Nolakoa da Quintana de la Serena?
Oso herri txikia da, etxeko ateak irekita egoten diren horietako bat; askotan, bizilagunen oiloa etxe barrura sartzen zaizu gosaltzen ari zaren bitartean. Nire bilobentzat mundu berri bat da, Azkoitian egiten ez ditugun gauzak egiten dituzte Extremaduran: asto eta oilo artean ibiltzen dira, herriko igerilekua etxe alboan dugu... Oso-oso gustura ibiltzen dira.
Zer dela-eta etorri zineten Azkoitira bizitzera?
Aitak hemen lan egiten zuelako; urte asko zeramatzan Azkoitian lanean. Esako urtegian (Nafarroa) izan zuen inguruotako lehen lanpostua, 50eko hamarkadan. Eta, gero, Azkoitian Forja Zubillaga enpresako obrei ekin zietenean, bertan hasi zen lanean; han lan egin zuen hil arte. Gurasoek ikusten zuten hemen Extremaduran baino lan gehiago zegoela, han oso aukera gutxi baitzegoen, eta horregatik etorri ginen.
Nolakoak izen ziren familiarentzat lehen hilabeteak edo urteak Azkoitian?
Niretzat zoriontsuak izan ziren; osaba-izebak eta lehengusuak hemen zeuden, beraz, beraiekin egon gintezkeen. Miserikordian hasi nintzen ikasten, eta azkar egin nituen lagunak. Izan ere, Extremaduratik etorritako jende asko zegoen eta bertako jendea ere oso atsegina zen; ez nintzen inoiz lekuz kanpo sentitu.
Nolakoa izan da zure bizitza Azkoitian?
Oso gaztea nintzela hasi nintzen lanean. Azkoitiko etxe batean aritzen nintzen, goizetik gauera, urteko 365 egunetan. Horretara ohitu nintzen, ez bainuen beste ezer ezagutzen. Familiako beste bat banintz bezala tratatzen ninduten etxe hartan, eta, beraz, gustura nengoen. Gero, ezkondu egin nintzen, hori ere Azkoitian, eta lan egiteari utzi nion urte batzuez. Ondoren, etxe garbitzaile gisa hasi nintzen lanean; aukerarik egokiena zen hori, haurrak ikastolan zeudela egiten bainuen lan. Eta behin seme-alabak hazi zirenean, Loiolako jesuiten etxean sukaldari gisa hasi nintzen; hamabost urtez aritu ondoren, bertan jubilatu nintzen.
Zein da euskararekin duzun harremana?
Ez dakit euskaraz hitz egiten, baina ulertzen dut. Umeak ginenean eskolan ezin zen euskaraz hitz egin; baserriko neskek horregatik oso gaizki pasatzen zutela gogoratzen dut. Horrek animatu ninduen gaztelaniaz hitz egiten zuten lagunak egitera. Orain damutu egiten naiz euskara ikasi ez izanaz; garai hartan ahalegin handiagoa egin behar nuela uste dut, baina berandu ohartu nintzen horretaz. Nagusitu naizenean euskara ikasten hasteko denbora izan dudan arren, ez dut egin, umea zarenean errazagoa baita gauzak ikastea. Agian ez da aitzakia, baina niri gertatu zitzaidana horixe da. Hala ere, nire seme-alabak euskaraz hitz egitera bultzatu ditut, eta hala egiten dute, baita nire bilobek ere. Gainera, orain lehen baino aukera handiagoa dago euskaraz egiteko, eta ikastoletan ere gurasoak gehiago bultzatzen dituzte haurren artean euskara sustatzera.
Zer da zuretzat Azkoitia?
Ni Azkoitiarekin identifikatzen naiz. Extremadurara joaten naizenean, zoriontsu sentitzen naiz: nire etxea eta lagunak han ditut, jendea zoragarria da... denetarik dut bertan. Baina nire bizitza Azkoitian dago: seme-alabak, bizitza osoko lagunak... Hasiera batean Extremaduran geratu ziren senideak geroago Azkoitira etorri ziren, beraz, guztia hemen dut.