Maiatzaren lehenarekin iritsi dira Floreaga auzora festak beste behin, eta ohikoa den moduan, ehunka ume zein heldu bildu ditu jaietan egiten duten Gurutzetxoko krosak. Goizean goizeko zaparraden ostean, ateri eutsi dio eguraldiak eguerdira bitartean, eta horrenbestez, harrera beroa izan du beste urte batez lasterketak. Guztira, 300 korrikalari baino gehiagok parte hartu dute adinka osatu duten probetan.
11:00etan hasi da krosa, haur txikienen parte hartzearekin, eta horren ostean, errenkadan joan dira adinka banatutako gainontzeko probak ere. 13:00etara arte lasterketak izan dira protagonista, eta emakume helduen probarekin amaitu dute saioa. Lehiaren gainetik, jai giroa izan da nagusi auzoan.
Bazkalondoren jarraituko du festak Floreagan. Izan ere, 15:00etan puzgarriak eta apar festa egingo dituzte, eta 18:00etan, buruhandien irteerarekin borobilduko dute jai eguna.