla azaldu du hark, eta "komunikabide handietan" erakusten ez den errealitatea erakusteko egin duela. "Asko hitz egiten da ETAz, baina ETA hasieran ez zen izan gerora izan zena, gizartearen izugarrizko babesa izan baitzuen. Horren adibide esan dezakegu dela Eduardo Txillidak gestoren logoa egin izana".
Bestalde, protagonistaren alaba ere abertzalea eta euskalduna da, baina hark ez du bizitzen euskaltasuna aitaren moduan. Horrekin lotu du autoreak batez ere gaur egungo gazteek bizi duten deslokalizaziorako joera: "Lehen, azkoitiar bat handik kanpo ikusita, kasu egiten nion, Azkoitian bertan ez bezala. Azkoitiartasuna bera zen horretara bultzatzen ninduena. Gero ikusi nuen beste herri batzuetan ez zela halakorik gertatzen, hobeto komunikatuta dauden herrietan kasu, baina leku itxian dago Azkoitia. Ikusi dut hori guztia galtzen ari dela; azkoitiarrak ez direla hain azkoitiarrak. Belaunaldi berriak deslokalizatuagoak daude". Begia gaurkotasunean jarrita, eskuin eta ultraeskuinaren gorakada ere presente daude Zabalaren azken liburuan.
Gazteei so
Argitaletxearen esanetan, kontakizun "zintzo eta hunkigarria", "luzaroan buruan geratzen den horietakoa", da Zabalak sortu berri duena. Ildo horretan, editoreak azpimarratu du barrura begiratzen dakiena, zalantzak plazaratzen dituena, besteen arrazoiak ulertzen eta horren aurrean bereak eraikitzen dakiena dela Zabala, eta horren lekuko dela Agerre. Haren esanetan, tonu intimo eta hurbila du eleberriak, hausnarketarako gonbita egiten duena, eta han jorratzen diren gaiak "errazak ez" izanagatik, irakurterraza bezain erakargarria dela azaldu du, "ia eserialdi batean" irakurtzen dena.
Izan ere, eleberria motza ere bada, eta haren luzerarengatik eta jorratzen diren gaiengatik, gazteentzako ere aproposa dela adierazi dute biek ala biek: "Indarkeriaren atala gure gizartean latente dago, eta inportantea gazteei nola gertatu den esplikatzea. Horretarako ere balio du liburuak", esan du editoreak. Izan ere, haren hitzetan, Zabalak "erakutsi" egiten du, galderak botatzen ditu: "Horietako bat da nola bizi izan garen indarkeriaren atalarekin, eta hori nola daramagun motxilan".