Erretratua

Jon Orbegozo: "Jendeari apur bat kostatzen ari zaio frontoia egunero irekita dagoela buruan sartzea"

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 26a

Jon Orbegozoren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Azkoitiko Gurea pilotalekua aski ezaguna du Jon Orbegozok. Pilota partida ugari jokatua da han, baina beste zeregin batekin itzuli da orain herriko frontoira, bera baita pilotalekuaren arduradun berria. Orbegozoren helburua sinplea da: Gurea pilotalekua berriz ere herritarren topaleku bilakatzea. Horretan dihardu buru-belarri. Apirileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako 'Erretratua' erreportajea da honako hau.

Ez da berria Jon Orbegozok (Azkoitia, 1985) pilotarako duen afizioa. Lauzpabost urterekin hasi zen pilota eskolan, eta umetan hasitako bide horri 20 urtean heldu zion, harik eta 24 urterekin galtza zuriak eranztea erabaki zuen arte. Orain, berriro frontoira itzuli da, baina beste modu batera. Izan ere, Azkoitiko Gurea pilotalekuaren ardura bere gain hartu du, frontoia herritarren topaleku bihurtzeko helburuarekin.

"Askotan aritu naiz esku pilotan Gurea frontoian, partidak jokatzen nahiz entrenatzen", oroitu du Orbegozok. Umea zela hasi zen pilotan, eta herriko txapelketetan jokatzen hasi bazen ere, pixkanaka afizionatu mailara iritsi zen. Tolosan (Gipuzkoa) entrenatzen ere ibili zen garai batean, eta orduko oroitzapen onak ditu. "Niri ez zitzaidan futbola gustatzen, baloia ez nuen ezertarako behar; nire kirola esku pilota zen".

Baina lanean hasi zenean, gauzak zaildu egin zitzaizkion, lana eta entrenamendua, biak uztartzeko denborarik apenas zuelako. "Ezinezkoa zen horrela jarraitzea", azaldu du. Profesionaletara jauzi egiteko aukerarik ez zuela ikusita, pilota alde batera uztea erabaki zuen, eta lanean zentratu zen.

Bizitzak, baina, ustekabeko kolpea eman zion handik urte batzuetara. Lan istripu baten ondorioz, hankan lesio bat egin zuen. Ebakuntzak eta errehabilitazio prozesua etorri ziren ondoren, eta hanka guztiz sendatu ez bazitzaion ere, lanera itzuli zen. Handik lau urtera, ordea, bigarren lan istripua izan zuen, askoz larriagoa: bizkarrezurra hautsi zuen. "Betirako gurpildun aulkia behar izatea aukeretako bat zen niretzat", gogoratzen du. Baina ez zen halakorik gertatu; ebakuntza ondo atera zen, eta gaur egun bizimodu "normala" egin dezake, nahiz eta esfortzu fisiko handiak saihestu behar dituen. "Hiru orno txapa finko batekin lotuta dauzkat", azaldu du Orbegozok lepoan duen orbaina erakutsi bitartean, "baina pilotalekuaz arduratzeko inongo arazorik ez daukat". Baliaezintasuna eman zioten orduan, eta bizkarrezurra hautsi zuenetik ez du gehiago tailerreko lanik egin.

Lesio garaian hasi zen Gurea pilotalekuaren kudeaketa bere buruari serio planteatzen. Ideia aspaldidanik buruan bazuen ere, mediku bajan zegoela hasi zen informazioa biltzen. Udalak pilotalekuaren kudeaketa lehiaketara atera zuenean, orduan aurkeztu zuen bere burua. Aurreko deialdietan hainbat hautagai egon baziren ere, oraingoan Orbegozo izan zen aurkeztutako bakarra. "Harritu egin ninduen ni bakarrik izateak, baina, modu horretan errazago lortu dut frontoia hartzea", dio irribarrez.

Biziberritzen

Frontoiaren egoera ez zen txarra, baina instalazioaren zati bat oso gutxi erabiltzen zen. Pilota elkarteko kideek kantxa erabiltzen zuten, baina gainerako espazioak –bereziki taberna– momentu bakan batzuetan bakarrik irekitzen zituzten. Orbegozok frontoia biziberritzeko asmoarekin heldu dio ardura berriari. Horretarako, lehenik eta behin tabernari itxura berria eman dio: barraren antolaketa berrituta eta dekorazio txukunagoa jarrita, giro atseginagoa sortzen saiatu da. Taberna berriro martxan jartzearekin batera, sukaldea ere ireki du.

Sukaldean eskaintzen dutenaren oinarrian etxeko produktuak daude. Orbegozoren familian abeltzaintza tradizioa dute, eta etxean bertan txahalak eta bestelako animaliak hazten dituzte. Horregatik, hasieratik argi izan zuen zer eskaini nahi zuen: etxeko haragiarekin egindako hanburgesak. "Kanpora joaten garenean gustatzen zaigu jakitea zer jaten ari garen", dio. Filosofia hori bera eraman du Gureako sukaldera. Hanburgesek ez dute kontserbatzailerik: haragia eta gatza, besterik ez. Bezeroen erantzuna oso ona izan dela dio, eta pixkanaka jendea gero eta gehiago ari dela hurbiltzen.

Hasierako erronka handienetako bat jendeari frontoia berriro zabalik dagoela gogoraraztea izan da. "Jendeari apur bat kostatzen ari zaio frontoia egunero irekita dagoela buruan sartzea", aitortu du. Hala ere, pixkanaka giroa sortzen ari dela dio, batez ere eguraldi txarra egiten duenean familiek frontoira jotzen dutelako. Gainera, umeentzako espazio ere bihurtu nahi izan du pilotalekua. Kantxa alokatuta ez dagoenean, askotan umeei libre uzten die pilotan edo raketekin aritzeko.

Hala ere, pilotalekua zaintzea ezinbestekoa dela azpimarratu du, eta Gureako kantxa egoera onean mantentzea bere lehentasunetako bat da. Batzuetan pilotari profesionalak ere etortzen dira bertara entrenatzera, eta horregatik errespetu handiz ibili behar duela dio. "Goizero kantxa garbitzen dut, eta arratsaldean partidak badaude berriro garbitzen dut", azaldu du. Garbitasunarekiko duen ardura handia dela eta, batzuek "obsesionatuta" dagoela ere esan diote. Berak, ordea, argi dauka zergatik egiten duen: pilotari ohi moduan badaki zer den kantxa garbi batean jokatzea.

Ardura berriarekin "pozik" dago Orbegozo, eta egunerokoan "gustura" joaten da frontoira, jende berria ezagutzen ere ari delako, bereziki pilota munduari loturikoa. Argi dio, baina, emaztearen laguntza "ezinbestekoa" zaiola: "Aurpegia nik ematen dudan arren, nire emazteak ere lan asko egin du. Egunerokotasunean ni egoten naiz frontoian, baina atzetik lan asko egiten du berak ere. Beregatik ez balitz, nik bakarrik ezingo nuke hau guztia aurrera eraman".

Etorkizunera begira, Gurea pilotalekuko proiektua pixkanaka sendotzea da Orbegozoren asmoa. "Tabernaren eta sukaldearen eskaintza handitu nahi ditugu, eta aurrerago, etxez-etxeko banaketa zerbitzua ere martxan jartzea gustatuko litzaiguke".

Bestalde, frontoia aisialdirako eta kulturarako gune ere bilakatu nahi du Orbegozok. Otsailaren amaieran lehen erromeria antolatu zuen, eta ehun lagun inguru bildu ziren pilotalekuan. "Esperientzia ona" izan zela ikusita, aurrerantzean hilean behin halakoak antolatzea pentsatzen ari da, batez ere trikitilari gazteei plaza eskaintzeko. "Ziurrenik apirilean izango da hurrengo erromeria, eta hortik aurrera, posible da hileko hirugarren larunbatetan Gurea erromeriaren plaza bilakatzea".

Motzean

  • Adina: 41 urte. 
  • Ikasketak: eskola graduatua. 
  • Lanbidea: Gurea pilotalekuko arduraduna. 
  • Pilotalekuaren arduraduna ez banintz... ez dakit, hauxe zen nire nahia. 
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... familiarekin egotea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide