Euskalgintzaren esnatzea ereiteko hazi berriak

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 5a

Lizarralde, Irizar, Sudupe eta Alberdi, eliz atarian. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Duela hiru urte, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea bidegurutze gaizto baten aurrean aurkitu zen: arre edo so, zer egin erabaki behar izan zuen Azkoitiko euskara elkarteak. Gogoeta prozesua zabaldu zuten, Azkoitiko zokotik euskalgintzaren esnatzerako haziak ereiteko asmoa azalduz. Harrezkero, beteranoen jakituriaren eta gazteen freskotasunaren uztartzetik ari dira lanean. Hala iritsi da elkartea aurten 30 urte betetzera. Apirileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 30 urte beteko ditu aurten, baina urteurrenetik harago, bestelako kezkek, bestelako hausnarketek, dute pisua elkartean. Taldekideek apirilaren 25ean, larunbatez, egin zuten urteurren ekitaldia, ospakizunerako egun bateko etena, baina euskararen, eta oro har, euskalgintzaren bueltako gogoetek hartzen dute elkartearen egunerokotasuna. Euskal Herri osoko euskara elkarte gehienetan bezala, Maxixatzenen ere galderak, zalantzak eta etorkizunari begirako kezkak dira nagusi. Elkarteari sostengua emateko haziak erein badituzte ere, zirimolak gogor astintzen du urteotan.

Idoia Alberdi (Azkoitia, 1976), Oihana Sudupe (Azkoitia, 1983), Iosu Irizar (Azkoitia, 1994) eta Leire Lizarralde (Azkoitia, 1999) dira Maxixatzeneko zenbait kide. 2023an abiatu zuen Maxixatzen elkarteak bere gaineko gogoeta prozesua. Bizi, iraun edo akabo, horixe erabaki behar izan zuten herriko euskara elkartekoek Maxixatzenez. Euskara elkarteko ordezkariek hasiera-hasieratik utzi dute garbi hura izan dela elkarteak azken urteotan egindako lanketan mugarri nagusienetakoa; izan ere, ez zen ohiko ariketa bat izan. Egoera larri baten aurrean egindako hil ala biziko saiakera izan zen, elkarteak bere izateari eusteko egindako ahalegina. "Ez genuen asmatzen aurrera egiten, eta azkeneko bala bezala gogoeta prozesua zabaltzea erabaki genuen", azaldu du Alberdik. Prozesua herrira ireki zuen Maxixatzenek, hura ariketa kolektibo bihurtuz: "Prozesuak zerbait ematen bazuen, aurrera egiteko asmoa genuen, baina ez bazuen ematen, elkarteari ateak ixtea tokatzen zen".

Dei hark, ordea, izan zuen oihartzuna herrian, baita erantzuna ere; bai lagun gutxi batzuen aldetik, behintzat. Deialdi haren ondotik jende berria batu zen elkartearen bueltara, eta horrek bestelako mugimendu bat, bestelako jarduteko nahi bat, sortu zuen Maxixatzenen. Sudupe, Irizar eta Lizarralde dira horietako hiru; elkarteko dinamizatzailea da Sudupe, langilea, eta elkarteko kide boluntarioak dira Irizar eta Lizarralde. Azken kide hori da, gainera, Maxixatzen elkartearen egungo lehendakaria. Horiek guztiek, etxetik ez bazen, oso gertutik bizi zuten Maxixatzenen jarduna.

"Euskalgintza ez dago osasuntsu; euskara elkarte guztiak bezala, Maxixatzen ere azken urteetan asmatu ezinik dabil"

Haiek taldera batu izanak ez zuen eraldaketa sakonik eragin elkartean, baina kide berriek bestelako arnasa eman zioten lantaldeari. Lizarralderen hitzetan, "talde plurala" aurkitu zuten Maxixatzenera batzean. "Profil desberdineko jendearekin egin genuen topo taldean; ikuspegi aberatsa du elkarteak alde horretatik", iruditzen zaio hari. Nolanahi ere, adierazi du elkarteko kideen artean "neke puntua nabarmena" zela. "Gauza asko jartzen ziren mahai gainean, baina gero horiek ekintzen bidez gauzatzeko, batzuetan zailtasunak aurkitzen zituen taldeak. Zenbait gai mahaiaren erdigunera ekarri eta eztabaidatzen zituzten, baina hor gelditzen ziren".

Egoera hori, baina, ez da kasualitateak eragindakoa. Maxixatzenekoek behin eta berriz nabarmendu dute elkartea noraezean egotea euskalgintzaren beraren isla dela. Alberdik argi dio: "Euskara elkarte guztiak bezala, Maxixatzen ere azken urteetan asmatu ezinik dabil. Euskalgintza ez dago osasuntsu; etsipen edo tristura sentipena dago bazter guztietan, oro har. Lan asko egin da honaino iristeko, baina emaitzak ez dira izan 'begira, lortu dugu' lasai esateko modukoak. Ideietan eta diagnosian bat gatoz guztiok, badakigu zein den euskararen agertokia, baina aurrera nola egin asmatu ezinean gabiltza". Arrazoi horixe aski da haren ustez etsipen eta tristura puntuaren pizgarri izateko. Lizarralderen aurretik elkarteko lehendakaria izan zen Alberdik adierazi du egun "asko aldatu" direla Maxixatzen moduko euskara elkarteetan lan dinamikak, taldeetara batzeko moduak edota militantzia ereduak, eta elkarteak "asmatu" egin beharko duela agertoki berri horietara ahalik eta lasterren egokitzen.

Aurten, Maxixatzenek 30 urte beteko dituen urte honetan, elkarteak ikerketa bat abiatzeko asmoa du herrian. Nahi dute aztertzea azken urteotan euskarak Azkoitian izan duen bilakaera zein izan den, baita egun herriak bizi duen egoera zein arrazoik eragin duten identifikatzea ere. Irizarrek osatu nahi izan du azalpena: "Arrazoi asko egon daitezke tartean erdarari lehentasuna emateko, eta nahi dugu horiek zein diren jakitea. Gainera, gure asmoa da arrazoi horiek guztiak paper batean zerrendatzea eta herritar euskaldunak interpelatzea". Lanketa hori aurten gauzatzea erabaki dute; izan ere, Azkoitia arnasgune osoa izatetik, erasandako arnasgune izaera duen herria izatera igaro da azken urteetan. Alegia, euskararen erabilerak behera egin du Azkoitian. Eta, gainera, baliteke hurrengo pausoa "are kezkagarriagoa" izatea: arnasgune izaera bera gal dezake Azkoitiak egungo joerak mantenduta.

Noraezean egotea, etsipena edo nekea izatea... Argi-ilunetan beltz ikusten dute sarritan elkartearen jarduna, baina lehendik zeuden kideen eta kide berrien uztartzeak bestelako indar bat eman dio taldeari. Badira itxaropen iturriak, badira iluntasun garai honi argi egiteko printzak. Orain, esperientzia eta berritasuna uztartzen dituzte Maxixatzenen. Alberdiren esanetan, haize freskoa eta ideia berriak "edozein taldek ditu beharrezkoak", eta ikusi dute Maxixatzenen "osagarriak" direla kide beteranoek eta berriek egindako ekarpenak. Sudupek dio "funtsezkoa" izan dela elkartean lehendik zeuden kideek berriei egin dieten transmisioa. "Kolpera aldaketa sakon bat jasan izan balu Maxixatzenek, akaso ona izango zatekeen herriarentzat, baina ziurrenik, ez elkartearentzat. Niretzat garrantzitsua da taldea belaunaldiartekoa izatea. Gazteek ekarriko dute freskotasuna, baina esperientziak aberasten du proiektua". Bataren nahiz bestearen hariei tiraka, Arantxa Urretabizkaia idazlearen esan bat ekarri du Alberdik: "Urretabizkaiak dio badela dikotomia bat, pentsarazten diguna zaharra txarra dela eta gaztea ona. Ordea, guztien arteko oreka bilatu behar da hemen".

"Euskalgintza ertzeko mugimendua da, eta ertzetan jende gutxi ibiltzen da"

Bateratzea modu naturalean egin dute, ez baitzaie taldean lan egiteko dinamika aldatu. "Etorri berriek lanerako beste prestutasun bat ekarri dute, beste gogo batekin eta beste denbora batekin datoz. Gainera, lan moldeetan maneiatzeko beste era batzuk txertatu dituzte", esan du Alberdik. Hausturarik ez da izan, baina bai egokitzapen baten beharra, horren adierazgarri izan da-eta zuzendaritzan egindako aldaketa. Aurpegi berriak erakustea ezinbestekotzat jo zuten taldean, barrura bezala, kanpora ere bestelako mezu bat emateko. Honako hau adierazi dute aldaketaz: "Oso garbi genuen irudi aldaketa behar zuela elkarteak, beste aurpegi batzuk erakutsi behar genituela herriaren aurrean". Alberdiren lekukoa hartu zuen Lizarraldek uste du "aldaketak aldaketa" dakarrela beti, eta hori "beharrezkoa" dela euskararen aldeko mugimendua etengabea izan dadin. Irizarrek dio, bestalde, elkarteak orain esku gehiago dituela ekiteko, "indar gehiago" duela proiektuaren alde lan egiteko.

Asmatzea xede

Komunitatea da Maxixatzenen indargune handiena. Elkartearen talde iraunkorra, urteko plangintza eta bestelako gaiak aletzeaz arduratzen den taldea, bederatzi lagunek osatzen dute, baina bazkide kopurua "izugarria" da. Sudupek eman du bazkide kopuruaren berri: 600 bazkide inguru ditu gaur-gaurkoz herriko euskara elkarteak. Gutxi izango dira Euskal Herri luze-zabalean halako sostengua duten euskara elkarteak. Kontuan izan behar da, gainera, egun Maxixatzenek dituen bazkide ia denak, historikoki, Maxixatzen herri komunikabideko bazkideak izan direla. Hala eta guztiz ere, hedabidea Urolako Komunikazio Taldera (UKT) bideratu zutenean, jabetu ziren elkartean bazegoela komunikabideaz haratago "bestelako kontzientzia bat" zuen bazkide mota bat. "Komunikabidea elkartetik bereizita ere, egundokoa da bazkideen aldetik Maxixatzenek halako babesa izatea", eskertu dute lau lagunek.

Euskalgintza mugiaraztea dute xede, "egoera astintzea". Haien hitzetan, euskararen "olatua aktibatu" behar da, estrategia aldatu eta aurrera begira jarri. "Euskararen ardatzera askotariko jendea erakartzeak izan behar du gure helburua, eta hor elkarrekin bizitzea. Euskaran ardaztutako Azkoitia plurala eta koloretsua lortu nahi dugu", adierazi du Alberdik. Hori lortzeko, edo behintzat, bide horretan jartzeko, ezinbestekoa da Maxixatzeneko ordezkarientzat Azkoitirako "proiektu ilusionagarri" bat sortzea. Ordea, badakite lanketa hori egitea zeinen zaila den. "Euskalgintza ertzeko mugimendua da, eta ertzetan jende gutxi ibiltzen da", esan du Alberdik. Lanaren izaerak berak baldintzatzen du hori Suduperen hitzetan: "Nahi dugu emaitzak kasik unean bertan ikustea, baina nahi bada herrian eragitea, nahi bada herrian eta herritarren artean euskararekiko kontzientzia sortzea, denbora gehiago behar da. Maxixatzenek maratoian parte hartzen du, ez esprint erako lasterketa batean".

Bide beretik jo du Lizarraldek ere, eta hark azaldu du herritar bat taldera batzeko ardura Maxixatzenena ere badela. "Ezinezkoa da jendea elkartera batzea, elkarteak berak ez badu ezer egiten. Transmititu behar dugu herritarren artean mezu erakargarri bat. Euskararen proiektuak ezin du izan soilik Maxixatzenena; proiektuak herri osoarena izan behar du. Estrategiak elkarbanatutakoa izan behar du, kolektiboki hauspotuko gaituena. Horretan guztian asmatu beharra du Maxixatzenek".

