Itzalak eta argiak Anaitasunarentzat, asteburu berean

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 4a

Abagune onak izan zituen Anaitasunak, gutxienez, puntua batzeko. (Anaitasuna)

Porrotarekin agurtu du emakumeen taldeak liga txapelketa. Orain, kopa txapelketan murgilduko da Orueren taldea. Gizonek, berriz, 2-2 berdindu zuten Bergaran, eta asko urrundu zaie lehen postua. Bigarren sailkatzea da orain Barbadoren taldearen helburua, postu horrek ahalbidetzen du-eta igoera kanporaketak jokatzea. 

Anaitasunak porrotarekin agurtu zuen denboraldia ostiralean, Txerloian. Iñigo Oruesagati Orue entrenatzaileak zuzendutako taldeak 0-1 galdu zuen Zumaiako sailkapeneko aurkari zuzenaren aurkako dema bere zaleen aurrean. Partida gogorra eta estua jokatu zuten bi taldeek, liga sailkapeneko bosgarren postuan amaitzea baitzuten xede biek ala biek. 

Gorritxoak ondo sartu ziren partidara, baina ordu laurdena bete aurretik lortu zuten gola egitea Zumaiakoek; 13. minutuan, egin zuten kanpokoek huts eta batekoa. Handik aurrera, Oruerenak saiatu ziren baloia beren oinetan mantenduta aurkaria otzantzen, baina haiek presio lan ona eginda hautsi zituzten gorritxoen asmoak. Nolanahi ere, lehen zati txukuna egin zuen Anaitasunak. Aukera ederrak izan zituzten etxekoek markagailuan aurrea hartzeko; lauzpabost abagune on izan zituzten gorritxoek partida berdintzeko, baina Zumaiakoen atezainak eta ate aurrean egindako hutsek galarazi zuten Anaitasunaren aurreneko gola. 

Bigarren zatian, Anaitasunak behera egin zuen fisikoki, eta orduan, gehiago izan zen Zumaiako. Aldaketak eginda mugitu zuen aulkia Oruek, aulkiko jokalarien haize freskoak taldeari ekarpen handia egingo ziolakoan, baina ez zen horrela izan. Taldea ez zen gai izan gol aukera garbiak sortzeko; gogotik saiatu ziren gorritxoak lehia berdintzeko gola egiten, baina nahi baino gehiago kostatu zitzaien. Azkenean, 0-1 amaitu zen partida. 

Anaitasunak sailkapeneko zazpigarren postuan amaitu du Emakumeen Euskal Liga. Sasoiaren hasieran asko kostatu zitzaion taldeari ligari berari eta aurkariei neurria hartzea, baina behetik gora eginda, lasaitasun postuetan amaitu du urtea. Orain, kopa txapelketan murgilduko da Orueren taldea.

Igoera zuzena, zailago

Anaitasunaren gizonen taldeak, bestalde, 2-2 berdindu zuen herenegun, zapatua, Bergarako (Gipuzkoa) Agorrosin zelaian. Barbadoren taldea bi aldiz izan zen atzetik markagailuan, baina, lehiaren azken unean, puntu bat batzea lortu zuen. Lokartuta zelairatu zen Anaitasuna berdegunera, eta bigarren minutuan jaso zuen gola. Bergarakoek luze jokatu zuten baloia gorritxoen defentsa lerrora, eta etxekoen aurrelariak defentsari baloia jasotzeko borroka irabazita, Alain Sudupe atezaina gainditu zuen jaurtiketarekin. Partida maldan gora jarri zitzaion Anaitasunari lehia hasi baino egin ez zenean. 

Gola erdietsita, jokoaren ekimena gorritxok izan zuten ondorengo minutuetan. Bergarako taldea bere area ertzean kokatu zen, defentsan zirrikituak itxi eta kontraerasora irteteko asmo garbiarekin. Erritmo eta joko ona ezarri zituen Barbadoren taldeak, baina garaipena lortzeko bidean azkarrago sar zedin, gola arinago egitea falta izan zitzaion taldeari. Nolanahi ere, atsedenaldira iritsi aurretik berdindu zuten neurketa gorritxoek; Galder Guembek emandako pasea ezin hobeto baliatu zuen Ander Pastrian aurrelariak banakoa egiteko. 

Gol hark itxaropena piztu zuen Anaitasunan, baina bigarren zatira ordenatuago zelairatu zen Bergara, eta Barbadorenei gehiago kostatu zitzaien nahi zuten jokoa gauzatzea. Itxuraz gehiago zen Anaitasuna berdegunean, eta sentsazioak ere Bergararenak baino hobeak ziren. Nolanahi ere, espero ez zen unean ematen zuen etxeko taldeak ziztada, eta Anaitasunak atzeko lerroan egindako akats bat garesti ordaintzear izan zen Barbadoren taldea: etxekoek langara bidali zuten baloia. Barkatu egin zuten Bergarakoek.

Aurrerantzean, gorritxoak erasoan murgildu ziren, baina ez ziren gai izan area zapaldu ahal izateko zuloa aurkitzeko. Hori hala, lehia zabalik iritsi zen azken minutuetara, eta 85. minutuan, etxekoek lortu zuten saria. Anaitasunak atea gaizki defendatu zuen jokaldi batean, gol ikusgarria lortu zuten etxekoek. Zigor handiegia jaso zuen Barbadoren taldeak, eta azken minutuetan gogotik borrokatu behar izan zuen, gutxienez puntu bat batu ahal izateko. Azkenean, 96. minutuan lortu zuen Anaitasunak berdinketaren gola egitea. Hegaleko falta erdiraketa itxi batean, Beñat Garmendia erdilariak egin zuen gola; haren asmoa baloia erdiratzea bazen ere, hura ez zuen inork ukitu, eta sarearen aurka jo zuen zuzenean. 

Puntua ontzat eman behar izan zuen Anaitasunak. Liga txapelketa amaitzeko hiru partidaren faltan, zazpi puntura dute gorritxoek gaur-gaurkoz Real Union liderra; ezinezkoa ez, baina lan nekeza du Anaitasunak Real Union harrapatu nahi badu. Orain, Barbadorenen helburua da bigarren postua ahalik eta azkarren ziurtatzea. Asmo hori lortzeko, hiru partida jokatu beharko dituzte gorritxoek: Deusto (etxean), Euskalduna Andoaindarra (kanpoan) eta Mondragon (etxean). Deustoren aurkako partida datorren zapatuan jokatuko du Anaitasunak Txerloian (17:00). Bederatzi puntu jokatzeko daudela, bost puntura dute Oiartzun hirugarren sailkatua.

Igoera kanporaketak?

Anaitasunak bigarren egingo balu, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko hiruko kanporaketa jokatu beharko du Arabako eta Bizkaiko bigarren sailkatuen aurka. Araban, Iru-Bat Santa Lucia eta Frigimar Marianistas taldeak ari dira bigarren postuagatik borrokan, eta Bizkaian, Somorrostro eta Sodupe taldeak. Hori gutxi ez, eta bigarren eginda Espainiako Errege Kopako aurre kanporaketa jokatzeko ere sailkatuko litzateke Anaitasuna. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide