Jesus Maria Soubies: "Martxoaren 3ko balen hotsa gogoan daukat"

Naia Arrizabalaga 2026ko maiatzaren 23a

Jesus Maria Soubies. (Argazkia: utzitakoa)

50 urte bete dira Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehunka lagun zauritu zituenetik Gasteizen. Greban zegoen Forjas Alavesas enpresako langilea zen orduan Jesus Maria Soubies azkoitiarra, eta Martxoaren 3ko sarraskiaren lekuko ere izan zen. Egun, Arabako Pentsionistak Lanean erakundeko bozeramailea da. Apirileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau. 

Jesus Maria Soubies Txato (Azkoitia, 1952) Arabara joan zen bizitzera 12 urterekin, aitaren lana medio. 18 urte zituela, Forjas Alavesas lantegian hasi zen lanean, eta bertako langileen batzordeko bozeramaile ere izan zen. 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertaeren lekuko izan zen, eta atxilotu ere egin zuten, desordena publikoa eragitea egotzita. Bost hamarkada igaro dira harrezkero, baina orduko oroitzapenak memorian iltzatuta dauzka oraindik, eta argi du memoria zor zaiola "sarraskiari".

18 urterekin hasi zinen Forjas Alavesas enpresan lanean, Gasteizko sarraskia izan baino sei bat urte lehenago. Sasoi hartan, nolakoa zen egoera lantegi hartan?

Garai hartan oso hierarkikoak eta autoritarioak ziren, zakarki tratatzen gintuzten. Diktaduraren eskema ezartzen zen lan harremanetan, goitik beherakoa. Grebaren ondoren gauzak aldatu egin ziren, ordea.

1976an, oraindik greba eskubiderik ez zegoen garai hartan, Forjas Alavesas enpresako langileak greban zeundeten urtarrilaren 9az geroztik. Martxoaren 3ko greba eguna izan zen entzutetsuena, baina aurretik hasi zineten borrokan.

Aurretik ere bi greba egin genituen, otsailaren 23an eta 26an, baina horiek erdizka atera ziren. Hirugarrenerako neurriak hartu genituen, eta auzoetan asanbladak egin genituen, besteak beste. Horrek asko lagundu zuen martxoaren 3an langileek gogor parte har zezaten. Asanbladetan erabakitakoa kalean gauzatzen genuen, eta emakumeek lan aparta egin zuten; dimentsio berri bat eskaini zioten grebari. Autobusez joaten ginen lanera eta piketeak bidaltzen genituen grebarako deialdiak zabaltzeko.

Poliziak hildakoen aldeko hileta. (Martxoak 3 elkartea)

Martxoaren 3 hartako zein oroitzapen dauzkazu?

Oroitzapen gogorrak ditut. Goizean goizetik Gasteiz jendez gainezka zegoen eta eskolak nahiz bankuak itxita zeuden. Enpresa handi, ertain zein txikietan asanbladak egin zituzten, eta guztiak Gasteizera etorri ziren. Arratsaldeko bostetan San Frantzisko elizan asanblada orokorra zegoen deituta, eta batzorde ordezkatzaileko kideok ordubete lehenagotik bilduta geunden ondoko auzo batean, goizean izan ziren gertaerak errepasatu eta ondoren asanblada orokorrera joateko asmoz.

Nolako egoera topatu zenuten San Frantzisko elizan?

Bostak laurden gutxi aldean iritsi ginen elizara, eta ordurako itxita zegoen. Poliziak eliza inguratuta zeukan, eta gu harriak jaurtitzen hasi ginen haiek tiro egiten zuten bitartean. Tiro egiten zuten barrura eta kanpora; balen zarataz akordatzen naiz. Horretaz gain, eliza negar gasez bete zuten, eta kanpora ateratzen zituztenak jipoitu egiten zituzten poliziek. Jendeak leihoetatik ihes egiten zuen. Milaka ginen kanpoan geundenak, korrika hasi ginen eta jendeak euren etxeetako ateak zabaltzen zituen. Etxebizitza batean 40 lagun ere egon ginen. Sarraskia izan zen, jendaurrean egindakoa.

Bost hildako eta ehunka zauritu utzi zituen gertakari hark. Nolako erantzuna eman zuen Gasteizko herriak?

Hankaz gora jarri zen guztia; banketxeak, esaterako, suntsituta zeuden. Irratiz jakin genuen hildakoak zeudela, eta harrigarria iruditu zitzaigun; amorrua nagusitu zen. Izan ere, ordura arte, greba guztian ez zen ezer gertatu, ez zen poliziarik zauritu. Inork ez zuen uste Poliziak elizara tiro egingo zuenik.