Elkartean jakitun dira jende asko dagoela euskararen egoerarekin kezkatuta eta horren inguruan hausnartzen duena. Haien ustez batzuk geldirik egongo dira, baina beste batzuk posible da "eragiteko prest" azaltzea. Eta hori hala, Lizarraldek dei berezia egin nahi izan die herritarrei: "Edozein lekutan militatzen duen edota hizkuntzaren minorizazioari buruzko ikuspuntua eta kezka dituen herritarra lasai hurbil dadila elkartera. Herriak behar duen bezala, Maxixatzenek ere behar du mahai gainean dauden erronka guztiei aurre egiteko euskararekin konprometituko den jendea".

"Euskararen ardatzera askotariko jendea erakartzea da helburua"

Leire Lizarralde, Maxixatzeneko lehendakaria

Hala ere, badago itxaropenerako oinarri bat, Alberdirentzat euskararen indargune nagusietako bat atxikimendua da eta: "Komunitate trinkoa eta sare sendoa dago euskararen bueltan. Muskulu handia dago, baina hori aktibatu beharra dago". Horretarako, euskararen aldeko diskurtsoa bera ere berritu behar dela uste dute; izan ere, Lizarraldek dio duela 40 urteko diskurtsoak ez duela balio gaur egun. "Euskal hiztunak militanteak gara, baina, era berean, mezu erakargarri bat zabaldu behar dugu. Iñaki Iurrebasok egiten zuen galdera: partida 1-10 galtzen ari bagara, nor etorriko da gurekin batera borroka egitera? Horregatik, diskurtso berria eraikitzen asmatu behar dugu", azpimarratu du lehendakariak.

Unea, orain da

Euskararen erronkak handiak dira, eta testuingurua ez da samurra. Euskararen egoeraz Maxixatzen elkartekoek ez dute zalantzarik egiten: euskara atzeraldian sartua da. "Azken urteetan ikusten dugu euskararen bueltako egoera gainbeheran doala", dio Irizarrek. Elkartekoen iritziz, baina, "ilusiotik" hitz egiteko unea iritsi da, eta haien ustez horrek lotura estua du hizkuntza politikekin. Haiek diote euskararen gaia politizatu egin behar dela, dena parez pare jarri eta hortik ekin lanketari. "Erabaki politiko ausartak hartu behar dira. Guk herrigintzatik segituko dugu tiraka ahalik eta jende gehien aktibatzen, baina ez badago erabaki politiko sendorik, alferrik izango da". Alberdik azaldu du lehen ere euskararen aldeko mugimendua erakundeen susperralditik etorri zela. "Arrakastarik handiena erakundeek hartutako erabakiek eragin zuten; batzuek erabaki zuten hezkuntza, administrazioa... euskalduntzea. Hori izan zen arrakastaren gakoa, eta orain ere hortik etorri behar du, bestela ez da-eta etorriko".

Euskarak herrian bizi duen egoera zein arrazoik eragin duten ikertu nahi du aurten Maxixatzenek

Gainera, euskararen aurkako erasoak etengabeak dira, eta Irizarrentzat kolpe horiek are "nekagarriagoa, etsigarriagoa" bihurtzen dute egoera. Maxixatzenekoek diote atzerapausoak "oso handiak" direla, eta euskara zapaltzeko antolatuta dagoen egitura gaitzetsi dute. "Euskara zenbait erabaki politikoren eraginez gutxitu da, eta horien eraginez gaude gauden lekuan; Bizkarsoro oraindik bizirik dago", esan du Alberdik. Horren ordez, "mezu erakargarriago bat eraiki" behar da, jendea interpelatuko duena. "Proiektuak herri osoarena izan behar du", dio Lizarraldek. Ideia horretan laburbiltzen da Maxixatzenen apustua: euskara ez dadila izan gutxi batzuen ardura, baizik eta komunitate osoarena.

Azken finean, Maxixatzenena ez da elkarte soil baten barne kronika. Une historiko baten deskribapena da: aldaketa azkarren garaian, norabidea bilatzeko ahalegina da haiena. Ziurgabetasuna eta nekea izan badira, baina baita konpromisoa eta jarraitzeko borondatea ere. Eta testuinguru horretan kokatzen dute euskara elkartekoek erronka nagusia, hitz gutxitan baina pisu handia emanez laburbilduta: "Kontua hil ala bizikoa da; euskararen arnasguneei eustea edo haiei hiltzen uztea dago jokoan". 

Maxixatzen elkartearen batzar bateko irudia. (Maxixatzen)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide