Azkoitiko Oteiza elkarteko Iker Epelde (Azkoitia, 1987) palistak Gipuzkoako buruz burukoa irabazi zuen apirileko azken igandean, Gurea pilotalekuan. Goi mailan dabil hura, maila apartean, eta horren erakusgarri, bigarrenez jantzi zuen buruz buruko txapela.
Zure ibilbideko Gipuzkoako bigarren txapela irabazi duzu buruz buru. Nola sentitzen zara?
Txapelketarik kutunena da niretzat Gipuzkoako banakakoa. Zazpi koadro barrukoari eta binakakoari ere garrantzia eman nahi izaten diet, zailak dira-eta irabazteko, baina asko esan nahi du frontoi guztian eta banaka, bakarrik nahiz inolako baldintzarik gabe, txapelketa irabazteak. Buruz buruko txapelketa hau duela bost-sei urte jarri zuten abian, eta irabazi egin nuen. Harrezkero, beste bi final jokatu nituen, baina biak galdu. Iazko finala irabazteko faboritoa nintzen, esaterako, baina aste guztia tentsio egoeran igaro nuen, faboritismo horrek eraginda edo, eta ez zitzaidan final ona atera.
Gogorra izan zen niretzat. Gogoan dut, garaikur hura etxeko sarreran utzi nuela, penaz edo. Hurrengo egunean, ordea, gora etorri eta zera esan nion neure buruari: datorren urtean txapela irabazten dudanean, orduan kenduko dut garaikurra sarreratik. Azken txapela irabazi eta etxera joatean egin nuen lehen gauza izan zen iazko garaikurra kentzea. Nire buruari egindako aitortza izan zen keinu hori.
Dena irabazi du. Txapelketa biribila atera zaizu, ezta?
Bai, txapelketa bete-betea egin dut aurten. Oso maila onean egon naiz jokoz. Orain arte ia perfektua ari da izaten aurtengo denboraldia.
Zein izan da momenturik bereziena edo gogorrena?
Fisikoki asko prestatu eta zaindu arren, aurreko urteetan gehien kostatu zaidana izan da partida garrantzitsuetan neure buruari etekina ateratzea. Orain arte, lehia garrantzitsu baten atarian, aste guztia oso motibatuta igarotzen nuen, partida jokatzeko gogoa izaten nuen, baina partida ailegatzen zen egunean lotuta edo uzkurtuta sentitzen nintzen, eta horregatik, ez nuen nire jokorik onena erakusten. Orain, ari naiz ikusten alderantziz ari zaidala gertatzen; astea oso gaizki pasatzen dut, urduri, baina partida egunean gora etortzen naiz. Egoera horiek lantzen saiatzen naiz, eta sumatzen dut askoz ere errendimendu hobea ari naizela ematen. Final batzuk jokatzeko aukera izan dut aurtengo sasoian, eta bat kenduta, beste guztiak irabazteko zortea izan dut.
Azkoitian berri samarra da kirol hau... Noiz eta zergatik batu zinen kirol honetara?
19 urtera arte eskuz aritu nintzen. Ordea, ikasketek-eta eraginda, aldaketa bat behar nuela sentitu nuen. Aurrena, futbolean hasi nintzen, eta gero, triatloia probatzeko erronka jarri nion neure buruari. Nolanahi ere, erreta amaitu nuen triatloian, igerian ez nintzen-eta oso ondo moldatzen. Handik gutxira, gomazko paletan federatuta lehiatzen zuen Azpeitiko lagun batek deitu zidan, entrenamendua osatzeko pertsona bat behar zutela esateko, eta han joan nintzen. Entrenatu eta etxera itzuli nintzenean, erabaki nuen kirol horretan hasi nahi nuela. Jabetu nintzen frontoian sentitzen naizela erosoen, frontoia dela nire habitata, frontoian gozatzen dudala gehien. Hori hala, duela 11 urte Marcos Azpiroz Arume-ri komentatu nion gomazko paletan federatu eta lehiatzen hasiko al ginen, eta hala ekin genion mundu honi.

Zein izan da zure bidea?
Hirugarren mailan hasi nintzen lehiatzen. Bi urte kostatu zitzaidan bigarren mailara iristea, eta beste bi, lehen mailara igotzea. Hasieran, lagunarteko giroan ekin nion gomazko paletari, baina pixkanaka-pixkanaka kirol honekiko lotura sentitzen hasi nintzen, eta prestaketa fisikoa, elikadura eta bestelakoak zaintzeari ekin nion. Oso-oso lehiakorra naiz, eta kontua serio hartu nahi izan nuen. Dirua kenduta, ia-ia profesionalen pare gabiltza [kar, kar, kar].
Eta zerk bereizten zaitu zu beste palistengandik?
Palista bezala, jotzailea naiz, eta galtzea ez zait batere gustatzen; zeharo lehiakorra naiz. Pilotan aritu izanak laguntzen du kirol honetan, eta ezker jokalaria izateak ere abantaila batzuk eskaintzen dizkit kantxan. Buruz burukotik salbu, bestelako jokamolde eta txapelketetan partze hartzen saiatzen naiz, nahiz eta ditudan posturengatik askok nigatik zentimo bat ere ez duten ematen. Ordea, lehiakorra naizenez, parte hartzen dut.
Ezker jokalaria izateak eragina du, beraz.
Ezkerrak kolpea ezkutatu egiten du beti; pilota jotzen den unera arte, postura dela medio, ezin da jakin palistak zabalera, txokora edo atzera joko duen pilota. Bestalde, gomazko pilotak badu berezitasun bat, narruzko pilotarekin alderatuta: ezker horman ez du irrist egiten, hormak eutsi egiten dio pilotari. Hori horrela, ezker jokalarioi kanpora joaten zaigu askotan pilota ezker horma jo eta gero; hori eskuin jokalariei ez zaie gertatzen. Gainera, eskuin eskua txangoa izan ohi dugu ezkerrok, defendatzen saiatzen garen arren.
Kirolariok esan ohi duzue beti dagoela hobetzeko. Zein arlotan hobetu nahi duzu zuk?
Duela gutxi arte, ikusten nuen arlo psikologikoa nuela hobetzeko. Orain, ez dakit familia izan dudalako edo heldutasun puntura iritsi naizelako den, asko hobetu dut zentzu horretan; askoz hobeto egiten diet aurre partidei. Arlo psikologikoa lantzen jarraitzea eta egun dudan mailari eustea dira nire helburuak. Osasunak laguntzen didan bitartean goi mailan egoteko aukera badut, konformatzen naiz.
Eta gomazko paleta zer egoeratan aurkitzen da egun?
Kirol irisgarria eta eskuragarria da. Ez da frontoi edota pala berezirik behar parte hartzeko. Kirol oso teknikoa da, aurkariari zuloa irekitzean datza eta. Oso eroso sentitzen naiz, eta ez dut anbizio berezirik beste modalitate batean hasteko. Gomazko paletak duen bide motz honetan goiko muturrean nabil, eta gustura nago.
Zein da ia guztia irabazita duen palista baten anbizioa?
2021-2022 denboraldian ere ia dena irabazi nuen, eta hurrengo denboraldian gose falta nabaritu nuen. Ez hori bakarrik, emaitzetan ere igarri nuen. Ordea, gero irabazi gabe egon nintzen denbora batez, eta berriro sortu zitzaidan gosea. Egon naiz pentsatzen kostatuko zaidala datorren urtean ere aurtengo gose honi eustea, baina txapelak irabazteaz gain, asko ari naiz gozatzen; kirola egiten ari naiz, eta bide batez, zaindu egiten naiz. Horrek guztiak laguntzen dit motibatuta segitzen.
Herriartekoa ate joka duzue…
Txapelketa berezia da Herriartekoa, ez da-eta banakako edo binakako txapelketa soil bat; talde eta herri baten izenean jokatzen da Herriartekoa, eta giro polita sortzen da gure artean. Azken hiru urteetan ez dugu nahi bezalako emaitzarik lortu, eta, horregatik, irabaztea da gure nahia. Ordea, talde txikia da gurea, eta zaila izango da irabaztea.
Deialdi bat ere zabaldu nahi nuke. Herrian neska-mutil ugari ibiltzen da palan. Era berean, jendeari kostatu egiten zaio federatzea edo gomazko pilotarekin lehiatzea. Inor baldin badago probatu, ikusi edo lehiatzen hasi nahi duena, gure ateak irekita ditu.