Egun hartako gauerdian atxilo hartu zintuzten.

Desordena publikoa eragitea egotzita atxilotu ninduten. Martxoaren 5ean izan ziren hildako bost langileen aldeko hiletak, eta ni egun hartako 19:00etan utzi ninduten aske, hiletak amaitu ostean. Martxoaren 8rako greba orokorra zegoen deituta Euskal Herrian, eta Basauri (Bizkaia) eta Portugalete (Bizkaia) inguruetara joan nintzen ni informazioa zabaltzera.

     
Martxoaren 3ko gertaeren irudi bat. (Martxoak 3 elkartea)

Greba egunen ostean, lanera itzuli zinenean, nolako egoera zeneukaten Forjas Alavesas lantegian?

Martxoaren 15ean itzuli ginen lanera. Ez ziguten uzten binaka ibiltzen, debekuak ugariak ziren. Polizia ipini zuten lantegiaren sarreran eta elizan sartzen ere ez ziguten uzten. Ez genuen beste erremediorik izan lanera itzultzea baino.

Bestalde, negoziazioa hasi genuen enpresaren batzorde ordezkatzailearekin eta 6.000 pezeta eman behar izan zizkiguten denoi. Gainera, langileok astean 48 ordu egitetik 44 ordu egitera igaro ginen. Hurrengo urteetan lanorduak are gehiago murriztu zituzten. Horretaz gain, lehen ez bezala, 30 opor egun lortu genituen, eta jubilazio aurreratua lortzeko aurrerapausoak ere egin ziren.

Martxoaren 3 hartatik 50 urte pasatu berri dira. Orduan gertatutakoak gaur egungo gizarteari zertan eragin diola esango zenuke?

Gertakari horiez gero urtero joan izan naiz omenaldietara, ez dut inoiz hutsik egin; 50 urteetan Gasteizko orduko naiz oraingo langileek zein herritarrek gure kontakizunaren alde borrokatu dute. Izan ere, botereak, batez ere trantsizio garaikoak, kontakizuna aldatu egin nahi zuen azken urteetara arte. Moldatu egin nahi zuten, baina guk ez dugu etsi. Ordea, memoria ez da nahikoa, lana egin behar da eta hori Martxoak 3 elkarteak egin du. Hau da, herritarren eta elkartearen artean mantendu dugu benetako kontakizuna. Kontakizuna herritarrena da, egia haiena da.

Nolako arrastoa utzi du egun hark?

Gizarte osoarentzat sekulako aurrerapausoa izan zen greba hura, ekonomikoki zein kulturalki. Euskal Herri osoan eta Espainiako Estatuan ere eragin handia izan zuen, aldaketa galanta ekarri baitzuen. Hala ere, oraindik ez dute nahi orduko dokumentuak desklasifikatzea; baina kontakizuna eraikitzeko beharrezkoak izango dira horiek, ezta? Ez zaie gustatzen egin zutena, baina herri guztia da sarraski haren jakitun.

Martxoaren 3a albora lagata, pentsiodunen mugimenduan bozeramaile lanetan zabiltza Arabako Pentsionistak Lanean erakundean.

Gaurko pentsiodunen mugimenduaren sustraiak Martxoak 3 hartan kokatzen dira, eta hango belaunaldikoak gara gu. Hau da, orduko borrokan egon ginen asko orain borrokan ari gara. Garai hartan Euskadiko erakunde ezkertiarrek eta langile askok iraultza sozialista amesten zuten, aldaketa bat nahi genuen. Uste dut gizartearentzat eredu garela.

Nolakoa da Arabako pentsiodunen egoera?

Tinko jarraitzen dugu astelehenero elkartzen. Izan ere, eskubideak defendatu egiten dira, ez dituzte dendetan saltzen. Errelebo falta daukagu, geroz eta gutxiago gara, baina jendeak burua altxa dezan, ez dugu etsiko.

Etorkizunera begira nolako mundua nahiko zenuke?

Gaur egungo egoera oso zaila da, lau pertsona zororen eskutan baitago gure mundua. Kostatuko da honi buelta ematea, eta etorkizuna oraingo egoera bada, zulora goaz.

12 urterekin joan zinen Azkoititik Arabara bizitzera. Azkoitiarekin nolako lotura al duzu ordutik?

Eper kalean jaio nintzen, eta Gasteizera etorri izanagatik, Azkoitiko hitanoa mantendu dut. Lantzean behin joaten naiz orain Azkoitira, lehengusuak bisitatzera. Zahartu egin gara, ordea, eta lehen aldean gutxi joaten naiz. Dena den, hango oroitzapen oso onak dauzkat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide